Errumanian joan den igandean egindako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzuliko emaitzak bertan behera uzteko eskatu zion George Simion presidentegai ultrak asteartean Auzitegi Konstituzionalari; frogarik erakutsi gabe, esan zuen Frantziak eta Moldaviak esku hartu zutela. Konstituzionalak tramiterako onartu zuen inpugnazioa, baina, gaur kaleratutako ebazpen batean, aho batez baliogabetu du eskuin muturreko hautagaiaren eskaera, argudiatuz prozesua «gardena eta inpartziala» izan zela. Baieztatu du, hortaz, Nicusor Dan europazalea dela herrialdeko presidente berria.
Eta Simionek horri erantzuteko, Konstituzionala kritikatu du, eta adierazi «jarraipena» eman diola «estatu kolpeari». Hori idatzi du Faceboken, eta, hain zuzen, sare sozial horretan iragarri zuen inpugnazioa ere. «Borrokatu, ezin dugu besterik egin! Gaur eta datozen asteetan nire ondoan egotera gonbidatzen zaituztet!». Botoen %46,4 lortu zituen Simionek, eta %53,5 Danek.
Garaileak ere hitz egin du Konstituzionalaren epailaz. Agerraldi batean jakin du horren berri —Bukaresteko alkatea da 2020tik—, eta, Mediafax berri agentziak jaso duenez, nabarmendu du hasieratik «argi» geratu dela «guztiz artifiziala» dela planteatutakoa. «Ez dut eskaera idatziz ikusi [ez dute argitaratu Simionek helegitean zer argudiatu zuen], baina hutsala da esatea Moldaviari ehunka milioi euro eman zitzaizkiola». Izan ere, Simionek esan izan du azken orduetan Moldaviari 100 milioi euro eman zitzaizkiola —bi herritartasunak dituzte hango herritar askok—, Dani mesede egiteko.
Konstituzionalaren erabakia behin betikoa da, eta Danek Ilie Bolojani ordezkatuko du karguan. Auzitegi horren epaiaren ondorioz, aurreko azaroan hasitako hauteskunde prozesua itxi dute Errumanian. Izan ere, azaroaren 24an, presidentetzarako bozen lehen itzulia egin zuten, eta horretan Calin Georgescu eskuin muturrekoak bildu zuen boto gehien. Bigarren itzulia baino lehen, ordea, Konstituzionalak ebatzi zuen Georgescuren kanpainan esku hartu zuela Errusiak; hortaz, lehen itzuliko emaitzak baliogabetu zituen, eta, gainera, Georgescuri aurkeztea debekatu zion. Hain justu, Simionen aldeko botoa eskatu zuen Georgescuk.