Errusiak «erantzukizunez» jokatuko du, START Berria itun nuklearra iraungita ere

Gaur iraungi da arma nuklearren kopurua mugatzeko eta ikuskatzeko Errusiak eta AEBek 1991n sinatutako ituna. Txinak AEBei erantzun die ez duela parte hartuko hiruko beste akordio baten negoziazioetan.

Errusiako misil nuklear bat, artxiboko irudi batean. MAXIM XHIPENKOV / EFE
Errusiako misil nuklear bat, artxiboko irudi batean. MAXIM XHIPENKOV / EFE
Igor Susaeta - Aitor Garmendia Etxeberria
2026ko otsailaren 5a
14:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bukatu da 1991n Gerra Hotza amaitu zenean arma nuklearren kopurua mugatzeko eta ikuskatzeko Errusiak eta AEBek sinatutako ituna. Izan ere, gaur iraungi da START Berria akordioa. Adostu zutena eskuan, ezin da berriro berritu, nahiz eta Moskuk zera planteatu dion Washingtoni: jasotakoa betetzen segitzea, norberaren borondatez. AEBek ez dute formalki erantzun, baina Donald Trump presidenteak esan du «ideia ona» iruditzen zaiola. Kremlinek argi utzi nahi izan du, bide batez, «erantzukizunez» jokatzen segituko duela.

Azken akordioa 2010ean izenpetu zuten bi potentzia nuklearretako estatuburuek. Horren arabera, 1.550 jaurtigai nuklear eduki ditzakete gehienez; gainera, muga bat ezarri zioten lurreko eta itsaspeko misil eta bonba jaurtitzaile nuklearren kopuruari ere: 700 unitate. 2011n sartu zen indarrean, hamar urteko iraupena ezarri zioten, eta 2021ean beste bost urterako berritu zuten. Gaur arte.

Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek gaur nabarmendu duenez, ez da albiste ona akordioa iraungitzea. «Ez diote gure proposamenari erantzun», jakinarazi du, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Izan ere, AEBek uste dute Errusiaren proposamenak ez duela zentzurik, ezta soilik Moskurekin beste hitzarmen bat egiteak ere.

300

Zenbat preso trukatuko dituzten Errusiak eta Ukrainak. Kievek eta Moskuk 300 preso baino gehiago trukatzea adostu dute Abu Dhabin. AEBetako, Ukrainako eta Errusiako ordezkariek egindako hiru aldeko bileraren ostean eman du berria Steve Witkoff Etxe Zuriko ordezkariak.

Izan ere, Pekinera begira daude Washingtondik. AEBetako Justizia Departamentuaren datuek diotenez, Txinak duela sei urte halako bi buru nuklear ditu: hirurehun zituen 2020an, eta gaur egun seiehun ditu. AEBren proiekzioek diotenez, 1.000ra helduko da 2030ean. Hau da, beste itun bat egitekotan, Txinak ere hori sinatzea nahi dute AEBek.

Baina Pekinek ez du horretarako asmorik. Lin Jian Atzerri Ministerioko bozeramaileak gaur argudiatu duenez, Pekinen «indar nuklearra» ez dago Errusiak eta AEBek dutenaren pare, eta, beraz, ez du parte hartuko armagabetze nuklearrari buruzko «oraingo negoziazioetan». Txinako Global Times egunkariak jaso duenez, Linek nabarmendu du, bide batez, «autodefentsara» bideratuta dagoela beren estrategia nuklearra, eta «segurtasun nazionala» bermatzeko behar adinako indar nuklearra dutela. Pekinen jarrera defendatu du Errusiak. Izan ere, Peskoven hitzetan, Txinaren indar nuklearra ezin da parekatu AEBek eta Errusiak dutenarekin: «horregatik ez dute negoziazioetan parte hartu nahi».

Horren guztiaren harira, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Xi Jinping Txinako bere homologoarekin hitz egin zuen atzo telefonoz, eta, ordu batzuk geroago, gaur goizaldean, Trumpekin mintzatu da Xi. Txinako Atzerri Ministerioak ondoren kaleratu duen oharrak dioenez, garrantzitsua da bi potentzia ekonomiko nagusiek «harreman egonkorra» edukitzea.

Horiek horrela, gaur-gaurkoz ez dago potentzia nuklearren buru kopurua mugatuko duen hitzarmenik indarrean. 1991n, Gerra Hotzaz geroztik aurrenekoa sinatu zutenean —START akordioa—, 6.000 burukoa zen muga; 1993an, START II sinatu zutenean, 3.000ra murriztu zuten.

AEBek 1945ean lehen proba nuklearrak egin zituztenetik, beste hainbat herrialdek lortu dute bonba atomikoak garatzea. Egun, bederatzi dira potentzia nuklearrak, hau da, bonba nuklearrak dituzten herrialdeak.

AEBak

Bonba nuklearrak herritarren aurka erabili dituen herrialde bakarra da. 1945ean Hiroshima eta Nagasaki (Japonia) bonbardatu zituen, eta 200.000 pertsona baino gehiago hil. Urte hartatik, 1.000 proba nuklear baino gehiago egin dituzte. Egun, 1.770 buru nuklear ditu jaurtitzeko prest, eta beste 1.930 biltegiratuta; guztira, 3.700.

Errusia

AEBek baino bonba nuklear gehiago dituen herrialde bakarra da. 4.309 buru nuklear ditu: 1.718 jaurtitzeko prest, eta 2.591 biltegiratuta. 1957tik berrehun proba nuklear baino gehiago egin ditu. AEBek eta Sobietar Batasunak 1976ko maiatzean sinatu zuten lehen aldiz arma nuklearrak mugatzeko akordio bat.

Erresuma Batua

Bonba nuklearra lortu zuen hirugarren herrialdea izan zen, AEBen eta Sobietar Batasunaren ostean. 1952an egin zuen lehen leherketa atomikoa, Australiako Montebello uhartedian. Ordutik, 45 entsegu egin ditu; azkena, 1990eko hamarkadaren hasieran. Guztira 225 buru nuklear dauzka, horietatik 120 jaurtitzeko prest ditu, eta 105 biltegietan.

Frantzia

EB Europako Batasunean arma nuklearrak dituen herrialde bakarra da Frantzia. Saharako basamortuan lortu zuen lehen aldiz bonba atomiko bat leherraraztea, 1960an. Ordutik, 210 proba egin ditu; azkena, 1996an. Egun, 280 buru ditu jaurtitzeko prest, eta beste hamar, biltegiratuta. Arma nuklearrak dituzten herrialdeen artean Frantzia eta Erresuma Batua dira Proba Nuklearrak Erabat Debekatzeko Ituna sinatu eta berretsi duten bakarrak.

Txina

Seiehun buru nuklear ditu gaur egun Txinak; unitate gehien dituen hirugarren herrialdea da, AEBen eta Errusiaren atzetik. Moskuk eta Washingtonek baino beranduago lortu zuen arma nuklearrak garatzea, eta buru nuklearren kopuruan alde handiz dago atzetik. Gainera, seiehun buru horietatik, 24 baino ez ditu jaurtitzeko prest. 1964tik 45 proba nuklear egin ditu.

India, Pakistan, Israel eta Ipar Korea

Indiaren, Pakistanen, Israelen eta Ipar Korearen kasuan, biltegiratuta dituzten buru nuklearren kopurua baino ez du jasotzen SIPRI Bakearen Nazioarteko Ikerketa Zentroak, arma nuklear guztiak biltegietan dituztelako, edota zabaldutako buru kopurua murritza delako. Indiak 180 ditu; Pakistanek, 170; Israelek, 90; eta Ipar Koreak, 50. Bonba nuklearrak dituzten herrialdeen artean India, Pakistan eta Israel dira Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko ituna sinatu ez duten bakarrak. Ipar Koreak hitzarmen hori onartu zuen 1985ean, baina 2003an akordiotik atera zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.