Erresuma Batuak kolonoen kontrako neurriak iragarri ditu, eta Israelek erantzun egin dio

Erresuma Batuko Atzerri ministroak salatu du kolono israeldarren indarkeriak palestinarren «garbiketa etnikoa» eragiten duela Zisjordanian. Israelek, besteak beste, Erresuma Batuak Jerusalemen duen kontsuletxea ixteko agindu du.

Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroa prentsaurreko batean gaur, Jerusalemen. ABIR SULTAN / EFE
Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroa prentsaurreko batean, gaur, Jerusalemen. ABIR SULTAN / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko irailaren 8a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Andy Burnham Erresuma Batuko lehen ministro laboristaren gobernuak bi hilabete ere ez ditu egin boterean, eta, alderdi beraren aurreko gobernuarekin konparatuta, jarrera aktiboagoa hartu du Palestinako gatazkari dagokionez. Ed Miliband Erresuma Batuko Atzerri ministroak Komunen Ganberan gaur iragarri du Zisjordanian ezarritako legez kanpoko kokaguneekiko merkataritza jarduera debekatuko dutela, eta kolonoen hedapena posible egiten dutenen kontrako are zigor gehiago ezarriko dituztela. Israelek neurriekin erantzun dio; besteak beste, Erresuma Batuak Jerusalemen duen kontsuletxea itxiko dutela jakinarazi du Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak.

Beste zenbait herrialdek ere bat egin dute Erresuma Batuak iragarritakoekin —Danimarkak, Espainiak, Finlandiak, Frantziak, Irlandak, Islandiak, Kanadak, Norvegiak, Poloniak, Portugalek eta Suediak, hain zuzen ere—, eta Palestinako lurrak anexionatzea eta palestinarrak desplazatzera behartzen dituzten ekintzak salatu dituzte ohar bidez. Palestinarren kontrako kolonoen indarkeria dela-eta «erantzukizuna» exijitu diote Israelgo Gobernuari; are, Milibanden ahotan, Israelek «ez ikusiarena» egin izan du.

Erresuma Batuko Atzerri ministroak argudiatu du bi estaturen konponbidea oztopatu egiten duela kolonoen hedapenak —tartean Jerusalem eta Zisjordaniako palestinarren lurrak bereiziko dituen E1 etxebizitza proiektua—, baita Israelgo Gobernuaren ekintzek ere. Zigorrak ere areagotuko dituzte, hortaz, okupazioari «materialki» laguntzen diotenentzat. Horrez gain, ohar bateratuan, hamabi herrialdeek nabarmendu dute «babestu» egin behar dela bi estaturen konponbidea: «Bake segurua eta iraunkorra lortzeko jardungo dugu».

Milibandek bere egin du Nazioarteko Justizia Auzitegiak duela bi urte emandako ebazpen bat, zeinean legez kanpokotzat jotzen duen Israelek Palestinako lurrak okupatzea, eta ohartarazi du kolonoak palestinarrei oldartzen zaizkien guneetan «garbiketa etnikoa» ari dela gertatzen.

Merkataritzari dagozkion neurriez gain, Milibandek jakinarazi du Erresuma Batuak ez duela esportatuko Israelen okupaziora bideratuko den armarik, nahiz eta «Lerro Berdearen barruan» armen salerosketari bere horretan eutsiko dioten; hau da, Israelen mugen barruan erabiliko lituzketen armen esportazioak ez dituzte etengo. «Beste bide bati ekin diogu, bidegabekeria salatzeko eta ekiteko», adierazi du Atzerri ministroak.

Bestalde, ohar bateratu batean, Burnhamek, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Mark Carney Kanadako lehen ministroak adierazi dute zigorrak-eta beharrezkoak direla Ekialde Hurbilean «bakea» bermatzeko, «berandu izan baino lehen».

Tel Aviven erantzuna

«Tamalez, gobernu laborista etsaia dago boterean», idatzi du gaur arratsaldean Saar Israelgo Atzerri ministroak ohar batean, eta salatu du Erresuma Batua «sistematikoki» ari dela Israelen kontra: «Ez dugu ekintza erasokorrekin erantzun beste aukerarik».

Honako neurri hauek iragarri ditu: Londresek Jerusalemen duen kontsuletxea itxiko dute; Komunen Ganberako dozena bat parlamentari ingururi ere Israelera bidaiatzea galaraziko diete —laboristak edo laboristak izandakoak denak; tartean, Jeremy Corbyn alderdiko buru ohia (2015-2020)—; Gaza Laguntzeko Nazioarteko Zentroak Israelgo Kiryat Gat hirian duen egoitzan dauden ordezkari britainiarrak kanporatuko dituzte; eta Erresuma Batuak ezingo ditu entrenatu Palestinako Aginte Nazionalaren indarrak.

Saarrek salatu du «eskandalua» direla Erresuma Batuak aurkeztutako neurriak, «moralki desitxuratuta» daudela, eta herrialdeak «interferitu» egin nahi duela Israelen auzietan eta hauteskundeetan —datorren urriaren 27an egitekoak dira hauteskunde orokorrak—.

Erresuma Batuak iragarpenen bat egingo zuela jakitun, Saarrek zera idatzi zuen atzo sare sozialetan: «Bada garaia Israelgo Estatuak publikoki aitor dezan Malvinak Argentinaren lurraldea direla, okupatuta daudela, eta britainiarrek bortizki lapurtzen dietela argentinarrei».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA