Trumpek proposatu du Ukrainako gerra frontea bere horretan uztea

'Financial Times' egunkariaren arabera, AEBetako presidenteak Zelenskiri exijitu dio Kremlinen eskariei men egiteko, hala egin ezean Errusiak «suntsitu» egingo duela ohartarazita.

Zelenski eta Trump aurrez aurre ostiralean, Etxe Zurian. AARON SCHWARTZ / EFE
Zelenski eta Trump aurrez aurre ostiralean, Etxe Zurian. AARON SCHWARTZ / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko urriaren 20a
16:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ukrainako auzian alde batera eta bestera egiten jarraitzen du Donald Trump AEBetako presidenteak. Oraingoan, proposatu du gerra frontea «izozteko», hau da, alde bakoitza gaur-gaurkoz kontrolpean dituen lurraldeetan geratzeko, eta ondoren muga horiek negoziatzen hasteko. 2022ko otsailean inbasioa hasi zuenetik, Luhansk, Donetsk, Kherson eta Zaporizhiako eskualdeak okupatu ditu Errusiak —aurrez Krimea ere bai—. Eta, Trumpek atzo gauean kazetarien aurrean proposatutakoaren arabera, Moskuren esku geratuko lirateke eskualde horiek. «Aurrerago negoziatu ahal izango dute», gehitu zuen.

Irailera arte Trumpek ezinezkotzat joa zuen gatazka amaitzea lurralde trukerik egin ezean. Irailean New Yorken (AEB) Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin hitz egiten ostean, baina, ziurtatu zuen Ukrainak aukera izan zezakeela galdutako lurraldeak berreskuratzeko.

Hain zuzen, ostiralean batzartu ziren beste behin Trump eta Zelenski, Etxe Zurian. Financial Times Erresuma Batuko egunkariak gaur kaleratu duenez, Kremlinen eskakizunei men egiteko eta Donbass —Luhansk eta Donetsk eskualdeek osatzen dute— Errusiaren esku uzteko exijitu zion AEBetako presidenteak Zelenskiri. Egunkariak iturri ofizialak aipatuz gehitu duenez, bi agintariak oihuka aritu ziren, eta Trumpek Zelenskiri ohartarazi zion Errusiak Ukraina «suntsituko» duela haren eskaerak betetzen ez baditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.