Trumpek esan du esperantza duela Ukrainari Tomahawk misilik eman gabe gerra amaitzeko

Zelenskik nabarmendu du «segurtasun bermeak» behar dituela, eta armak eskatu dizkio AEBetako presidenteari. Errusiak uste du misil horiek entregatzeak «kalte» egingo liokeela AEBen eta Errusiaren arteko harremanari.

Trump eta Zelenski, gaur, Etxe Zuriaren kanpoaldean. SHAWN THEW / EFE
Trump eta Zelenski, gaur, Etxe Zuriaren kanpoaldean. SHAWN THEW / EFE
Igor Susaeta - Aitor Garmendia Etxeberria
2025eko urriaren 17a
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errusiak eta Ukrainak elkarren arteko gatazka amaitu nahi dutela uste du Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak: «Orain, amaitu egin behar dugu». Vladimir Putin Errusiako presidentearekin telefonoz hitz egin eta harekin biltzekoa dela iragarri eta biharamunean, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin bildu da, Etxe Zurian. Trumpek adierazi duenez, iruditzen zaio bi aldeek amaitu nahi dutela gerra; horregatik, nabarmendu du esperantza duela gerra amaitzeko Kievi irismen luzeko Tomahawk misilak eman gabe. Washingtonek Ukrainari ematen dion laguntza militarra areagotzeaz hitz egitekoak ziren bi liderrak, zehazki, Trumpek berak azken asteetan hainbatetan iradoki bezala, Tomahawk misil batzuk entregatzeaz. Gaur, baina, ez du halakorik ziurtatu.

Ukrainako presidenteak, ostera, berretsi du Putinek ez duela bakerik nahi, eta gogorarazi Kievek «segurtasun bermeen» beharra duela: «NATO [Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea] da segurtasun bermerik onena, baina armak ere garrantzitsuak dira. Baita aliatuak edukitzea ere». Bilkuraren aurretik egindako agerraldian hitz egin du Zelenskik segurtasun bermeez, kazetari batek galdetu dionean zer kontzesio egiteko prest dagoen; Ukrainako presidenteak gehitu du lehenik «eseri eta hitz egin» behar dela, eta bigarren urratsa su eten bat lortzea dela.

Hitza hartu bezain laster, Zelenskik Trump zoriondu du Gazarako ondutako plana dela eta: «Lortu duzu». Eta jarraian adierazi du «orain» Ukrainako inbasioa geldiarazteko «garaia» dela. Bi liderrak «elkar ulertzen» hasi direla ere gaineratu du. Eta eskerrak eman dizkio behin eta berriro Etxe Zuriko maizterrari.

AEBetako presidenteak eta Zelenskik Washingtonen egindako hirugarren bilera izan da Trumpek kargua berriz hartu zuenetik, hau da, urtarriletik. Aurrenekoan, otsailean, Trumpek Zelenskiri errieta egin zion jendaurrean: esan zion, gutxi-asko, AEBen laguntza militarrik gabe zereginik ez zuela guda zelaian, eta planteatu zion, hortaz, Putinek gatazka amaitzeko jartzen dituen baldintzak onartzea; besteak beste, Ukrainak bere lurralde batasunari uko egitea. Gaurko agerraldiak ez du zerikusirik izan orduko harekin, eta kazetariek galdetu diotenean ea Ukrainak Errusiari lurraldeak eman beharko dizkion, Trumpek izkin egin dio galderari: «Gerra batean, ezin da jakin zer gertatuko den».

Horren harira ere, AEBetako presidentea jarrera aldatuz joan da. Abuztuan batzartu zen bigarrenez Zelenskirekin, baina irailean izan zen jarrera aldaketa. NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren urteroko bilkuran elkartu ziren bi agintariak, New Yorken (AEB). Ordura arte, Trumpek ezinezkotzat joa zuen gatazka amaitzea lurralde trukerik egin ezean. NBEren batzarrean izandako elkarrizketa labur haren ostean, baina, Etxe Zuriko maizterrak ziurtatu zuen Ukrainak aukera izan zezakeela galdutako lurraldeak berreskuratzeko. 2022ko otsailetik, hau da, inbasioa hasi zuenetik, Luhansk, Donetsk, Kherson eta Zaporizhiako eskualdeak okupatu ditu Errusiak.

Gaur lurralde trukeen inguruan hitz egin ez badu ere, Trump oso baikor agertu da gerra amaitzeko aukerei dagokienez: «oso-oso gertu gaude». Eta, bide batez, Ukrainari Tomahawk misilak bidaltzeko aukera uxatu du, neurri batean. 

AEBek Ukrainari eman diezazkioketen misil horiei dagokienez, Moskuk uste du horiek erabiltzeak ez duela aldatuko gerraren egoera; iruditzen zaio, ordea, AEBen eta Errusiaren arteko harremanari «kalte» egingo liokeela. Hori adierazi zuen atzo Juri Uxakov Putinen aholkulariak, prentsaurreko batean. Trumpek berak jarri du mahai gainean 2.400 kilometro inguruko irismena duten misilak Ukrainari emateko aukera. Bi agintariek aipatu dute Tomahawk misilez hitz egitekoak zirela, baina AEBetako presidenteak gogorarazi du Washingtonek ere behar dituela arma horiek. Eta «horregatik ere» garrantzitsua dela gerra amaitzea.

Hain zuzen, hainbat adituk azken egunetan hedabideetan nabarmendu dutenez, AEBek halako 25-50 dituzte erabilgarri, ez gehiago.  Atzo, Trumpek berak aitortu zuen «erreserbak» ez dituztela agortu nahi. Etxe Zuriko maizterraren esanetan, Putinek ez zuen ondo hartu Ukrainari Tomahawk misilak entregatzeko aukera. Nolanahi ere, azpimarratu zuen Errusiako presidentearekin izandako bilera «emankorra» izan zela. Ukrainak Errusiaren armategiak eta energia azpiegiturak jotzea luke helburu misil horiek erabilita.

Bestalde, Zelenski armak ekoizten dituzten AEBetako bi enpresarekin bildu zen atzo: Raytheonekin eta Lockheed Martinekin. «Aireko defentsa sistemen eta irismen luzeko misilen arloan dugun gaitasuna indartzeaz hitz egin dugu», esan zuen Zelenskik, sare sozialetan. 2022ko otsailean Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, Zelenski laguntza eskatzen ari zaie bai AEBei, bai Mendebaldeko beste potentzia militar batzuei. Hasieran, erasorako tankeak izan ziren; gero, F-16 gerra hegazkinak; eta orain, berriz, irismen luzeko misilak. Esan izan du Ukrainak gerraren norabidea alda zezakeela horien bidez , baina 2022ko udazkenaren hasieran ekialdean egin zuen kontraerasoaz geroztik —neurri handi batean, Errusia hegoalderago zeuzkan posizioak indartzen ari zelako—, Ukrainak nekez berreskuratu du lur eremurik; kontrara, Institute for the Study of War AEBetako think tank-ak ia egunero berritzen duen informazioa aintzat hartuta, Errusiak aurrerantz egiten segitzen du gerra frontean, oso-oso pixkanaka bada ere.

Putinekin, Budapesten

Bien bitartean, Viktor Orban Hungariako ministroa pozik dago Putinen eta Trumpen arteko bilkura Budapesten egingo delako. «Bakearen ikuspegia eta alderdi teknikoa kontuan hartuta leku seguru baten bila ari baldin baziren, logikoa da Budapesten aldeko hautua egin izana», esan du, irrati kate publikoan egin dioten elkarrizketa batean. Atzo Trumpek iragarri zuen bilkura hori «laster» egingo dutela, datozen asteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.