Tentsioak gora egiten jarraitzen du Europa ekialdean. Itsaso Beltzaren inguruan ezegonkortasuna areagotzea leporatu dio Bukarestek Moskuri, larunbatean drone batek Errumaniako aire eremua zeharkatu ostean. Ekintza «arduragabe» horiek segurtasunerako «beste desafio bat» direla ohartarazi zuen Errumaniako Defentsa Ministerioak atzo, ohar batean. Horregatik, Errusiak Bukaresten duen enbaxadorea bilera batera deitu zuen Errumaniako Gobernuak. Atzo egin zuten bilkura, eta gaur enbaxadak adierazi du Bukarestek ezin duela baieztatu atzemandako dronea Errusiakoa dela. Eta, ohar batean gehitu dutenez, «itxura guztien arabera», larunbateko gertakaria Ukrainaren «probokazio bat» izan zen, Europako estatuak Moskuren aurka jartzeko.
Errumaniako Defentsa Ministerioak zabaldutako oharraren arabera, Ukrainari eraso zion drone batek Errumaniako aire eremua zeharkatu zuen larunbatean. Bukarestek bi gerra hegazkin bidali zituen dronea gainbegiratzera, baina, 50 minutuz herrialdearen ipar-ekialdean ibili ostean, berriz ere Ukrainara sartu zen dronea. Errumaniak ipar-mendebaldean eta ipar-ekialdean egiten du muga Ukrainarekin.Â
Azken egunetan NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko bi estatuk egotzi diote Moskuri beren aire eremua zeharkatzea. Errumaniak hala egin aurretik, asteazkenean Poloniak jakinarazi zuen Errusiako droneak atzeman zituztela. Donald Tusk lehen ministroaren arabera, hemeretzi aldiz zeharkatu zuten Poloniako aire eremua, eta defentsa sistemek hiru drone erorarazi zituzten. Probokazioak albo batera uzteko eskatu zion Tuskek Moskuri, eta esan zuen Polonia Errusiaren erasoaldi bati aurre egiteko prestatzen hasi zela NATOren laguntzarekin.
59Errusiak jaurtitako zenbat drone suntsitu dituen Ukrainak. Ukrainako armadaren arabera, Errusiako armadak 84 drone jaurti ditu atzo gauetik gaur goizera arte; horietatik 59 suntsitu ditu Kievek.
Mendebaldeko aliantza militarrak Ekialdeko zentinela operazioa jarri du martxan. Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak ostiralean emandako prentsaurreko batean jakinarazi zuen zenbait estatu kidek ekipamendu militarra bidali dutela Polonia ekialdera. Ruttek gehitu zuen aliantza beti egongo dela estatu kideak defendatzeko prest. Horren harira, Kremlinek gaur ziurtatu du NATO gerran dagoela Errusiarekin. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak egunero eman ohi duen prentsaurrekoan esan duenez, «begi bistakoa da»: «NATO de facto gerra honetan parte hartzen ari da».
Ariketa militarrak
Bitartean, Errusia eta Bielorrusia ariketa militar bateratuak egiten ari dira. Ostiralean hasi ziren, eta bihar dira amaitzekoak. Kremlinek lasaitasunerako deia egin dio Mendebaldeari; Peskoven arabera, Zapad izeneko ariketak lau urtez behin egiten dituzte 2009az geroztik, eta ez da mehatxu bat Europarentzat. Baina EB Europako Batasuna ez da Moskuz fio. Ariketa horiek «gertutik gainbegiratzen» ari direla jakinarazi du gaur Anitta Hipper talde komunitarioko Atzerri zerbitzuetako bozeramaileak, prentsaurreko batean.
Era berean, EBk gaur azaldu du urteak daramatzala Errusiari erregai fosilak erosteari uzteko lanean. Asteburuan Donald Trump AEBetako presidenteak egindako eskaerari erantzunez, Paula Pinho Europako Batzordeko bozeramaileak ziurtatu du talde komunitarioa Ukrainako gerra hasi zenetik ari dela horretan, eta gaineratu du Moskuri zigor gehiago ezarriko dizkiotela. Trumpek herenegun NATOko kideei bidalitako mezu batean adierazi zuen prest dagoela Moskuri «zigor handiak» ezartzeko, baina horretarako, lehenik, Europako herrialdeei eskatu zien ez erosteko petroliorik Errusiari, eta zigor gehiago ezartzeko.
Europar Kontseiluaren datuen arabera, EBko herrialdeek gasbidez esportatzen duten gasaren %40 baino gehiago Errusiakoa zen 2021ean; 2024an, aldiz, %11 inguru iritsi zen Errusiatik. Gainera, zenbait estatu kidek Errusiako petrolioa jasotzeari utzi diote; Txekiar Errepublikak, esaterako. Halere, Hungariak eta Eslovakiak —biak dira EBko herrialdeak— Errusiatik esportatzen dute petrolioa oraindik ere.
Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Volodimir Zelenski Ukrainakoa aurrez aurre biltzeko aurrerapausorik ez dutela eman ziurtatu du gaur Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan. Abuztuan, Putin eta Donald Trump AEBetako presidentea Alaskan batzartu ostean, atea ireki zioten bi horien eta Ukrainako gobernuburuaren arteko elkarrizketa bati. Asteburuan, Etxe Zuriko maizterrak bilkura hori «gertagaitza» dela esan zuen, baina, geroago, «kontua laster konponduko» zuela iragarri zuen. Bada, gaur, Moskuk ziurtatu du «gaur-gaurkoz» ez dutela bilera hori egiteko urratsik egin.putinen eta zelenskiren arteko bilkura, ez atzera ez aurrera