Ukrainako eta Errusiako ordezkaritzek joan den astelehenean, ekainaren 2an, eman zieten jarraipena negoziazioei, Istanbulen. Horren aurreko bileran gertatu bezala, preso trukea adostu zuten bi aldeek;oraingoan, zehazki, zera hitzartu zuten: kartzelatu gazteak eta larriki zaurituta edo gaixo dauden «guztiak» aske uztea. Eperik ez zehaztuagatik, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak asteazkenean aditzera eman zuen gaur edo bihar egitekoak zirela bostehunen trukea —mila bana pasatxo askatuko dituzte denera—. Bada, gaur, Moskuk Kievi leporatu dio hitzartutakoa ez betetzea: «[Trukea egiteko] Adostu genuen tokian gaude», esan du Vladimir Medinski elkarrizketetarako Errusiako delegazio buruak, Telegram bidez, eta trukea atzeratzea egotzi dio Ukrainako negoziatzaileei: «Ez daude bertan. Hainbat arrazoi eman dituzte; xelebreak guztiak». Ez du zehaztu argudio «xelebre» horiek zeintzuk diren.
Gerra presoen trukeaz arduratzen den Ukrainaren organoak gaur Telegram bidez adierazi duenez, Moskuren akusazioak «joko zikina» eta «manipulazioa» dira, eta Errusiak igorritako 640 presoren zerrenda ez dator bat Istanbulen adostutakoarekin; hots, guztiak behintzat ez dira gazteak, zaurituak edo gaixoak. Medinskiren arabera, kategoria horiek betetzen dituzte. Errusiako Defentsa Ministerioak gaur kaleratu duen ohar batean salatu du Ukraina «uko egiten» ari zaiola trukea egiteko eguna ezartzeari.
Zerrenda horren gaineko «iruzkin esanguratsuak» egin ditu Ukrainak, eta Errusiari dagokio «hurrengo urratsa» egitea, organoaren arabera. Ukrainak osatutako presoen zerrenda baldintza horiek «oinarri hartuta» osatu duela zehaztu du. Halaber, ohar batean, Ukrainako Defentsa Ministerioak Errusiari eskatu dio ez ditzala «oztopo artifizialak» sortu preso trukea galarazteko.
Asteleheneko elkarrizketetan 6.000 soldaduren gorpuak entregatzea ere erabaki zuten bi aldeek. Negoziazioetako Errusiako delegazio buruaren arabera, 1.212 soldadu ukrainarren hilotzak dituzte trukea egitekotan diren lekuan.
Bost hildako Ukrainan
Joan zen iganean, Kievek Moskuren 41 gerra hegazkin suntsitu zituen, eta Errusiak aire eraso masibo baten bidez erantzun zion atzo —Zelenskik jakinarazi zuenez, 400 drone eta 40 misil baino gehiago jaurti zituen—. Errusiak eraso egiten jarraitu du gaur, eta gutxienez hiru lagun hil ditu Ukraina ipar-ekialdeko Kharkiv hirian, eta beste 20 zauritu. Hegoaldeko Kherson hirian ere bi lagun hil dira Errusiaren bonbardaketen ondorioz.
Ukrainako armadaren arabera, 206 drone eta bederatzi misil jaurti ditu gaur Errusiak, eta horietatik 167 drone eta zazpi misil suntsitu ditu armadak. Igor Terejov Kharkiveko alkateak Telegramen esan duenez, hirian 48 drone kamikazek, bi misilek eta bost bonbak egin dute eztanda. Bestalde, Errusiako Kursk eskualdean gerra hegazkin bat suntsitu duela jakinarazi du Ukrainako armadak.
Errusiak, berriz, Ukrainaren 36 drone eraitsi ditu gauean, Errusiako Defentsa Ministerioak ohar batean adierazi duenez; horietako bost, Mosku hiriburua dagoen eskualdean. Gainera, Ukrainako armadaren zenbait instalazio ere bonbardatu ditu: munizio biltegiak, droneak egiteko tailerrak eta mantentze lanak egiteko guneak, besteak beste. «Jopuntu guztiak txiki-txiki eginda geratu dira», esan du ministerioak oharrean.