Eslovakiak ultimatuma egin dio Ukrainari

Robert Fico lehen ministroaren esanetan, Ukrainak astelehenean ez badio berriro bide ematen Druzhba oliobidearen bidez Errusiatik iristen den petrolio hornikuntzari, egun horretan bertan etengo du Ukrainari larrialdi egoeretan ematen dion argindarra.

Robert Fico Eslovakiako lehen ministroa agerraldi batean Bratislavan, lehengo astean. DOMINIKA KORTVELYESIOVA  / EFE
Robert Fico Eslovakiako lehen ministroa agerraldi batean Bratislavan, lehengo astean. DOMINIKA KORTVELYESIOVA / EFE
Igor Susaeta.
2026ko otsailaren 21a
18:18
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ukrainako gerraren albo kalteak nozitzen ari dira Europa ekialdeko herrialde batzuk. Eslovakiak uste du, adibidez, Ukraina ez dela berarekin ondo jokatzen ari. Horregatik, Robert Fico lehen ministroak ultimatuma egin dio gaur Kievi: astelehenean ez badio berriro bide ematen Druzhba oliobidearen bidez Errusiatik iristen den petrolio hornikuntzari, egun horretan bertan etengo du Ukrainari larrialdi egoeretan ematen dion argindarra. Hungariak ere ia hilabete darama oliobide horren bidez petroliorik jaso gabe, eta hango lehen ministro Viktor Orbanek Eslovakiako bere homologoaren planteamenduarekin bat egin du gaur, nahiz eta ez duen eperik jarri Kievi argindar bidez ematen dion laguntza eteteko.

Fico minduta mintzatu da, ohar batean. «Eslovakiak ezin du onartu Eslovakiaren eta Ukrainaren arteko harremanek soilik Ukrainari mesede egitea». Ukrainak joan den urtarrilaren 27an eten zuen Druzhbaren bidezko —Sobietar Batasunaren garaiko oliobide bat da, munduko handiena—  petrolio hornikuntza, argudiatuta Errusiaren erasoek instalazioa jo zutela herrialdearen mendebaldean, Brodin.

Horri gehitu behar zaio, gainera, iazko urtarrilaren 1az geroztik ez dela Errusiako gasik iristen EB Europako Batasuneko herrialdeetara Ukraina zeharkatuz, eta horrek zuzenean eragiten diola Eslovakiari, igarotze zergak poltsikoratzen baitzituen gasa handik igarotzen zenean: bostehun milioi euro inguru urtero, Eslovakiako Gobernuaren kalkuluen arabera.

Haserre dago Eslovakia. Errusiaren bonbardaketek Ukrainako energia azpiegitura jotzea izaten dute helburu maiz, eta, horregatik, Kievek laguntza behar izaten du argindar sarea egonkortzeko. Eta Eslovakiak argindarrez hornitzen du Ukraina. Ficoren datuek diotenez, aurtengo urtarrilean 2025 osoan baino argindar gehiago esportatu dute Eslovakiara. Dixi Group etxeak pasa den astean argitaratutako datuen arabera, Ukrainak duela bi aste inportatutako argindarraren erdia Hungariatik heldu zen —tenperatura minimoak batez beste -15ekoak izan ziren—, %20 Errumaniatik, %18 Eslovakiatik, eta Poloniatik eta Moldaviatik ere jaso zuten.

Petrolio horren menpe

Fico 2023ko urritik da berriro lehen ministro —2006tik 2010era eta 2012tik 2018ra izan zen estatuburu—, eta, Orbanek bezala, harreman ona dauka Vladimir Putin Errusiako presidentearekin. Eslovakiak ez dio Ukrainari laguntza militarrik ematen, baina Ficok esan du gaur egun laguntza humanitarioa ematen diola eta, besteak beste, 180.000 errefuxiatu ukrainar hartu dituela. Mugakideak dira bi herrialdeak. 

Eslovakia eta Hungaria dira oraindik ere neurri handi batean Errusiako petrolioaren menpe dauden talde komunitarioko herrialde bakarrak. Iruditzen zaie Brodin hondatu zuten instalaziotik petrolioa igaro daitekeela berriro. Ukrainak, berriz, petrolio hori herrialde horietara ailegatzeko alternatibak jarri ditu mahai gainean. Reuters berri agentziak eskuratu du Kieven EBrako misioaren gutun bat, eta proposatzen du, esaterako, Brodi-Odesa oliobidearen bidez eramatea petrolioa.

89

Zenbat drone erorarazi dituen Errusiak. Ukrainak jaurtitako 89 drone erorarazi ditu gaur Errusiak herrialdeko bederatzi eskualdetan, hango iturri ofizialek jakinarazi dutenez. Bederatzi dronek Krimea jo dute —2014an anexionatu zuen Errusiak—, eta Astrakhan eskualdera ere iritsi dira, Kaspiar itsasoaren ondora. Ez dute biktimarik eragin. Telegrameko Astrak kanala esan du, gainera, Ukrainak Orexnik misilen fabrika bat jo duela, Udmurtiako Errepublikan.

Bien bitartean, Eslovakiak eta Hungariak neurriak hartu dituzte. Asteazkenean iragarri zuten, esaterako, Ukrainara egindako gasolio esportazioak eten dituztela. Eta Budapestek atzo jakinarazi zuen EBk Ukrainari eman asmo dion 90.000 milioi euroko mailegu bati betoa ezarriko diola. «Xantaia» egitea egotzi dio Peter Szijjarto Atzerri ministroak Ukrainari. Erabaki hori txalotu du gaur Ficok, eta Orbanek nabarmendu du, Bekescsaban emandako mitin batean —Parlamenturako bozak izango dituzte Hungarian apirilaren 12an—, Ukrainak «arazo larriak» edukiko dituela Hungariak ere argindar hornidura etetea erabakitzen badu. «Ukrainako argindarraren parte handi bat Hungariatik iristen da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.