Erresistentzia egiteko kapaz den Venezuela bat

Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidenteak hiru hilabete egin ditu karguan. Kontzesioak egin behar izan ditu petrolioaren auziari dagokionez, eta amnistia legea ere onartu du; chavistek diotenez, iraultzak bere horretan jarraitzen du.

Nicolas Maduro eta Cilia Flores aska ditzatela exijitzeko protesta bat, martxoan, Caracasen. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
Nicolas Maduro eta Cilia Flores aska ditzatela exijitzeko protesta bat, martxoan, Caracasen. MIGUEL GUTIERREZ / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko apirilaren 12a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eztabaidatu daiteke Ameriketako Estatu Batuek zer eragin duten Venezuelan: beharbada moldaketa bat, agian trantsizio bat, akaso bestelakotze bat. «Ez zen izan erregimen aldaketa konbentzional bat, ez behintzat erabatekoa», Diego Sequera analista politiko eta Mision Verdad ikerketa taldeko sortzailearen ustetan: «Alegia, horrelakoetan espero izatekoa da batzuek boterea eskuratzea, eta ez dute eskuratu; ez dago desastrerik, ezta gerraren txikiziorik ere, baina gogoan dugu oldarraldi militarragatik gaudela gauden bezala». Nicolas Maduro presidentea bahitu egin zuten urtarrilaren 3an —hori seguru—, segidan Delcy Rodriguez izendatu zuten jarduneko presidente —dudarik gabe—, eta, azkenerako, Donald Trump AEBetako presidenteak berak ere errekonozitu behar izan zuen oraingoz ez dagoela iraultza bolivartarra ordezkatzeko adina babesik duen oposiziorik. Hiru hilabete hauetan Rodriguez chavismoaren ereduaren eta trumpismoari egindako kontzesioen artean konpondu baita.

Tarte horretan, bi herrialdeek harreman diplomatikoak berreskuratu dituzte; petrolio kontuetan esku hartu du Washingtonek, eta Caracasek bide eman die atzerriko inbertsio pribatuei; Rodriguezen beraren kontrako zigorrak ere ezereztu ditu Trumpen administrazioak. Egon, egon da saldukeria leporatu dionik jarduneko presidenteari, nahiz eta chavistek klaru duten hori Venezuelaren kontrako estrategiaren beste parte bat dela: «Traizioaren diskurtsoa herria adoregabetzeko arma da», Cira Pascual politologo eta Venezuelako Unibertsitate Bolivartarreko Zientzia Politikoetako irakaslearen arabera. «Taktikoak» deritze gobernuaren kontzesio horiei, herrialdeari eta prozesu bolivartarrari eusteko asmoz eginak: «Baliabideekin-eta kolpea jasan dugu, baina ulertu behar da herriarengan ere badagoela subiranotasuna, eta, alde horretatik, Venezuelari dagokionez, ukigabe dagoela», gehitu du telefonoz.

«Esaten dute borrokatu gabe men egin genuela; nik uste dut, besterik gabe, estrategiak eta taktikak dioskutela borroka beste esparru batean dagoela»

CHRISTIANE ELENA VALLES Antropologoa eta Celarg zentroko koordinatzailea

Batera edo bestera, Trump «tematuta» dago Rodriguezen bidez agintzen duela erakusten, Christiane Helena Valles antropologoak azaldu duenez; Celarg Latinoamerikako eta Karibeko Ikasketetarako Romulo Gallegos zentroko koordinatzaileetako bat ere bada Valles. Baina irizten dio Rodriguezek jakin duela eta badakiela aginteari nola eutsi «erresistentzia sinbolikoaz baliatuta», diplomazia izan baitu mintzaira: «Esaten dute borrokatu gabe men egin genuela; nik uste dut, besterik gabe, estrategiak eta taktikak dioskutela borroka beste esparru batean dagoela».

«Ondorioak saihestea»

Sequeraren hitzetan, erasoaldiaren ostean, Washingtonen eta Caracasen arteko harremanek badute «pragmatismotik» ere, hein handi batean zerikusia dute-eta baliabide estrategikoen eta petrolioaren ustiapenarekin. Hidrokarburoen Lege Organikoaren erreforma, kasurako: «Rodriguezek testuinguru jakin batean sinatu zuen, eta abagune bihurtu zen, hain justu, ondoriorik okerrena saihesteko», adierazi du analista politikoak, gogoratu duen arren erreforma hori —eta presoak askatzeko prozesua, bide batez— aldez aurretik datozela, hots, Maduroren gobernutik: «Aurrez ere bazegoen urgentzia bat; liberalizazio horrek herrialdean inbertsioak eta kapitala sartzeko beharrei erantzun die».

Urtarrilaren 3az geroztik, ordea, jarduneko presidenteari koiuntura horretan «maniobratzea» tokatu zaio: «Egoera honek gatibu izatea ere ekarri du, eta ez naiz ari presidenteari eta lehen damari buruz, ezpada herrialdeari buruz, oreka edonoiz eta nahieran aldatu dezakeen pertsonaia baten mehatxupean», erantsi du Mision Verdad taldekoak, telefonoz. Trumpen jarrerak pentsarazi dezake, ulertuta Rodriguezen agintaldia Madurorenaren jarraipena dela, zer aldatu ote den hilabeteotan. «Zergatik bata ez eta bestea bai?», esan du analistak.

Bada, zehaztu du «presidentearen pertsonaia erailtzeko prozesuagatik» dela hori: «Ameriketako Estatu Batuen oztoporik handiena zen, eta bada». Maduro eta haren emazte Cilia Flores atxilotuta daude, eta New Yorkeko (AEB) auzitegi federal bateko epailearen aurretik igaro dira, droga trafikoa egotzita —oraingoz bi saio egin dituzte, urtarrilaren 5ean eta martxoaren 26an; eta auziak aurrera eginez gero, epaiketa bera ez litzateke hasiko behintzat datorren urtea baino lehen, AEBetako hainbat hedabidek galdetutako adituen ustez—. Horren harira, Celarg zentroko Vallesek dei bidez gaitzetsi du Venezuelatik kanpo «Nicolas Maduro tirano basatiaren errepresioaz» baino ez dela hitz egin, eta narkotrafikatzaile gisara «saldu» nahi izan dutela, «Hollywooden asmatu duten narkoaren itxura omen du-eta».

«Urtarrilaren 3aren ondoren logikoa zen horrelako zerbait gertatzea, zuzendaritza militarra berritzea, Defentsa ministroa barne. Berriro diot: ez da erabaki drastiko bat»

DIEGO SEQUERA Analista politikoa eta Mision Verdad ikerketa taldeko kidea

Presidentearen bahiketa gorabehera, Pascual politologoaren ahotan, jarduneko presidenteak «prozesu bolivartarraren jarraipena irudikatzen du» —Hugo Chavezetik Madurora, eta Madurotik Rodriguezera—, eta ez dago «hausturarik», azken asteotan kabinetean zenbait aldaketa egonagatik ere. Sequeraren iritziz, moldaketa horiek ez dira «dramatikoak», dagoeneko gobernuaren bueltan baitzeuden kargudunetako asko. Horien artean, zeresana eman zuen Gustavo Lopez Sebin Inteligentzia Nazionaleko Zerbitzu Bolivartarretako zuzendari izandakoa Defentsa ministro izendatzeak —Vladimir Padrino ordezkatu zuen—. «Arlo militarreko aldaketak, noski, sentsibleak dira», analistak esplikatu duenez, «baina urtarrilaren 3aren ondoren logikoa zen horrelako zerbait gertatzea, zuzendaritza militarra berritzea, Defentsa ministroa barne. Berriro diot: ez da erabaki drastiko bat».

Venezuelari eragin dion beste neurrietako bat da Bizikidetza Demokratikorako Amnistia Legea, zeina parlamentuak onartu zuen otsailean. 2002an Chavezen kontra egindako estatu-kolpe saiakeratik hasita hamahiru «gertakariren» harira prozesatutakoei eragiten die; besteak beste, aintzat hartzen ditu gobernuaren kontrako 2013ko eta 2017ko protestak, eta 2024ko bozen ondorengoak. Azken protesta horietan, kasurako, gobernuak «esku gogorra erabili zuen halabeharrez», baina «gehiegikeriak» egon ziren, eta horiek «zuzentzeko» aukera eman du legeak, Sequeraren arabera: «Herrialdeko banaketak gainditzeko modu bakarra da». Vallesek nabarmendu du «iraultzaren senean» ere badagoela «neurrigabekeriak» errekonozitzea.

Izan ere, «Venezuela desberdinek elkar topatu behar dute hainbesteren ondoren», erantsi du analista politikoak, eta presoen auzia, Mendebaldearen zigor ekonomikoek eragindako krisia eta beste hainbeste gainditzeko modua dira gobernuaren neurriak: «Bada hemen geratu zen Venezuela bat, joan zen beste bat, eta itzuli dena ere bai. Elkar topatu behar dute agertoki honetan, chavismoa baino haratago baitoa: auzi nazionala da».

«Enperadorea, biluzik»

Venezuela «dolu egiten» ari dela deitoratu du Vallesek: «Amorrua dugu, suminduta gaude. Sentimendu horiek guztiak, zenbaitetan, gizarte oso bati ere aplika dakizkioke». Pascualek ere esan du oraindik ere «itxi gabeko zauriak» dituztela Washingtonen esku hartzea dela eta; dena den, Caracasen kontzesioak kontzesio, ez du nahi adina lortu, politologoaren arabera, Rodriguezek «chavismoaren jarraipena» irudikatzen baitu: «AEBetako Gobernuak aitortu behar izan du oposizioa ez dagoela bizirik —eta jakina da Trumpek nahiago zukeela chavismoa paretik kentzea—».

«AEBetako Gobernuak aitortu behar izan du oposizioa ez dagoela bizirik —eta jakina da Trumpek nahiago zukeela chavismoa paretik kentzea—»

CIRA PASCUAL Politologoa eta Venezuelako Unibertsitate Bolivartarreko irakaslea

Vallesen hitzetan, «biluzik geratu da enperadorea», eta hori garaipena da Venezuelarentzat, «garaipen politikoa, morala, historikoa eta ideologikoa». Salatu du iraultza bolivartarra gauzatu zenetik «mesfidati» begiratu izan zaiola herrialdeari: «Denbora honetan guztian deabrutu egin gaituzte, esan dute atzera geratutako mintzaira bat darabilgula, 60ko eta 70eko hamarkadetakoa, inperioaz eta inperialismoaz dihardugula, eta, hara!, ondorioa da Venezuela ez zebilela hain oker, badagoela enperadore bat eta badagoela inperio bat».

Hiru hilabete igaro dira urtarrilaren 3az geroztik, eta bestelako Caracas bat da oraingoa. Baina bare daude kaleak: gutxik esango lukete AEBetako armadak eraso egin zuela edo Maduro eta Flores bahitu zituztela. «Ez dago inolako ebidentziarik; inperialismoaren kontrako pintaketak, Ez gara inoren kolonia dioten grafitiak eta presidentea eta Cilia itzul ditzatela erreklamatzeko kartelak baino ez», esan du Pascual irakasleak.

DATA ESANGURATSUAK

  • Urtarrilaren 29a. Hidrokarburoen Lege Organikoaren erreforma onartu zuten. Enpresa pribatuek hobietako proiektuak kudeatu ahal dituzte, eta petrolioa zuzenean saldu, Petroleos de Venezuela (PdVSA) enpresa publikoaren baimenik gabe. Petrolio erreserbak estatuaren jabetzapekoak dira, eta enpresa pribatuei hobi bat ustiatzeagatik kobratutako royaltya %30ean mantendu dute, baina gobernuak proiektuaren bideragarritasunaren arabera jaitsi dezake portzentaje hori.
  • Otsailaren 19a. Bizikidetza Demokratikorako Amnistia Legea onartu zuen Venezuelako Parlamentuak. Chavismoa agintean egon den aldiko hamahiru «gertakaritan» preso hartutakoak hartzen ditu aintzat; ez, ordea, operazio militarrei, giza eskubideen urraketei, ustelkeriari eta droga trafikoari dagozkien delituak. Gobernuak emandako datuen arabera, 8.000 herritarri baino gehiagori aplikatu diete amnistia, eta haietako 300 baino gehixeago preso zeuden.
  • Martxoaren 5a. Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Departamentuak iragarri zuen Washingtonek eta Caracasek harreman diplomatikoak berreskuratuko zituztela; AEBek martxoaren 30ean ireki zuten berriro Caracasko enbaxada. Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak 2019an etena zuen misio diplomatikoa, Donald Trump AEBetako presidenteari «interbentzionismoa» egotzi baitzion, hark Juan Guaido oposizioko kidea jarduneko presidente gisa errekonozitu eta gero.
  • Martxoaren 18a. Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidenteak kabinetea aldatu zuen. Gustavo Lopez herrialdeko zerbitzu sekretuetako burua izandakoa Defentsa ministro izendatu zuen —Vladimir Padrino ordezkatu zuen—, baita beste sei ministeriotako arduradunak ere. Kontrainteligentzia Militarreko Zuzendaritza Nagusia ere berritu zuen.
  • Apirilaren 1a. AEBetako Altxorraren Departamentuak zigorrak kendu zizkion Rodriguezi; bi herrialdeen arteko harremana «normalizatzeko eta sendotzeko» pausotzat jo zuen hori Venezuelako jarduneko presidenteak. Washingtonek 2018an ezarri zizkion zigor horiek, Nicolas Maduro presidentearen «autoritarismoa» egonkortzea leporatuta. Europako Batasunak ere urte horretan ezarri zizkien zigor ekonomikoak Rodriguezi eta beste hainbat karguduni, «demokrazia eta zuzenbide estatua etengabe urratzen duten ekintzengatik». Venezuelako Parlamentuak amnistia legea onartu eta gero, Espainiak zigor horiek kentzea eskatu zion talde komunitarioari.
  • Apirilaren 8a. Maiatzaren 1etik aurrera «soldata igoera bat» ezarriko zuela esan zuen Rodriguezek, «igoera arduratsu bat», betiere gobernuak dirua biltzeko duen gaitasuna gorabehera. «Sektore ekonomiko, politiko eta sozial guztiek ahotsak batu ditugu zera eskatzeko: Venezuelaren kontrako blokeo ekonomikoa amaitu dadila, eta zigorrak kendu ditzatela», esan zuen. Herrialdean zeharreko martxa bat ere iragarri zuen; apirilaren 19tik maiatzaren 1era arte egitekoak dira, eta hiriburuan amaituko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA