Starmer, laborismoaren arrakalen artean zutik iraun nahian

Erresuma Batuko Gobernua krisi betean den honetan, Charles III.a erregeak Starmerren kabinetearen lehentasunen berri eman du Lorden Ganberan. Wes Streeting Osasun ministroa alderdiko buruzagitza hartzen saiatuko dela aurreratu dute hainbat hedabidek.

Starmer gaur, Downing Streeteko hamargarrenetik ateratzen. NEIL HALL / EFE
Starmer gaur, Downing Streeteko hamargarrenetik ateratzen. NEIL HALL / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko maiatzaren 13a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erresuma Batuko Gobernua hari batean dago, eta hari horri hortzez eta haginez eutsi nahian ari da Keir Starmer lehen ministroa. Aurreko asteko hauteskundeetan izandako emaitza txarren ostean, Alderdi Laboristako laurogei parlamentarik baino gehiagok eskatu dute Starmerren dimisioa —405 dituzte Komunen Ganberan—, baina lehen ministroak karguan segituko duela ziurtatu du. Gaur Charles III.a erregea hitzaldi bat eman du Lorden Ganberan, gobernuak datozen hilabeteetarako dituen asmoen berri emateko. Kontua da, Starmerren kabineteak batuta dagoela erakutsi nahi izan duen arren, pitzadurak agertzen hasiak direla. Hortaz, erregeak gobernuaren lehentasunen berri emango badu ere, ikusteko dago kabineteak noiz arte eutsi ahal izango dion lehen ministroaren dimisioa eskatzen duten laboristen presioari.

Urte parlamentarioaren irekiera ekitaldi modukoa izan ohi da erregeak goi ganberan ematen duen diskurtsoa, eta normalean urtean behin egiten dute. Iaz, ordea, Charles III.ak ez zuen irekiera hitzaldi hori eman; azkena 2024ko uztailean eman zuen, hauteskunde orokorren ostean. Laboristek garaipen sendoa lortu ondoren eman zuen azken hitzaldi hori, eta alderdia krisi betean den honetan hitz egin du orain. Gobernuak berak prestatzen du erregeak irakurtzen duen diskurtsoa. Erregeak aurreratu duenez gobernuak neurriak hartu ditu besteak beste EB Europako Batasunera hurbiltzeko, energia nuklearraren alde egiteko, eta antisemitimsoari aurre egiteko.

Arratsaldean Komunen Ganberan eztabaidatuko dute aurkeztutako lehentasunen inguruan. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak jakinarazi du Starmerren aurkako zentsura mozio bat aurkeztuko duela erregearen diskurtsoari zuzenketa bat jarrita. «Parlamentuak benetan garrantzizkoak diren kontuen inguruan lanean hasi behar du. Horretarako bide bakarra Keir Starmerrek alde egitea da», adierazi du Dave Dooganek, SNPren Erresuma Batuko talde parlamentarioko buruak. Alderdi Laboristako laurogei parlamentarik baino gehiagok eskatu dute lehen ministroaren dimisioa, baina zentsura mozioetan ez da ohikoa parlamentariek alderdiaren aurka bozkatzea.

Argi geratu da, ordea, Starmerren alderdikideen artean ere zatiketa gero eta handiagoa dela. Gaur sindikatu laboristek ohar bat kaleratu dute, eta adierazi haien ustez Starmer ez dela izango alderdiaren burua hurrengo hauteskundeetan —beranduenez, 2029an egin beharko dituzte—. Hortaz, «noizbait» beste lider bat aukeratzen hasi beharra izango dela ohartarazi dute. 11 sindikatuk kaleratutako ohar bateratu horrek are eta gehiago ahuldu du Starmerren kabinetea, sindikatuen babesa ere galdu duela erakusten baitu. «Alderdi Laborista ez da behar beste egiten ari langileek boz orokorretan eskatu zuten aldaketa aurrera eramateko», gaitzetsi dute sindikatuek.

Atzo, gobernuko kideek bilkura egin zuten, eta, Pat McFadden Lan ministroak jakinarazi zuenez, ministro batek ere ez zuen zalantzan jarri Starmerren lidergoa. Gainera, alderdi laboristaren barruan presioa areagotzen ari bada ere, oraindik inork ez du aurkeztu bere burua primarioetarako prozesua abiatzeko. Izan ere, Alderdi Laboristak badu mekanismo bat zeinaren bidez alderdiko liderra aldatzeko prozesua martxan jarri dezaketen. Horretarako, parlamentari laborista batek alderdiak Komunen Ganberan dituen ordezkarien %20aren babesa lortu behar du.

Ordezko posibleak

Erresuma Batuko hedabideen arabera, Wes Streeting Osasun ministroa izan daiteke Starmer ordezkatzeko hautagaietako bat. Hain justu, lehen ministroa harekin batzartu da gaur, erregearen hitzaldia baino lehen. Downing Streeteko hamargarrenean egin dute bilkura, eta hogei minutu baino gutxiago iraun du. Bilkuratik irtetean kazetariek Osasun ministroari galdetu diote ea dimisioa eman duen, baina ez du erantzun. Halere, BBC hedabidearen arabera, Osasun ministroa auto ofizial batean joan da; hortaz, aditzera eman dute karguan jarraitzen duela. Halere, The Times egunkariak iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez, Streetingek bihar dimisioa emango du, eta alderdiaren lidergora heltzeko behar adina babes lortzen saiatuko da.

Wes Streeting Osasun ministroa gaur Downing Streeteko hamargarrenetik irteten, Starmerrekin bildu ostean. NEIL HALL / EFE
Wes Streeting Osasun ministroa gaur Downing Streeteko hamargarrenetik irteten, Starmerrekin bildu ostean. NEIL HALL / EFE

Streetingez gain, Erresuma Batuko hedabideek Starmer ordezkatu dezaketen beste hainbat izen aipatu dituzte. Andy Burnham Manchesterko alkatea da, estimazio gehienen arabera, Alderdi Laboristaren lidergoa hartzeko hautagai nagusia. Kontua da Burnham ez dela parlamentaria. Beraz, Starmer ordezkatzeko, lehenik beste parlamentari batek kargua utzi beharko luke, eta boz partzialak egin beharko lituzkete Manchesterko alkateak kargu hori hartzeko.

Aldaketa azkar egin nahi badute, dagoeneko parlamentari kargua duen norbaiten alde egin beharko lukete laboristek. Angela Rayner da hautagai posible horietako bat. Starmerren bigarrena izan zen iazko irailean Ogasunarekin izandako arazo batzuengatik dimisioa eman zuen arte; sindikatuen babesa du. Starmer ordezkatzeko behar beste babes lortu dezaketenen artean daude honako hauek ere: Ed Milliband —2010etik 2015era alderdiaren buru izandakoa—, Shabana Mahmood Barne ministroa eta Yvette Cooper Atzerri ministroa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA