Oraingoan ere akordio sendorik ez NBE Nazio Batuen Erakundearen klima aldaketari buruzko goi bileran. COP31 bilkura atzo amaitu zen, Antalyan (Turkia), baina parte hartzaileek ez zuten lortu testu bateratu bat hitzartzea bilera amaitzerako. Erregai fosilak ezabatzeko aipamena kendu zuten zirriborrotik, eta horrek berekin ekarri du zenbait estatuk zirriborroa baztertzea —EB Europako Batasuneko ordezkariek, besteak beste—. Orain, jada epez kanpo, negoziatzen jarraitzen dute, gutxienez akordio minimo bat erdiesteko.
2003a izan zen azken aldia NBEren klimari buruzko goi bilera bat amaitzerako akordio bat erdietsi zutena. 1992tik, COP bilkuretan testuak kontsentsu bidez adostu behar dira, hau da, edozein herrialdek du hitzartutako testua blokeatzeko aukera. Hortaz, negoziazio gogorrak izaten dira testu bateratu bat onartzeko.
Murat Kurum Turkiako Ingurumen ministro eta COP31ko presidenteak «erantzukizunez» jokatzeko eskatu die gaur goi bilerako partaide guztiei. Salatu du zenbait herrialdek hartutako jarrerak negoziazioak blokeatzea eragin dutela. Ez du zehaztu zein diren herrialde horiek, baina oroitarazi du «inposizioz» ezin dela erabakirik hartu: «196 herrialdek hartu behar dituzte erabakiak».
The Guardian egunkariaren berriemaile bereziak kaleratu duenez, 30-40 estatu ingurutako ordezkariak COP31ko zuzendaritzaren bulegoetara joan dira gaur arratsaldean, eta exijitu diete ez egiteko atzera aurrez hartutako konpromisoen inguruan. Besteak beste, eskatu die erregai fosilak baztertzeko aipamena ez ezabatzeko. Miatta Fahnbulleh Erresuma Batuko Energia ministroak, EBko hainbat ordezkarik eta garabidean diren zenbait herrialdetako delegazio buruek egin dituzte eskaera horiek.
2023an, Dubain egindako COP28 bilkuran, onartu zuten erregai fosilik gabea behar lukeela etorkizunak. Horren harira, baina, aurrera egin ezinik ari dira azken urteetan. Iaz Brasilen egin zen COP30 goi bilera, eta Luiz Inacio da Silva Lula presidenteak mahai gainean jarri zuen erregai fosilen erabilera eteteko bide orri bat adostea. Baina aukera hori ezerezean geratu zen, eta adostutako testuan ez zuten zehaztu erregai fosilak amaiarazteko helbururik.
Finantzaketaren auzia
Turkiak Australiarekin partekatu du COP31ren presidentetza, eta, gaur, ingurumenaren alde jarduten duten nazioarteko ehun elkartek sinatutako gutun bat jaso dute. Sinatzaileek ohartarazi diete «inoizko COP etsigarrienetako bat» izan daitekeela aurtengoa. CCUS karbonoa xurgatzeko eta gordetzeko teknologien inguruko helburuak alboratzeko eskatu dute, eta bermatzeko elektrifikaziorako bidean iturri berriztagarriak erabiltzen direla. Gainontzean, uste dute elektrizitate eskaria areagotzea bai, baina erregai fosilak baztertzea ez dela lortuko.
Horrez gain, salatu dute Hegoalde Globala «abandonatu» dutela; baita herrialderik aberatsenek negoziazioak blokeatu dituztela eta finantzaketa konpromisoak hartzeko asmorik gabe joan direla. Izan ere, talde horiek exijitzen dute herrialde aberatsenek beren gain hartzeko klimaren inguruko finantzaketa. Turkiak eta Australiak ondutako lehen zirriborroek baztertu egin zuten garabidean diren herrialdeei urtero 120.000 milioi dolarreko laguntza emateko proposamena.