Urte luzez egon da Enrique Ochoa Antich (Caracas, 1954) Venezuelako politikan murgilduta. MAS Sozialismorako Mugimendua alderdiaren sortzaileetako bat da, Venezuelako Kongresuko diputatu izana (1984-1989 eta 1994-1999), eta Hugo Chavez gobernura iritsi zenetik oposizioan ibilia. Azken urteetan politikatik aldendu den arren, AEBek Nicolas Maduro herrialdeko presidentea bahitu zutenetik aurrerapauso bat eman du, eta bere burua Ararteko posturako hautagai gisa proposatu. Oso kritikoa izan da hala Maria Corina Machadoren oposizioarekin nola Maduroren gobernuarekin, eta «zentro demokratikoaren» beharra defendatzen du.
Zertan da egoera politikoa Venezuelan urtarrilaren 3az geroztik?
Gobernuan lehia bat dagoela esango nuke nik. Alde batetik, sektore kontserbadoreena dago, ezkerraren baliorik tradizionalenak dituena, inperialismoaren eta iparramerikarren aurkakoa. Eta beste alde batetik, hor daude Chavezen garaian krisira eraman gintuzten estatismoa eta populismoa atzean uztearen aldekoak. Nire ustez, Delcy Rodriguezengan ikus daiteke hori. Ulertu dute garai hori atzean utzi behar dela, eta aurrerapausoak ematen ari dira. Horren adibide dira amnistia legea bera eta preso politikoak askatzea. Oraindik preso asko daude ziegetan, baina jada erakutsi dute konfrontazioa gainditu nahi dutela, eta Venezuelako gizartera aldaketa prozesu bat etorri daitekeen esperantza handia sortu dute. Baina, tamalez, oposizioan bada muturreko alderdi bat, urrats horiek ikusten ez dituena.
Non kokatzen zara zu?
Muturreko bi pentsamendu ditugu: chavismoaren muturreko kontserbadoreak eta ultraeskuineko machadistak. Nik, berriz, erdibideko zerbaitetan sinesten dut. Esperantza daukat zentroko oposizioa eta zentroko chavistak bidean batuko direla. Alegia, ados jarriko direla eta herrialdeari aurrera egiteko modua emango diotela.
Oposizioko kidea izan arren, Donald Trump AEBetako presidentearen esku hartzearen aurka agertu izan zara.
Zalantzarik gabe, bai. Erasoaren aurkakoa eta aurrez ezarritako zigorren aurkakoa naiz. Eta esango nuke oposizioaren %80k hala pentsatzen duela. Agresio militar bat izan zen, haiena baino askoz txikiagoa den herrialde baten aurkakoa; legez kontrako ekintza bat. Baina, gauza bat da horren aurka egotea, eta, bestea, berriz, ez ulertzea ekintza horrek aukera eman digula Venezuelako subiranotasuna eta AEBekin daukagun harremana konpontzeko. Hori izan zen Hugo Chavezen hutsegite handienetako bat. Negoziatu egin behar dugu, eta ez aurre egin. Subiranotasuna berreraiki behar dugu, bai, baina gringoekin batera egin beharra dago, eta ez haien aurka. Latinoamerikako ezkerreko liderrek ulertu dute. Lulak, Petrok, Moralesek, Mujicak... denek izan dute zentzuzko harremana gringoekin. Horrek ez du esan nahi haiek esandakoari men egin behar zaionik.
«Beti esan izan dut beste nazio baten eraso militar bat gertatuz gero unean uneko gobernua nire gobernua izango dela»
Chavismoa dago agintean, baina Maduro gabe. Zer balio ematen diozu gobernu horri? Trantsizio gobernu bat dela uste duzu?
Chavismoaren esku dago hori. Historian egon diren trantsizio asko eta asko bat datoz gauza batean: gobernuan dagoenak gobernuan eusten dio boterea partekatuz. Nik uste dut posible dela chavismoa aldatzea, eta uste dut hasierako chavismoaz bestelako zerbait bihurtzen bada urte luzez iraun dezakeela. 27 urte daramatzate boterean, eta uste dute haiek direla aberria, haiek direla iraultza. Aberriaren ikurrak haienak balira bezala hartzen dituzte, eta haien ikurrak aberriarenak balira bezala. Baina chavismoak alternantziari bide egiten badio, oposizioan are indartsuago bilakatu daiteke.
Trantsizio hori egin daiteke chavismoa oposiziora joan gabe?
Noski. Baina uste dut gizarte demokratikoak eskatzen duela txandakatze bat gertatzea. Hala ere, Machado asko jaitsi da inkesten arabera, eta Delcy Rodriguezek onarpen handia lortu du. Baina Rodriguezek gauza asko lortu behar lituzke oraindik: preso politikoak askatzea, ekonomia bere onera ekartzea, soldatak eta pentsioak berreskuratzea, AEBekin harremanak hobetzea, hauteskundeetan denek aukera berak izan ditzaten bermatzea... Eta, horren ostean, jendeak antzeman beharko luke normaltasuna eta lasaitasuna itzuli direla. Hori dena lortuz gero, eta oposizioa hautagai bakarrarekin aurkeztu beharrean zatituta aurkeztuz gero, Rodriguezek irabazteko aukerak izango ditu.
«Delcy Rodriguezen gobernuaren ondoan egon behar dugu, baina kritiko izanda, eta mendekotasunik gabe»
Kritikoa izan zara bai chavismoarekin eta bai Machadoren oposizioarekin, baina adierazi izan duzu Rodriguezek merezi duela zu bidelagun izatea. Zergatik?
Urtarrilaren 3a baino lehen, bi aldeak seinalatzen nituen. Venezuelako agertoki politikoaren bi aldeen aurka nengoen. Baina beti esan izan dut beste nazio baten eraso militar bat gertatuz gero unean uneko gobernua nire gobernua izango dela. Nahiz eta bezperara arte oposizioa egin. Delcy Rodriguezen gobernua ez da Delcyrena; Venezuelar guztien gobernua da. Noski, haien esku ere badago hori. Gobernuak ulertu behar du halako eraso baten ondoren nazio osoa batzen saiatu behar duela, eta keinuekin erakutsi behar du hori. Ondoan egon behar dugu, baina kritiko jokatuta, autonomia izanda eta inolako mendekotasunik gabe.
Venezuelako oposizioak egin dituen aliantzak askotan hautsi dira. Nola ikusten duzu orain?
Oposizioa bi adarretan banatuta dago: demokratikoa eta muturrekoa. Demokratikoen artean lidergo handia dago, eta, uste dut pixkanaka gobernu akordioak egin ditzaketela gobernuarekin eta chavismoarekin. Izan ere, gobernura iritsiko denak chavismoa desegingo duela uste badu, oker dabil. Orain, irekitasunaren alde dagoen gobernuko sektorea da aldaketa demokratikoak, ekonomikoak eta sozialak eragiteko ahalmena duen indar bakarra. Eta oposizioak lagundu egin behar dio.
Eta Machado, zehazki?
Machadoren oposizioa geroz eta okerrago dago. Muturreko oposizioa dira, eta inoiz ez dute ulertu chavismoa zer den. Machadok 2024ko uztailaren 28ko emaitzak soilik ditu buruan, eta ezezko biribila eman dio gobernua bere sektore politikoaren esku uztea ez den beste edozeri. Trumpek horregatik erabaki zuen Venezuelan sartu ondoren Delcy Rodriguezekin negoziatzea. Ohartu zen Machadok ez zeukala gaitasunik Venezuelako gizartea gobernatzeko.