Errusia, diskurtsoak isilarazten

Kremlinek blokeatu edo ezabatu egiten du bere balioekin bat ez datorrena: webguneak, sare sozialak, liburuak eta filmak, besteak beste.

Steve Jobs eta Elon Muski buruzko liburuak salgai Moskun, ohartarazpena bistan dutela. ALEX BUSTOS
Steve Jobs eta Elon Muski buruzko liburuak salgai Moskun, ohartarazpena bistan dutela. ALEX BUSTOS
Alex Bustos
2026ko azaroaren 12a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errusiako zentsuraren garroak sendoak dira, eta nonahi daude. Kremlinen ikuspegiarekin bat ez datorren guzi-guziak du ezabatua edo blokeatua izateko arriskua. Roskomnadzorrek, telekomunikazioez arduratzen den estatu erakundeak alegia, gisa guzietako webguneei ezarria die betoa. Sare sozialak, hedabide independenteak, nazioarteko kazetaritza agerkariak… Halakoek eta bertze hainbat atarik osatzen dute zerrenda beltz ezin luzeago hori, 4,7 milioi webgune baino gehiago biltzen dituena. Baina zentsuraren eragina aise zabalagoa da. Zenbait liburu, dendetatik desagertu, eta liburutegietako biltegietan hondatzen dira, film batzuei estreinaldian ezarri gabeko filtroak ezartzen zaizkie gerora, eta nazioarteko zenbait telesailetako eszenak ezabatzen dituzte —hain zuzen, asteon itxi dute Novaya Gazeta, Kremlinekin kritiko zen egunkaria; zuzendaritzaren arabera, autoritateek eta zerbitzu sekretuek behartuta—.

Halaber, idazle bat baino gehiago paria literario bihurtu dira herrialdean. Horren erakusle nabarmenenetako bat da Dmitri Glukhovski, zientzia fikzioa lantzen duen idazle arrakastatsua. Glukhovskik idatzia da Metro trilogia ospetsua, izen bereko bideojoko frankiziaren oinarria. Egileak halako arrakasta izan zuen mundu zabalean, ezen Errusiako zientzia fikzioaren erreferentzia nagusietako bat izan baitzen urteetan: bortz milioi ale baino gehiago salduak ditu, liburu digitalak eta paperekoak kontuan hartuta. Hori bai, Errusiako zientzia fikzioaren izen handietako bat izateak ospea ekarri bazion ere, atzerriko agenteen zerrendan sartu zuten hala gobernua nola Ukrainako gerra argi eta garbi kritikatzen hasi zelarik.

Glukhovskiren obrak saltzeko debekua ezarri aitzinetik, haren liburuak plastikoan bilduak izan ohi ziren dendetan, eta eranskailuak izaten zituzten, erosleei ohartarazteko atzerriko agente batek idatziak zirela. Bertze liburu anitzetan ere badira gisa horretako seinaleak, adierazteko atzerriko agenteek eginak direla, edo jakinarazteko liburuan drogak aipatzen direla —zentzu hagitz zabalean ulertuta, eta baita liburuan gauza txartzat hartzen badira ere—, hitz itsusiak ageri direla, edo bertzelako gai polemikoak lantzen direla. Hain zuzen ere, Biblioglobus liburu denda da horren erakusgarririk argienetakoa: FSBren, hau da, Errusiako zerbitzu sekretuen egoitzatik metro batzuetara baino ez dago, eta ez dute atzerriko agenteek idatzitako nobela bakar bat ere.

«Fantasiazko nire nobela moldatu behar izan nuen iragarpena egin zutelarik. Esaldi batzuk ezabatu nituen, arazorik ez izateko»

VLADISLAV Idazlea

«Ez, hemen ez dugu Glukhovskiren libururik saltzen, eta ez dugu salduko sekula», adierazi du denda horretako saltzaile batek, Liubovek. Ordezko gisa, genero bereko liburu batzuk eskaini ditu dendariak, baina Kremlinek ontzat jotako idazleenak. 2025eko abuztuan, Biblioglobus dendakoek kendu egin zituzten idazle debekatuen liburu anitz, agintariek ez ziezaieten isunik paratu. Bertze horrenbertze gertatzen da Arbat auzoko bertze liburu denda batean. Saltoki horretan aritzen da Viatxeslav, eta, haren erranetan, Glukhoviskiren lanak «jada ez dira salgai paratzen». Zergatia galdetuta, isilune deseroso batez erantzun du. Gainera, liburutegietan ere badira arazoak. Izan ere, legeak ez ditu obren egileak bakarrik barne hartzen, baizik eta baita itzultzaileak, jatorrizkoaren editoreak eta argazkilariak ere; konparazio batera, ale bat Stanford Unibertsitateak maketatua bada, ezin da bistan egon nahiz eta haren edukia politikoa ez izan, Stanford Unibertsitatea erakunde arbuiagarria baita Moskuren arabera. Hedabide independente batzuen kalkuluen arabera, Moskuko liburutegi batzuek bildumaren %15 galdu dute.

Diskurtso kontserbadorea

Bertze gai polemiko batzuei ere ezarri zaie zentsura, hala nola homosexualitatearekin lotura duten guziei. Preseski, 2023an Moskuk debekatu egin zuen «nazioarteko LGTB mugimendua» deitu zuena, eta antolakunde estremisten zerrendan sartu. Hala, lege kategoria hori ezarrita, betoa paratu zieten harreman ez-tradizionalak erakusten zituzten eduki guziei. Horren harira, urte hartan bertan, liburu elektronikoak ardatz dituen Litres edizio enpresak egileei eskatu zien kendu edo moldatu zitzatela testuak legea betetzeko moduan. Egile horietako bat da Vladislav: «Fantasiazko nire nobela moldatu behar izan nuen iragarpena egin zutelarik. Ez nuen deus espliziturik kontatzen, baina ez zuen betetzen araudia. Beraz, esaldi batzuk ezabatu nituen, arazorik ez izateko».

Etxera ere ailegatu zaie zentsura errusiarrei. Zenbait jende izugarri ospetsu, hala nola Alla Pugatxova kantaria, jada ez dute begi onez ikusten Errusian. Zehazki, gerra kritikatu duela eta, Errusiako gizartearen mirespena galdu du Pugatxovak, Sobietar Madonna deituak. Horren ondorioz, haren irudia zentsuratu dute zenbait filmetan, bertzeak bertze Ledokol izenekoan (Izotz hauslea). Nahiz eta Pugatxovak ez duen aktore lanik egiten film horretan, haren argazki bat ageri da egutegi batean, eta Dom Kino telebista kateak pixelatu egin zuen. Eta ez da behin bakarrik gertatu: Boris Grebenxtxihov rock kantaria kendu zuten Piter FM komedia erromantikotik, DDT musika taldea Brat 2 pelikulatik (Anaia 2)… Bertzalde, oraindik ere atzerriko edukia erakusten duten streaming plataformetan, Errusiako banatzaileek kendu egiten dituzte nazioartean arrakasta handia bildu duten telesailetako eszena deserosoak, tartean The Walking Dead eta The Wire telesailetakoak.

Fikzioari dagokionez, baliteke zerrenda beltza luzatzea ere. Izan ere, 2024an debekatu egin zituzten haurrik ez izatea sustatzen duten kontakizunak. Hala, arau horretaz baliatuz, Harry Potter saga, Game of Thrones eta Sex and the City debekatzea planteatu zuten hasieran. Nolanahi ere, zentsura giroa elkarrizketa pribatuetan ere nabari da, eta autozentsura gisa agertzen da bereziki. Egun, errusiar anitzek nahiago dute agintariekin arazorik ez izan, eta, hortaz, ez dute iritzirik eman nahi jendearen aitzinean, oraindik gutiago nazioarteko prentsarentzat. Preseski horregatik, artikulu honetan testigantza eman duten guzien izenak asmatuak dira, mintzatu direnen anonimotasuna gordetzeko. Kremlinek zorrotz mugatu nahi du herritarrek zer ikusten ahal duten eta zer ez, eta, horrez gain, argi du artista bat deserosoa baldin bada haren obrak desagertu behar duela, nahiz eta tartean eduki politikorik ez izan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA