Errumaniako lehen ministroak dimisioa eman du, eskuin muturraren gorakada ikusita

Marcel Ciolacu sozialdemokratak kargua utzi du, eta bere alderdia gobernutik atera. Haren ustez, gobernu koalizioa «jada ez da legitimoa». Presidentetzarako bozen lehen itzulian Simion hautagai ultraeskuindarra nagusitu da, alde handiz.

Marcel Ciolacu Errumaniako lehen ministroa, dimisioa emango duela jakinarazi duenean, gaur, Bukaresten. ROBERT GHEMENT / EFE
Marcel Ciolacu Errumaniako lehen ministroa, dimisioa emango duela jakinarazi duenean, gaur, Bukaresten. ROBERT GHEMENT / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko maiatzaren 5a
19:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Presidentetzarako hauteskundeetako lehen itzuliak zalaparta eragin du Errumanian. Atzo egin zituzten bozak, eta George Simion AUR Errumaniarren Batasunerako Aliantza alderdi ultranazionalistako hautagaia gailendu zen, botoen %41 eskuratuta. Bada, Simionen garaipenaren biharamunean, Marcel Ciolacu Errumaniako lehen ministroak dimisioa eman du, eta PSD Alderdi Sozialdemokrata gobernutik atera.

Alderdi europazaleek osatzen dute egungo gobernua: sozialdemokratek, Alderdi Nazional Liberalak eta Errumaniako Hungariarren Batasun Demokratikoak. Eskuin mutur euroeszeptikoa gelditzeko helburuz, hautagaitza bateratua aurkeztu zuten atzoko bozetarako, baina Crin Antonescu liberalak ez du lortu bigarren fasera igarotzerik. Koalizioaren hautagaiak botoen %20,07 eskuratu ditu, Nicusor Dan Bukaresteko alkateak baino zertxobait gutxiago —%20,99—. Hala, Ciolacuk gobernua uztea erabaki du. «Koalizio hau jada ez da legitimoa, beraz dimisioa emango dut», adierazi du PSDko kideekin bilkura bat egin ostean emandako prentsaurrekoan.

Orain, gobernuburuak herrialdeko behin-behineko presidente Ilie Bolojani eman beharko dio erabakiaren berri, eta Bolojanek beste norbait izendatu beharko du lehen ministro, behin-behinean.

Urte erdian bigarrenez joan ziren atzo errumaniarrak presidentetzarako bozen lehen itzulian bozkatzera. Azaroaren 24an egin zuten lehenengoz, eta Calin Georgescu ultraeskuindarrak irabazi zuen, botoen %22,9 lortuta. Errumaniako Auzitegi Konstituzionalak, baina, bigarren itzulia egin aurretik bertan behera utzi zuen lehen itzulia; ebatzi baitzuen Errusiak esku hartu zuela Georgescuren kanpainan. Erabaki horrek eragindako asalduraren ondorioz, Klaus Iohannis presidenteak (2014-2025) kargua utzi zuen otsailean. Haren ordez ari da Bolojan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.