Errefuxiatuak arbuiatu aurreko elkartasun oldea

Hamar urte dira Angela Merkel kantzilerrak harrera herri bihur zitezela eskatu zuenetik; izan ere, 2015eko udan 900.000 migratzaile pasak hartu zuten Europarako bidea. Orain, Alemaniak gogortu egin du migrazio politika, ultraeskuinaren gorakada tarteko.

Migratzaile batzuk Austriarantz doan tren batera sartu nahian, Kroazian, 2015eko irailean. ANTONIO BAT / EFE
Migratzaile batzuk Austriarantz doan tren batera sartu nahian, Kroazian, 2015eko irailean. ANTONIO BAT / EFE
maddi iztueta olano
2025eko irailaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gezurrezko argazki bat dirudi, iragarki baterako apropos koreografiatutako eszena bat: gazte batek sorbaldatik heltzen dio Angela Merkel Alemaniako kantziler ohiari (2005-2021); irribarretsu ageri dira biak, inguruko argazki kamerek ere fotografiatu zuten selfie batean. Errefuxiatu siriar bat da kantziler ohiaren alboan agertzen dena, 2015eko irailean, Berlingo (Alemania) Spandau kaleko errefuxiatuentzako aterpe baten kanpoaldean. Urte hartako udan Europarako bidea hartu zuten 900.000 pasa migratzailek, eta abuztuaren 31n Alemaniako herritarrei mintzatu zitzaien Merkel; hiru hitz erabili zituen harrera herri bilakatu zitezela eskatzeko: «Wir schaffen das» (Lortuko dugu). Hamar urteren ondoren, baina, ozen entzuten dira ultraeskuinak zabaldutako mezu arrazistak eta xenofoboak.

Alemanian errefuxiatuen udara esaten diote 2015eko garai hari. Urte eta erdian, 2015eko irailetik 2016ko abendura, ia 1,2 milioi errefuxiatuk eskatu zuten aurrenekoz asiloa han; horietatik gehienak Siriatik —gerra zibil luze bat abian zegoen—, Afganistandik eta Iraketik iritsi ziren. «Mendebaldean esaten da Alemaniak ‘ateak ireki’ zizkiela migratzaileei, baina zirrikitu bat besterik ez zen; eta azkar itxi zuten», salatu du Mira E. Hazzaa Osnabrueck Unibertsitateko IMIS Migrazioari eta Kulturartekotasunari Buruzko Ikasketetarako Institutuko adituak. Haren arabera, 2015eko udara mugarri izan zen Alemaniako politikan eta gizartean, baina ez zen izan soilik «elkartasun olde bat». 

Merkelek ez zuen egun batetik bestera hartu ehunka mila errefuxiatu babesteko erabakia; gertakari jakin batzuek bultzatu zuten horretara. Hitzaldi hura eman baino hilabete eta erdi lehenago, 2015eko uztailaren 15ean, Palestinatik iritsitako haur batek bere familiaren egoeraren berri eman zion, Rostock herriko eskola batera egindako bisita batean. Agerraldiaren berri eman zuten hedabideek bete-betean grabatu zuten kantziler ohiaren erantzuna: Alemaniak ez zuela «lekurik denentzat». Hurrengo egunetan, bolo-bolo zabaldu ziren haren adierazpenak, eta kritika ugari jaso zituen. Gero, abuztuaren 26an, beste bi gertakari esanguratsu gertatu ziren: eskuin muturreko talde batek eraso egin zion Heidenau herriko errefuxiatuentzako aterpe bati; Austriako mugan, berriz, 71 migratzaileren gorpuak aurkitu zituzten kamioi baten barruan. Itota hil ziren. 

«Mendebaldean esaten da Alemaniak 'ateak ireki' zizkiela migratzaileei, baina zirrikitu bat besterik ez zen; eta azkar itxi zuten»

MIRA E. HAZZAA IMIS institutuko aditua

Hala, 2015eko irailean ailegatu ziren migrazio olde hartako aurreneko asilo eskatzaileak Alemaniara, eta herritar mordo bat joan zen tren eta autobus geltokietara haiei ongi etorria egitera. Hazzaa ongi akordatzen da egun haiekin, eta kontatu du nola milioika boluntario, bizilagun eta ekintzaile ahalegindu ziren harrera eta babes sare sendoak ehuntzen. Denboran atzera egin du Alemaniako Nazioarteko Harremanetarako Kontseiluko Migrazio Zentroko kide Isabelle Schaeferrek ere: «Egia da Alemaniak errefuxiatu asko onartu zituela 2015ean, baina garrantzitsua da gogoratzea urte hartako abuztuaren ondoren hasi zirela migrazio neurriak gogortzen». 

Hain justu, Berlinek zenbait lege erreforma onartu zituen 2015eko udazkenean: besteak beste, jatorrizko herrialde «seguru» izendatu zituen Albania, Kosovo eta Montenegro, Austriako mugako kontrolak hasi zituen berriz, eta isun ekonomikoak ezarri zituen asiloa lortu ez eta herrialdean geratzen ziren migranteen aurka. Horiek gutxi ez, eta azaroan akordio bat erdietsi zuten EB Europako Batasunak eta Turkiak —6.000 milioi euroren truke—, Mediterraneo ekialdeko migrazio ibilbidea baliatuta ailegatzen ziren migranteen kopurua mugatzeko. 

«Denbora laburrean asilo eskaera mordo bat ailegatu ziren, baita jende mordo bat ere, eta Alemaniako administrazio sistema gainezka zegoen; langile gehiago kontratatu behar izan zituzten»

ISABELLE SCHAEFER Migrazio politikan aditua

Neurri horiek zuzenean eragin zieten Alemaniara babes bila joandako migratzaileei; halere, Schaeferrek nabarmendu du migrazio olde hark ere izan zituela hainbat ondorio herrialdean bertan: «Denbora laburrean asilo eskaera mordo bat ailegatu ziren, baita jende mordo bat ere, eta Alemaniako administrazio sistema gainezka zegoen; langile gehiago kontratatu behar izan zituzten». Erronka hori irakaspen gisa ikusten du orain; izan ere, onartu du balio izan zuela administrazioaren esparruan migratzaileen integrazioa nola erraztu argitzeko. 

BAMF Alemaniako Migratzaileentzako eta Errefuxiatuentzako Bulego Federalak emandako datuen arabera, 2015ean 441.000 pertsonak eskatu zuten asiloa, eta 2016an, 722.000 pertsonak. Turkiarekin egindako akordioaren ondorioz, asilo eskaerek nabarmen egin zuten behera hurrengo urteetan, harik eta 2020an itun hori bertan behera utzi eta berriro ere gora egin zuten arte. Aintzat hartzekoa da, gainera, 2022an Errusiak Ukrainaren aurka abiatutako erasoaldiaren ondorioz milioi bat pasatxo errefuxiatu ukrainarrek hartu dutela babes Alemanian. 

Ultraeskuinaren abiapuntua

Denbora laburrean indar handia hartzen duen gizarte mugimendu orok egin behar izaten dio aurre olatu erreakzionario bati. Halaxe gertatu zen Alemanian ere: 2015etik aurrera, AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarra babesa bilduz joan da, apurka-apurka, harik eta azken hauteskunde orokorretan bigarren indarra izatea lortu duen arte. Aurtengo otsailean egin zituzten parlamenturako bozak, eta botoen %20,6 eskuratu zituen, duela lau urteko bozetan halako bi ia. Zortzi punturen aldeari esker nagusitu zen CDU-CSU bloke kontserbadorea (%28,5), eta SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokratarekin koalizio ituna erdietsita, gobernabiderako ateak itxi zizkion ultraeskuinari.

Migrazio politikei dagokienez, ordea, Hazzaak esan du berdin diola nork agintzen duen: «Gobernuak gaitzetsi egiten du eskuin muturra, baina migrazioaren alorrean hartu dituen neurriak ultraeskuinetik inoiz baino gertuago daude». Azaldu duenez, politikan geroz eta ohikoagoa da fenomeno hori, eta badauka izen bat: ultraeskuin mainstream-a. «Zentroko alderdiek erretorika eta neurri mugatzaileak erreproduzitzen dituzte, eskuin muturraren presioa murriztu nahian; ondorioz, arrazakeria instituzionalizatu egiten da, eta muturrekoa izateari uzten dio». Friedrich Merz kantzilerrak hitzeman du, hain justu, bere agintaldian behera egingo duela asilo eskatzaileen kopuruak. Oraingoz, hala egiten ari da: BAMFeko datuen arabera, 2025eko aurreneko seihilekoan 61.300 eskaera jaso dituzte; iaz epe berean baino %50 gutxiago. 

«Zentroko alderdiek erretorika eta neurri mugatzaileak erreproduzitzen dituzte, eskuin muturraren presioa murriztu nahian; ondorioz, arrazakeria instituzionalizatu egiten da, eta muturrekoa izateari uzten dio»

MIRA E. HAZZAA IMIS institutuko aditua

Errefuxiatuak herrialdearentzat «segurtasun mehatxu bat» direla argudiatzen du, besteak beste, AfDk. Hazzak salatu du, baina, «oker» adierazten dela migratzaileen eta indarkeriazko delituen arteko lotura; hots, estatistikak «puztu» egiten direla, eta arma gisa erabili. Kontrara, «minimizatu» egiten dira migratzaileen aurkako erasoak eta bazterketa sistematikoa. Kasurako, aipatu du Alemanian errefuxiatuentzako aterpeen aurkako 3.500 eraso baino gehiago egin zirela 2016an. «Arreta migranteek egindako krimenetan jartzeak funtzio sinboliko bat du: horri esker, Alemaniak herrialde zibilizatu eta ordenatu gisa aurkeztu dezake bere burua». 

(ID_15279498) EPA ARCHIVE: EUROPEAN MIGRANT CRISIS 2015
Errefuxiatu batzuk Austriatik Alemaniara iritsi berri, tren geltoki batean, 2015eko irailean. HENDRIK SCHMIDT / EFE

Estatistikekin «kontuz» ibili behar dela ohartarazi du Schaeferrek ere, eta adibide bat jarri du: «Polizia Federalak emandako datuen arabera, atzerritarrak ziren 2024ko delituen erantzuleen %40; baina badira atzerritarrek soilik egin ditzaketen delitu batzuk: esaterako, migrazio legeekin lotuta daudenak. Horiek aintzat hartu gabe, 2024an delitu bat egitea egotzitako atzerritarren portzentajea %35 litzateke». Gehitu du, gainera, atzerritar horiek izan zitezkeela herrialdetik kanpo bizi diren turistak. 

Alemaniaren «paradoxa»

Migratzaileen aurkako jokabideak areagotu badira ere, Alemaniako Gobernuak behin baino gehiagotan esan du, azken hilabeteotan, herrialdeak atzerriko langile kualifikatuen beharra duela; are, pertsona horiei zuzendutako atal bat aurki daiteke BAMFren webgunean. Schaeferrek azaldu du horixe dela Alemaniaren «paradoxa»: «Alde batetik, ez dago argi herri batzuek jende gehiago hartzeko nahikoa azpiegitura ote dituzten; bestetik, Alemaniak urgentziaz behar ditu atzerriko langileak bere lan merkatuak osasuntsu jarrai dezan».

Bertelsmann fundazioak iazko azaroan egindako ikerketa baten arabera, gaur egungo lan merkatuari eusteko Alemaniak urtean 288.000 langile atzerritar hartu beharko lituzke 2040. urtera bitartean. «Atzerriko langile kualifikatuentzat eta asilo eskatzaileentzat, hemengo burokrazia da aurrera egiteko oztopo handienetako bat, oso motela baita», gaineratu du Schaeferrek. Haren arabera, gaur egun agintean dagoen gobernu koalizioak «urrats irmoago batzuk» egin ditu migrazioa mugatzeko, baina oraindik «neurri berriak» sortu behar ditu atzerriko langileak erakartzeko.

«Alde batetik, ez dago argi herri batzuek jende gehiago hartzeko nahikoa azpiegitura ote dituzten; bestetik, Alemaniak urgentziaz behar ditu atzerriko langileak bere lan merkatuak osasuntsu jarrai dezan»

ISABELLE SCHAEFER Migrazio politikan aditua

Hazzaak nabarmendu du horixe dela arazoa; hots, gizarteak modu jakin bateko etorkinak soilik onartzen dituela: «Besoak zabalik hartzen ditugu errefuxiatuak baldin eta tokian tokiko kultura azkar asimilatzen badute, lanean hasten badira, eta behin eta berriz eskerrak ematen badituzte; bestela, mehatxu edo oztopo gisa ikusten ditugu». Ikuskera horren arabera, asilo eskatzaileak, migranteak, etorkinak, atzerritarrak edo errefuxiatuak helmugako herrialdeari mesede egin diezaioketen langile potentzialak baino ez dira. 

Eta, hain justu, egun lanean daude duela hamar edo bederatzi urte hara ailegatutako ehunka mila errefuxiatu; oro har, alemanez hitz egiten ikasi dute, eta senide eta lagun sareak eraiki dituzte. Schaeferrek uste du adierazle horiek «arrakastatzat» jo daitezkeela, baina azpimarratu du migrazioa «prozesu konplexu bat» dela, eta «integrazioa» ezin dela neurtu soilik irizpide baten arabera. Finean, harrera gizatiarrago bat egin ahal izateko, migrazioa eta migratzaileak ulertzeko saiakera bat egin beharra dagoela uste du Hazzaak. Izan ere, gogorarazi du migrazioa ez dela «anomalia edo krisi bat», errealitate bat baizik, eta «sakonki» lotuta dagoela historia kolonialarekin eta gaur egungo desparekotasun sozialekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.