Zelenskik begi onez ikusten du Ukrainako gerra frontea bere horretan uztea eta negoziatzen hastea

Uste du Trumpek egindako akordio proposamena «ona» dela, baina ez dago ziur Putinek onartuko duen. Gutxienez sei lagun hil dira Errusiak Ukrainari misilekin eta droneekin eraso eginda.

Errusiako armadaren drone batek Kharkiveko (Ukraina) haurreskola bati egin dio eraso gaur. SERGEY KOZLOV / EFE
Errusiako armadaren drone batek Kharkiveko (Ukraina) haurreskola bati egin dio eraso gaur. SERGEY KOZLOV / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko urriaren 22a
11:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eten bat egitea, Ukrainako gerra frontea bere horretan utzi eta negoziatzen hastea proposatu du asteon Donald Trump AEBetako presidenteak, eta aukera hori begi onez ikusten du Volodimir Zelenskik: «Hau proposatu zuen: 'Gelditu gaitezen gauden tokian, eta ekin diezaiogun elkarrizketari'. Akordio ona dela uste dut», esan die gaur Norvegian zenbait kazetariri. Halere, ez dago ziur Vladimir Putin Errusiako presidenteak akordio hori onartuko duen. AEBetako presidenteak gerra frontea «izozteko» deia egin zuen astelehenean; hau da, proposatu zuen alde bakoitza gaur-gaurkoz kontrolpean dituen lurraldeetan geratzeko, eta ondoren muga horiek negoziatzen hasteko.

Hain justu, Zelenskik gaur egin ditu adierazpen horiek, noiz-eta Etxe Zuriak iragarri eta biharamunean oraingoz Trump ez dela bilduko Putinekin. Iragan astean, Trumpek telefonoz hitz egin zuen Putinekin, eta iragarri bi asteren buruan harekin bilduko zela, Budapesten. Azkenean, baina, erabaki dute bilkura hori ez egitea oraingoz; izan ere, AEBetako presidenteak, atzo gauean Etxe Zurian emandako prentsaurreko batean azaldu zuenez, ez du «alferrikako bilerarik» egin nahi, ezta «denbora galtzen» ibili ere.

Budapesten egitekoa zen bilera hori prestatzeko, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak telefonoz hitz egin zuten atzo, eta dei horren ostean erabaki zuten bilkura bertan behera uztea. Nazioarteko hedabideek Trumpen administrazioko iturriak aipatuz kaleratu zutenez, erabaki hori hartu dute Kremlinek ez duelako onartu nahi Ukrainako gerra amaiaraziko lukeen akordiorik. Kremlinen arabera, ordea, prestatze lanek «denbora» eskatzen dutelako atzeratu dute bilkura, eta eguna «zehazteko» dago. Hala azaldu du gaur Dmitri Peskov Kremlinen bozeramaileak, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan.

Elkarrizketak, telefono deiak, bilkurak... Ukrainako gerraren inguruko negoziazioak negoziazio, gatazkak aurrera jarraitzen du. Gaur goizaldean, Errusiako armadak sei pertsona hil eta hamazazpi zauritu ditu, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik sare sozialetan jakinarazi duenez: «Batez ere azpiegitura energetikoei egin diete eraso, baina bizitokiei ere bai». Herrialdearen ipar-ekialdean, Kharkiven, izan da eraso horietako bat: Errusiako armadako drone batek haurreskola bat jo du. Gutxienez pertsona bat hil du eta zazpi zauritu ditu han.

Ukrainako hamar probintziatan egin ditu erasoak Moskuk, hiriburua bera tartean dela. The Kyiv Independent egunkariak kaleratu duenez, hiru lagun hil dituzte Kieven egindako erasoetan. Mikola Kalaxnik Kiev probintziako gobernadoreak Telegramen zabaldu duenez, bonbardaketen eraginez suteak piztu dira hiriburuko hainbat bizitokitan, eta erreduren ondorioz hil dira hiru lagun horiek.

Herrialdean zehar egindako erasoak direla eta, itzalaldiak izan dira zenbait eskualdetan. Esaterako, Ukraina hegoaldean, Odesa hirian, azpiegitura energetiko bat jo du Errusiako armadaren eraso batek, eta milaka biztanle argindarrik gabe geratu dira, DTEK argindar konpainiak ohar batean jakinarazi duenez. Gainera, Poltava eskualdean, herrialdearen erdialdean, gas eta petrolio azpiegiturak ere hondatu dituzte Moskuren erasoek, eskualdeko agintari militarren arabera. Bestalde, Ukrainako armadak jakinarazi du Erresuma Batuak emandako Storm Shadow misilekin Errusiako planta kimiko bati eraso egin diola goizaldean. Errusiako armadak gehitu duenez, Ukrainatik jaurtitako 33 drone eraitsi ditu gaur.

Aurreko urteetako joerari jarraituz, negua hurbildu ahala Errusiak areagotu egin ditu Ukrainako energia azpiegituren kontrako erasoak. Atzo, Zelenskik hori bera salatu zuen sare sozialetan, eta gaineratu joera hori ez dela etengo Mosku estuago hartu ezean. Izan ere, Ukrainako presidentearen ustez, Errusiak erasoak areagotu ditu AEBek Ukrainari Tomahawk misilak emateko aukerak «zertxobait gutxitu» diren honetan.

Horren harira, irismen luzeko halako misilak eskatu zizkion Zelenskik ostiralean Donald Trump AEBetako presidenteari, Etxe Zurian egin zuten bilkuran. Trumpek, baina, espektatibak apalarazi zizkion Ukrainako presidenteari, eta adierazi espero duela Kievi Tomahawk misilik eman gabe gerra amaitu ahal izatea.

Trump, oraindik baikor

Trump baikor mintzatu zen atzo gauean ere: «Uste dut Putinek gerra amaitzea nahi duela, eta Zelenskik ere bai. Uste dut amaituko dela». AEBetako presidenteak esana da kargura iritsi eta «egun batzuen buruan» amaiaraziko zuela gatazka; uste baino gehiago luzatzen ari da, baina, hark jarritako epea. Urtarrilaren 20an itzuli zen Etxe Zurira, eta ordutik hiru aldiz batzartu da Zelenskirekin Etxe Zurian; Putinekin behin elkartu da, Alaskan (AEB).

Tarte horretan, Etxe Zuriko maizterrak zenbait aldiz aldatu du jarrera Ukrainako auziaren inguruan. Esaterako, irailera arte ezinezkotzat joa zuen gatazka amaitzea lurralde trukerik egin ezean, eta Ukrainako presidenteari esan zion uko egin beharko ziola Ukrainaren lurralde osotasunari. Irailean, baina, ziurtatu zuen bazitekeela Ukrainak aukera izatea galdutako lurraldeak berreskuratzeko.

Ostiralean Trumpek Ukrainako presidenteari exijitu zion Kremlinen eskakizunak betetzea, eta Errusiaren esku uztea Donbass —Luhansk eta Donetsk eskualdeek osatzen dute—. Gainera, Financial Times Erresuma Batuko egunkariak kaleratu zuenez, ohartarazi zion Moskuren eskaerak bete ezean Errusiak «suntsitu» egingo duela Ukraina. 2022ko otsailetik, hau da, inbasioa hasi zuenetik, Luhansk, Donetsk, Kherson eta Zaporizhiako eskualdeak okupatu ditu Errusiak —aurrez Krimea ere bai—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.