Pentsamendu kritikoari egindako ekarpenagatik, Fair Saturday fundazioaren saria jaso du asteon Nancy Fraser filosofoak (Baltimore, Amerikako Estatu Batuak, 1947). Izan ere, ibilbide akademiko eta politiko luzea egin du, besteak beste, teoria marxistak eta feministak uztartzen. Euskaraz, Kapitalaren lantegi ezkutuak liburuan (Lisipe, 2021) bilduak ditu kapitalismoaren eta justizia sozialaren inguruko hausnarketarik esanguratsuenak. Eta berriki, Cannibal Capitalism saiakeran sakon aztertu du sistema kapitalistaren funtzionamendua: ondorioztatu du sistema horrek egiturazkoak dituela herrialde eta pertsona menderatuen, zaintza lanen, naturaren eta botere publikoaren «kanibalizazioa». Halaxe azaldu zuen asteartean, Bilbao Kultura Social Forumen emandako hitzaldian.
Zure azken azterlanean, kapitalismoaren definizioa zabaldu duzu, sistema ekonomiko bat baino gehiago delakoan. Zer da, hortaz, kapitalismoa?
Kapitalismoa ekonomia baino gehiago da: ordena sozial instituzionalizatu bat da; hau da, gizartearen antolaketa osoa da kapitalista, eta horren barruan dago ekonomia. Hori ulertzeko, ekonomiaren eta inguruko sistemen arteko harremanak aztertu behar dira; ekonomiak estatuarekin duen erlazioa, familiekin eta zaintzarekin duena, edo naturarekin duena. Ekonomiak ezin du funtzionatu beste sistema horiek guztiek energia eta aberastasuna eman gabe, eta ekonomia ezin da ulertu sistema horiek gabe. Izan ere, ekonomia mito baten gainean eraikita dago: aberastasuna mirariz produzitzen dela lantegietan eta inbestitzaileek dirua jartzen dutenean. Baina egiaz aberastasun pila bat erauzi egiten da naturatik, emakumeen zaintza lanetik, sektore publikotik eta gizakien energiatik. Kapitalismoak, ordea, sistema horiek guztiak banatu egin ditu instituzio diferenteetan, eta gizartearen parte horien artean harreman disruptiboak ezarri ditu.
Horregatik irudikatu duzu kapitalismo kanibala isatsa jaten duen sugearekin?
Bai, kapitalismoak suntsitu egiten dituelako bere existentziarako baldintzak. Kapitalismoa ez da sistema sozial egonkorra; berezkoa du hausturarako eta krisirako joera: irabazi gehiago eta gehiago lortzera bideratzen ditu pertsonak eta mekanismoak. Kontua da mekanismo horiek beharrezko dituztela natura, zaintza lanak eta botere publikoak; baina, aldi berean, doan hartzen dituzte, ez dute inolako erantzukizunik hartutakoa berriz hornitzeko edo kaltetutakoa konpontzeko. Horregatik deitu diot harreman kanibala: bere burua jaten ari da, posible izateko behar dituen baldintzak irensten.
«Zohran Mamdaniren kanpainak langile klasearen indar politiko berri bat sortu zuen; eta, programako giltzarriei erreparatuta, denak izan ziren erreprodukzio sozialaren alorrekoak»
Ezkerreko mugimenduetan, eztabaida bat izaten da tarteka: zein den zapalkuntza nagusia. Kapitalismoa sistema sozial gisa ulertzeak esan nahi du ez dagoela kontraesan bakar eta nagusi bat?
Ez, ez dago kontraesan bakarra, eta, are, kontraesan guztiak nahastuta daude. Kontua ez da zein den kontraesan nagusia, zeren ezin baita kontraesanetako bat jorratu besteak jorratu gabe, elkarri lotuta daudelako. Klase kontraesana halako moldez osatu da, non genero kontraesanaren eta arraza kontraesanaren mende dagoen. Izan ere, sistema gutxienez hiru lan motatan oinarritzen da: lehena, lan esplotatua, Marxek teorizatu zuen hura, beren lan indarra kapitalari saltzen dioten langileena; bigarrena, zaintza lana edo lan etxekotua, lehenengo langile horiek ekoizten dituena, ordaindu gabe edo gutxi ordainduta, eta ez dena egiazko lantzat hartzen; eta hirugarrena, lan desjabetua edo langile arrazializatu edo migratu ez-askeek egiten dutena, txarto ordainduta eta enplegatzaileen mende. Hori kontuan hartuta, langile klasean ez daude soilik fabrikako beharginak, baizik eta etxekoandreak, migranteak...
Klase borroka bera aldatzen ari da, beraz?
Bai. Horrekin lotuta dago, adibidez, lan sinboliko deitutakoa. Gazte belaunaldi oso bat unibertsitatean trebatu da pentsatuz bizi osorako lan ibilbide bat izango zuela kazetaritzan eta halako eremuetan, eta orain ohartzen ari da ideia hori amaitu dela. Ezagutzaren arloko langileen geruza prekario bat sortu da, eta horiek ere langile klasearen parte dira. Eta bada kontu interesgarri bat: Zohran Mamdanik New Yorken sortu zuen koalizioa, hain justu, aliantza bat izan zen, desklasatutako profesional zuri horien eta migrante eta afrikar-amerikar langileen artekoa. Kanpaina hark langile klasearen indar politiko berri bat sortu zuen; eta, programako giltzarriei erreparatuta, denak izan ziren erreprodukzio sozialaren alorrekoak: doako garraio publikoa, doako haurtzaindegiak, zerbitzu publikoak, etxebizitza sozialak, elikagai osasuntsuak... Klase borrokaren inguruko ikuspegi berria da.
Kapitalismo finantzarizatua krisian dela diozu liburuan. Zer dimentsio du krisi horrek?
Kapitalismoaren historian hiru edo lau krisi handi izan dira, eta hau horietako bat da. Egiturazko kontraesan horien adierazpen bat da, baina aurrekoen aldean, berria da klima krisiaren hedapena: ikusten ari gara zer den metatutako kaltea, 150 urtez berotegi efektuko gasak isuri ondoren. Eta, hala ere, ez daukagu inolako mekanismorik hori geldiarazteko, konpontzeko; eta ez daukagu gaitasun publikorik gauzarik inportanteena egiteko, alegia, sistema osoa berrantolatzeko eta honela ekoizteari uzteko.
«Zu irla batean bizi bazara eta itsasoaren mailaren igoerak arriskuan jartzen bazaitu, inork ez lizuke esan behar beste zerbaitez kezkatu behar duzula, horixe baita zure arazorik handiena»
Hortaz, nola egin diezaioke aurre ezkerrak krisi handi horri?
Egiturari begira, hau da, gizartea nola antolatu behar litzatekeen, bertan behera utzi behar dugu kapitalak mugarik gabe pilatu eta xahutu dezan ahalbidetzen duen mekanismoa, edozein oztopo —izan gobernu bat, komunitate bat, natura...— suntsitzea ahalbidetzen diona. Hori geldiarazi egin behar dugu, eta gizartea berrantolatu behar dugu energia iturri berriztagarrien eta iraunkorren gainean. Goitik behera aldatu behar dugu naturarekin dugun harremana, eta balio handiagoa eman behar diogu zaintzari, ulertu behar dugu horrek eragiten duela beste guztiak funtzionatzea. Eta horren gainean erabaki politikoak hartu behar dira: politikak jendearentzat egin behar dira.
Eta praktikan, nola heldu horra?
Mamdaniren adibidea interesgarria da, baina hori ez da bat-batean lortzen: halako koalizio bat eraikitzeak prozesu bat eskatzen du, borrokak eta gizarte mugimenduak lotzeko. Halakoetan, mugimendu feminista indar garrantzitsuenetako bat da, baina sindikatuak ere behar dira, arrazakeriaren aurkako mugimendua, ekologistak... Koalizio zabal bat izan daiteke, zeinetan talde bakoitzak premiazko gai bat izango duen. Zu irla batean bizi bazara eta itsasoaren mailaren igoerak arriskuan jartzen bazaitu, inork ez lizuke esan behar beste zerbaitez kezkatu behar duzula, horixe baita zure arazorik handiena; edo 15 urteko seme bat baduzu eta zure beldurra baldin bada arrazista batek edo polizia batek tiro egin diezaiokeela zuen auzoan, hori da zure arazorik larriena. Ez da sailkapenik egin behar. Baina gakoa da arazo horiek guztiak lotuta daudela sistema sozial batekin, kapitalismoarekin, eta arazo horietako bat ere ezin dela konpondu sistema osoa eraldatu ezean. Horrek oinarri bat ematen digu aliantzetan pentsatzeko. Teoria kritikoa lantzen dugunok ez daukagu galdera guztietarako erantzunik, baina guk eman dezakegun zerbitzua da mapa bat eskaintzea, jendeak ikus dezan non dagoen, nola dagoen konektatuta sistema sozial bidegabe eta suntsitzaile honekin, eta nola sistema honek denei egiten dien min.
Euskal Herrian zaintza eskubidearen aldeko greba feminista orokor bat izan zen 2023an, mugimendu feministak gidatuta, sindikatuek deituta eta gizarte eragile ugarik babestuta. Bide bat izan daiteke?
Bai. Ez dut xehetasunen berri, baina gaiaz pixka bat irakurri nuen eta hunkitu egin ninduen. Justu halako gauzak egin behar dira. Mamdani ere horixe da: proiektu berdina da, zaintzaren aldekoa, bestelako taktika batekin; baina grebaren taktika oso indartsua da.
Alternatiba zabal horren eraikuntzan, maiz korapilo handiak agertzen dira lanpostuen defentsaren inguruan; adibidez, asko kutsatzen duen industria baten itxierari aurre egitean. Nola atera daiteke hortik?
Arazoa zera da, pentsatzea lanpostuak izatea nahi baduzu ezin zarela arduratu ingurumenaz, eta, beraz, militante ekologista izateak esan nahi duela enpleguen kontra zaudela. Hori faltsua da. Izatez, trantsizio berdeak enpleguak sortuko ditu. Baina, gainera, industria horietako langileek ere arnasten dituzte gai toxikoak; meatzariak, adibidez, urteetan borrokatu ziren meatzeak ez ixteko, baina gero asko hil egin ziren meatzeek eragindako gaitzen ondorioz. Enplegua ez da garrantzia duen bakarra: osasuna ere garrantzitsua da.
«Kapitalismoak, berez, demokraziaren ahalmena mugatzen du. Funtsean, gai batzuk 'demokratikoki' jorratzen ditu, baina auzi gehienez korporazio handiek erabakitzen dute»
Zure mintzaldian demokraziaz ere aritu zara, kapitalismoaren kontraesan politikoari lotuta. Kapitalismoak arriskuan jartzen al du demokrazia?
Arazoa ez da soilik gizon gaizto talde bat —Trump, adibidez— boterera heldu dela eta aldatzen ari dela sistema demokratiko on gisara genuen hori. Hori egia da, baina arazo sakonago bat dago: kapitalismoak, berez, demokraziaren ahalmena mugatzen du. Funtsean, gai batzuk demokratikoki jorratzen ditu, baina produkzioa nola antolatzen den, zenbat orduz lan egin behar dugun, nola erlazionatzen garen naturarekin, auzi horietako bat ere ez da demokraziaren parte, korporazio handiek erabakitzen dutelako. Eta hori, oinarrian, antidemokratikoa da.
Eskuin muturra mehatxu bat baino gehiago da jada, herrialde askotan Trumpen gisako agintariak ari baitira krisi handi hau kudeatzen. Egungo abagunean, errazagoa da eskuin muturrak kapitalismoa berrasmatzea, ezkerrak bestelako sistema bat eraikitzea baino?
Egoera hau bilakaera diferenteak izaten ari da tokian-tokian. Amerikako Estatu Batuei dagokienez, MAGAk eta trumpismoak porrot egin dute: babesa galtzen ari dira etengabe. Langile klaseko jende askok itxaropena zuen Trumpengan, haien alde egingo zuela promestu zuelako, eta orain ikusi dute traizioa egin diela; beraz, zer egin aztertzen ari dira: askok ez dute berriz bozkatuko; beste batzuek, berriz, ezkerrari emango diote botoa... Ikusiko dugu. Eta bitartean, Alderdi Demokrata gerra zibil antzeko batean dago, gorantz datorren ezker berriaren eta botere handiagoa duen stablishment-aren artean. Momentu garrantzitsua da ezkerrarentzat: DSA [Amerikako Sozialista Demokratikoak] hazten ari da, boto emaile eta hautagai pila bat erakartzen ari da, eta leku askotan senatariak irabazteko aukera handiak ditu. Hori ere bada eszenatoki bat. Izan ere, eskuin muturrak ez ditu konpontzen jendearen arazoak; ez dakar irtenbide errealik, kaosa baizik. Espero izatekoa da gizadian nahikoa arrazionaltasun izango dela ohartzeko gizon horiekin ez goazela inora.