Mendebaldeko Saharako ekintzailea

Aminatu Haidar: «Espainia Marokoren tesietara makurtzen ari da»

Espainiako Gobernuak bizitzeko baimena ukatu dio ekintzaile sahararrari. Helegitea jarri du, eta borrokan segitzeko asmoa berretsi du: «Ez dut amore emango. Nire printzipioak beste ezeren gainetik daude».

(ID_17047951619155) AMINATU HAIDAR - MENDEBALDEKO SAHARA
ANA VALIÑO / FISAHARA
Kristina Berasain Tristan.
2024ko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun

Madrildik erantzun ditu galderak. Apal mintzatzen da, baina beti bezain sendo. Aminatu Haidar (Akka, Maroko, 1966) giza eskubideen ekintzaile sahararraren hitzetan, «erabaki politikoa da» Espainian bizitzeko baimena ukatu izana: «Mendebaldeko Saharan bizi naiz, baina han ezin dut osasun arreta on bat jaso eta asko bidaiatzen dut. Nire herriaren kausari emana bizi naiz, eta ez daukat bizileku finkorik».

Auziak zalaparta sortu du. Zergatik erabaki hau?

Ez dauka inongo oinarri juridikorik. Marokok eman du agindua. Berriro ere, agerian geratu da bi estatuen arteko konplizitatea; Marokoren eta Espainiaren artekoa. Helegitea jarri dut. Ez dut amore emango. Nire printzipioak beste ezeren gainetik daude. Isilaraziko nauen gauza bakarra heriotza izango da.

Hamasei urtez berritu ahal izan duzu baimena. Zer aldatu da?

2020. urtean hasi ziren arazoak. Ordura arte inoiz ez nuen izan baimena urtero berritzeko arazorik, baina urte hartan trabak jarri zizkidaten.

2007an eman zizuten baimena, arrazoi humanitarioengatik, ezta?

Hala da. Txosten medikoa hartu zuten aintzakotzat, eta, pentsa, orain orduan baino ahulago nago. Nire osasunak okerrera egin du. Azken bost urteetan hiru ebakuntza egin dizkidate. Marokoko kartzeletan jasandako torturen eraginez nago horrela.

Arrazoi humanitarioak aitortzeak errepresioa bera onartzea dakar.

Bai. Horregatik ukatu didate orain. Marokoren ankerkeria salatu beharrean, haren tesietara makurtzen ari da Espainia. Atzerri Ministerioa ez da ari ekintzaile sahararrei bisatu humanitarioak ematen. Mina Baaliren kasua aipatuko dut. Mundubat elkartearen bidez egin dugu ekintzaile hori babesteko eskaera, gobernuz kanpoko erakundeak duen programaren barruan. Baalik baldintza guztiak betetzen ditu. Marokoren errepresioaren biktima izan da, desagertua egon zen, torturak jasan ditu, protestetan kolpatu egin dute eta duela gutxi lanetik kanporatu dute. Espainiako Atzerri Ministerioak, hala ere, berretsi du ez diotela bisatua emango; are gehiago, esan du ez dutela programa horretan sahararrik onartuko. Hau oso larria da.

Pedro Sanchezek 2022ko martxoan esan zuen Mendebaldeko Sahara Marokoko eremu autonomo bihurtzea dela gatazka gainditzeko aukerarik «serioena, errealistena eta sinesgarriena». Zer dela eta aldaketa hori?

Ez dakit.

«Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetatik ere kanporatu nahi naute. Maroko dago honen guztiaren atzean. Argi eta garbi».

Pegasus espioitza programan aurkitutakoa biraketa horren atzean dagoela iradoki izan da.

Nik ere irakurri ditut horrelako akusazioak, baina nik neuk ez daukat inongo argudiorik hori horrela dela esateko. Esan dezakedana da gobernu honek edo, hobeto esateko, presidente honek bere interes propioak giza eskubideen eta nazioarteko zuzenbidearen gainetik jartzen dituela. Ez da espainiarren izenean ari, espainiarrak nazioarteko zuzenbidearen eta sahararron autodeterminazio eskubidearen alde baitaude, baina bera ez da hori errespetatzen ari. Zerbait pertsonala dago.

Pegasus auzian zure izena azaleratu zen. Espiatu egin al zaituzte?

Bai. Amnesty Internationalek 2022ko martxoan komunikatu bat argitaratu zuen horren berri emanez.

Sumar gobernuan egoteak gauzak aldatuko al ditu?

Alderdiek, Moncloara iristen direnean, jarrera aldatzen dute. Tamalgarria da. Sumarrekin ere badirudi hala dela. Gaur egun arte ez du ezer esan nire auziaz; hortaz, isiltasun hori esanguratsua da. Sahara aipatu ere ez dute egin gobernu akordioan. 1975etik traizioak bata bestearen atzetik datoz. Espainia gure herriaren oinazearen erantzulea da. Bada garaia bere erantzukizun politiko, juridiko eta moralak aitortzeko eta huts larri hori konpontzeko.

Marokoko prentsan etengabe ari dira egunotan zure auziari erreferentzia egiten.

Al Ahdath Al Maghribia egunkariak dio ekintzaile separatista bat naizela, eta garaipentzat jo du bizileku baimena ukatu izanak. Makhzen-aren eskuetan dagoen egunkari horrek arrakasta diplomatikoen inguruko erreportaje bat argitaratu berri du, eta tartean nire kasua aipatu du. Espainian ilegal moduan bizi naizela dio, klandestinoa naizela. Komiki bat ere atera dute nire karikatura bat eginda, ostikoka errefuxiatuen kanpalekuetara bidaltzen, Tindufera. Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetatik ere kanporatu nahi naute. Maroko dago honen guztiaren atzean. Argi eta garbi.

Marokok su etena hautsi ostean, 2020ko azaroan, gerrara itzultzea erabaki zuen Fronte Polisarioak. Ordutik, ekintzaileen kontrako errepresioa gogortu egin al da?

Isacom urte hartako irailean sortu genuen: Marokoko Okupazioaren Aurkako Saharar Instantzia. Marokori min handia eman dio elkarte hau sortu izana. Fiskalak ikerketa bat abiatu zuen erakundea lurralde integritatearen aurkakoa zela argudiatuta. Egoera beti izan da gogorra. Lurralde okupatuetan dena dago debekatuta.

Gure eskubide guztiak ukatuak ditugu, adierazpen askatasuna, elkartzeko askatasuna... Baztertuta gaude eremu guztietan saharar izate hutsagatik. Infernu bat da. Blokeo informatiboa erabatekoa da. Ezin da lurraldean begiralerik edo kazetaririk sartu. Ezin dugu manifestaziorik edo protestarik egin, jazarria zara, zelatatuta zaude... Orain sahararrak euren lanetik kanporatzen ari dira. Hau metodo berria da. Soldatarik gabe uzten dituzte. Esmara hirian duela gutxi zazpi emakume saharar kanporatu dituzte euren lanetatik, preso politiko baten harrera ekitaldira joateagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.