«Errusiaren oldarkortasuna eta Europaren kontrako mehatxuak aldatzen ari dira», ohartarazi du gaur Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, eta, horiek horrela, gobernuari eskatu dio herrialdeko azpiegitura kritikoak babesteko plan bat ondu dezala, besteak beste, drone bidezko erasoei eta zibererasoei aurre egiteko: «Europarren eta Frantziaren kontrako mehatxu hibridoa areagotu egin da».
Eliseoak jakinarazi duenez, Macron herrialdeko alderdien ordezkariekin bildu da nazioartearen gainbehera «bizkorraz» eztabaidatzeko; autoritate militarrak eta zerbitzu sekretuetako arduradunak ere bileran egon dira. Horren ondoren eman duen prentsaurreko batean, presidenteak esan du egoera «larria» dela, eta «zelatan» egon behar dutela.
Izan ere, alertak piztu dira Europan azken asteotan: Alemaniak Errusiari leporatu zion Leipzigeko aireportuaren aurka droneekin egindako erasoa; Donald Tuskek, Poloniako lehen ministroak, ohartarazi zuen balitekeela Errusiak Ukrainaren kontrako hibridoak egitea; eta zenbait herrialdek salatu izan dute misilak-eta sartu direla beren aire eremuetan.
Prentsaurrekoan, Macronek Ukrainari emandako babesa berretsi du, irizten baitio Errusiaren asmoa Europako aliatuak «kikiltzea» dela, «Ukrainarrei laguntzeko egiten dugun ahalegina haustea», baina esan du Moskuk huts egin duela: «Ez gaitu kikiltzen, badakigu-eta bai gaurko segurtasuna eta bai biharkoa Ukrainan ari dela garatzen». Hori dela eta, esan du Errusiak Europari mehatxu egiten jarraitzea «akatsa» dela: «Disuasioaren oinarria egingo duguna ez erakustea da berez. Baina ez da erantzunik gabe geratuko».