Pablo Stefanoni historialari eta kazetaria (Buenos Aires, 1972) munduko eskuin erradikalen gorakada aztertu zuten lehenengoetako bat izan zen. Lehen liburua atera zuenetik —La rebeldía se volvió de derecha (Errebeldia eskuinekoa bilakatu da, 2021)— oraingoa argitaratu duen arte —Un fantasma recorre el mundo (Mamu bat dabil munduan zehar, 2026)—, eskuin muturra hauteskundeetako beste indar bat bihurtu da, eta, idazlearen hitzetan, arazoak sortzen dizkio ezkerrari, statu quo-aren alde kokatzen duelako. Stefanoni, gainera, Nueva Sociedad aldizkariko erredakzioburua ere bada, eta Le Monde Diplomatique-ren Cono Sur edizioan ere aritzen da kolaboratzaile.
Esan duzu eskuin mutur globala komunitate emozional bat dela proiektu homogeneo bat baino gehiago.
Askotan, uste izaten da eskuinek bat egiten dutela doktrinan, eta munduaren ikuskera bera dutela, baina, egiatan, bi elementu daude: batetik, aniztasuna dago, baina, bestetik, elkarri babesa ematen diote nahiz bat ez etorri gai garrantzitsu batzuetan. Alemaniarentzako Alternatibak (AfD), kasurako, bozak irabazi berri ditu Saxonia-Anhalt landerrean, eta Voxeko askok eta libertario batzuek ospatu egin dute garaipen hori, baina, AfDri begiratuz gero, badu adar bat oso errusiazalea dena. Eta berdin gertatzen da beste hainbat kontutan ere: adibidez, Bukelek esan izan du publikoa hobea dela pribatua baino, eta Trump protekzionista da, eta Milei, berriz, librekanbista. Beraz, oro har alor amankomun batean aritzen diren arren, tentsioak, liskarrak eta abar ere izaten dituzte.
Zer motatako liskarrak?
Ultraeskuina ez da jendeak uste bezain homogeneoa eta arrazionala; egiatan, kaotikoagoa da, eta hainbat sentsibilitate hartzen ditu barnean. Nire ustez, foro horiek guztiak, nazioarteko talde antolatu bat baino gehiago, halako komunitate emozional antiprogresista bat dira, eta hauteskundeak irabazten dituzte gainera.
Nola azaldu gorakada hori?
Iruditzen zait progresismoaren kontrako joera bat dagoela eta zenbait arrazoi daudela haren atzean. Vox, hasieran, independentismo katalana dela-eta hazi zen; Marine Le Pen, immigrazioa dela eta; eta Milei, inflazioa eta segurtasun falta direla eta. Horrez gain, aintzat hartu behar dira zenbait elementu, hala nola jendea engainatu nahia amuari kosk egin diezaion, eta probokazioa eta esajerazioa. Hain zuzen, Mileik Malvinen inguruan egindakoa horixe izan da, amu handi bat. Hau da garrantzitsuena: bere identitate politikotik kanpoko diskurtso nazionalista bat bere egiten duenean, esajeratu egiten duela bere jarrera, politika mota horretakoek sare sozialetan egin ohi duten bezalaxe.
Zer aldatu da liburu bat atera zenuenetik bestea atera duzun arte?
La rebeldía se volvió de derecha idatzi nuenean, eskuin muturrak indar oso garrantzitsuak ziren jada Europan, baina Latinoamerikan ez hainbeste, nahiz eta Bolsonarok irabaziak zituen hauteskundeak ordurako. Uste dut alde nagusia zera dela, lehen liburua idatzi nuenean ez zegoela askorik idatzia horri buruz gaztelaniaz. Lehenengo liburua idatzi nuen garaian, figura asko oraindik oso bazterrekoak eta groteskoak ziren, eta gaur egun ere groteskoak izango dira segur aski, baina jada ez dira bazterrekoak.
Zein motatako figurez ari zara?
Tekno-oligarkak gauza asko finantzatzen ari ziren ordurako, baina oraindik ez ziren gaur egun bezainbeste azaltzen publikoki. Orain, gainera, argiago dago eskuin erradikal horiek hauteskundeak irabazi edo galdu ditzaketela, eta hori da gakoa: galduta ere, indar oso garrantzitsuak izaten dira elkarrizketa publikoan, eta bereari eusten diote. Horrez gain, ondo biltzen dute Mendebaldearen gainbeheraren inguruko sentipena, zeina munduko zenbait tokitan zabaldua baitago.
Liburu berrian ezkerren krisiari buruz hitz egin duzu. Zertaz ari zara?
Eskuin horiek bere egiten dutenean arlo transgresore eta antisistema, estualdian jartzen dituzte progresismoa eta ezkerra. Hau da, jada ez dira progresismoak aurkari izan nahi lukeen eskuina, eskuin aspergarriago eta tradizionalago hori, alkandoraz eta gorbataz jantzitako gizon zuri heterosexualena.
«Ezkerrari kosta egiten zaio sinesgarria izatea ekonomiari buruz aritzean, sentsibilitate sozialak eta lan moduak nabarmen aldatu baitira»
Horrek zer eragin du ezkerrean?
Ezkerrari zaildu egiten dio eskuinak aztertzeko lana eta haiei aurre egitekoa, ezkerra elitekotzat jotzen baitute, eta statu quo-arekin eta zuzentasun politikoarekin lotu. Eskuina ageri da politikoki zuzena ez den horren aldean, eta hark ordezkatzen du jende arrunta. Hala gertatzen da Mileirekin, baita Marine Le Penekin ere: emakume modernoaren itxura ematen du, hiru aldiz dibortziatu delako eta orain lagun batekin bizi delako. Hala, emakumeen ahalduntze moduko bat irudikatzen du, baina posizio erreakzionarioa hartuta.
Esan duzu ezkerraren erronkarik handiena zera dela, behekoen amorruarekin eta haserrearekin konektatzea.
Ezkerrari kosta egiten zaio sinesgarria izatea ekonomiari buruz aritzean, sentsibilitate sozialak eta lan moduak nabarmen aldatu baitira. Hala ere, hauteskundeetako indar nagusietako bat da herrialde askotan, baita Latinoamerikan ere. Ezkerrak gai izan beharko luke zerbait sinesgarria esateko hirietako gaiei eta ongizate estatuari buruz, eta hori desabantaila handia da; izan ere, eskuina aurreiritzi pila batean oinarritzen da, eta erraz izendatzen ditu etsaiak, hala nola immigranteak. Gainera, elite global bat asmatu du bere diskurtsoaren alde erabiltzeko: Sorosek finantzatutako elite bat, mugak zabaldu nahi dituena Europa osoa Ceuta moduko bat izan dadin, non immigrante oldeak sartuko diren hesiak eraitsita. Alde horretatik, uste dut ondo biltzen duela Europan oso agerikoa den antsietate hori, etorkizuna kontrolaezina bihurtu den sentipena. Eta, nire ustez, ezkerreko indarrei zera eskatzen zaie, politikak berreskuratu dezala jendearengandik urruntzeagatik galdua duen kontrola. Eskuin muturrak ematen dituen erantzun politikoek bete-betean jotzen dituzte antsietatea, beldurrak eta kezkak. Eskuinak erantzun erreakzionarioa ematen du, eta sinplifikatu egiten ditu gauzak, baina ezkerra oraindik ez da gai halako sentipenekin konektatzeko.