Itxitura gero eta estuagoa da, eta Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroa ihesbiderik gabe geratzen ari da. Orain arte batasuna irudikatu duten arren, agerikoa zen gobernuan bertan ere hausturak zeudela, eta gaur bistaratu dira. Wes Streeting Osasun ministroak dimisioa eman du, eta adierazi Alderdi Laboristaren lidergoa aldatu egin behar dela. Ez du, ordea, bere burua Starmer ordezkatzeko hautagai gisa aurkeztuko; ez, behintzat, oraingoz. Dimisio gutunean esan du iragan asteko bozetako emaitzek argi utzi dutela lehen ministroa ez dela laboristen hautagaia izango 2029ko hauteskundeetan, eta, hortaz, alderdiaren buruzagitza eztabaidatzen hasteko garaia dela.
Ikusi gehiago
Streetingen arabera, alderdiko buruzagitzagatiko lehiak ez luke berehala hasi beharko, baina bai «arrazoizko epe» batean. Izan ere, primarioak orain egingo balituzkete, Andy Burnham Manchesterko alkatea ezingo litzateke aurkeztu, eta Streetingek «ahalik eta hautagai onenek» parte hartzea nahi du. Burnham da, Erresuma Batuko hedabideen arabera, alderdiko buruzagitza hartzeko hautagai nagusia. Kontua da gaur-gaurkoz Manchesterko alkatea ez dela parlamentaria, eta Alderdi Laboristako primarioetan parte hartu ahal izateko beharrezkoa betekizuna da hori. Beraz, diputaturen batek bere kargua utzi beharko luke lehenik, Burhamek hartu ahal izateko ondoren.
Hedabideek Streeting ere aipatzen dute Starmerren kargurako hautagai posibleen artean. Eta Osasun ministro zenaren hurbileko iturriak aipatuz, hainbat hedabidek kaleratu dute Streetingek behar beste babes duela Alderdi Laboristak primarioei ekiteko duen mekanismoa aktibatzeko. Hau da, bere burua alderdiaren gidaritza hartzeko aurkezten badu, laboristek Komunen Ganberan dituzten parlamentarien %20k babestuko luketela —81 parlamentarik—. Horixe da alderdiak primarioak egiteko eskatzen duen gutxiengoa. Baina Streetingek argitu duen moduan, ez du berehala prozesu hori abian jartzeko asmorik.
Gobernuaren etorkizuna, ezbaian
Atzo lehen ministroarekin batzartu zen Streeting, Downing Streeteko hamargarrenean. Hogei minutu baino gutxiagoz egon ziren bilduta, eta atera zenean kazetariek galdetu zioten ea dimisioa eman zuen. Ez zuen halakorik baieztatu, baina gaur iritsi da berria. Bilkura horren ostean Charles III.a erregeak parlamentuaren irekierako hitzaldia eman zuen Lorden Ganberan, eta gobernuak urte politiko honetarako dituen lehentasunak aurkeztu zituen. Horien inguruan eztabaidatu zuten arratsaldean Komunen Ganberan. Baina azken egunetan gobernuaren asmoek baino jakin-min handiagoa sortu du gobernuaren beraren etorkizunak.
Gaur astebete egin zituzten udaletako bozak Ingalaterran, eta parlamentarioak Galesen eta Eskozian. Guztietan beherakada nabarmena izan zuen Alderdi Laboristak, eta horren ostean iritsi dira alderdiaren lidergoa aldatzeko eskaerak. Laurogei parlamentarik baino gehiagok eskatu diote Starmerri dimititzeko edo, behik behin, alderdiaren buruzagitza aldatzeko egutegi bat zehazteko. Azken egunetan lau estatu idazkarik dimititu dute, eta gaur ministro batek ere bai.