Azken ordurako uzten diren lanak ez dira ongi ateratzen. Gehienetan ez, behintzat. Horixe gertatu zaio Espainiako ezker konfederalari, azaroaren 29an egingo diren Gorteetarako bozen atarian. Espainiako ezker konfederala ez da bat eginda aurkeztuko hauteskunde horietara.
Gauerdian bukatzen zen bozetarako koalizioak erregistratzeko epea, eta Fronte Zabalak —Sumar Mugimendua, IU Izquierda Unida, Comuns, eta Mas Madrid— eta Podemosek ez dira ados jarri batera aurkezteko; erkidego batzuetan aliantzak egin dituzte, baina Madrilen, Katalunian, eta Andaluzian —aulki gehien banatzen dituzten erkidegoetan, alegia— ez dira bat eginda aurkeztuko.
Fronte Zabalak aliantza orokor bat egitea eskaini dio Podemosi, eta proposamen zehatzak egin Kataluniako eta Madrilgo barrutietarako. Podemosek, baina, beste aukera bat jarri dio mahai gainean: lurralde akordioak egitea 11 erkidegotan.
«Ez dute gure proposamena onartu nahi izan. Hamabost erakunde gara. Hamasei izatea nahi genuen, baina batek ez du nahi izan». Hitz horiekin jakinarazi du Fronte Zabalak ez dutela lortu akordio orokorrik egitea Podemosekin. Azaldu dutenez, «une oro» luzatu diote eskua Podemosi aliantza egiteko, eta, horretarako, «aukera guztiak» mahaigaineratu dituzte, «marra gorririk» ezarri gabe: «Aurrera egiteko garaia da orain. Herrialde bat dugu irabazteko, eta horretan jardun behar dugu».
Azken ordura arte
22:00 aldera iritsi da Fronte Zabalaren eskaintza. Zabaldu duen oharraren arabera, «lehentasunezko postuak» eskaini dizkio Podemosi Madrilgo eta Kataluniako barrutietako zerrendetan: bakoitzean bat, zehazki. Eldiario.es atariak Fronte Zabaleko iturriak aipatuz zabaldu duenez, Madrilgo zerrendako bigarren postua eskaini diote Podemosi. Horrez gain, Fronte Zabalak azaldu duenez, proposamena onartu izan balu, Podemosek eskubidea izango zukeen hurrengo legealdian aliantza horren talde parlamentarioko bozeramaileetako bat aukeratzeko Espainiako Kongresurako.
Kataluniari dagokionez, Podemosek ERCrekin egin du akordioa. Horren arabera, Podemosekoak ez dira aurkeztuko Katalunian —Podemeko kideren bat ERCren zerrendetan joango da—, eta Gabriel Rufian Kongresuko ERCren liderrak Irene Montero Podemoseko hautagaiaren aldeko kanpaina egingo du Madrilen. Baina ERCrekin aliantza egin izanak ezinezko bihurtzen du Fronte Zabalarekin batera aurkezteko aukera.
Podemosek ordubeteren buruan erantzun du. Azaldu dute beharrezkoa dela itun bat egitea ezkerreko hautesleen botoak galdu ez daitezen. Horretarako, «lurralde gehienetan» ezkerreko alderdiak batzea proposatu dute, baina eskatu dute Madril eta Katalunia «salbuespenak» izatea estrategia bateratu horretan. Kaleratutako oharrean adierazi duenez, Podemosek, IU Izquierda Unidak eta «Sumarrek, kasu batzuetan», akordioak egin ditzakete, baina «alderdi bakoitzaren ordezkaritza errespetatuz». Era berean, Podemosekoek adierazi dute ez dutela hautsiko ERCrekin Katalunian egindako akordioa.
Podemosen hitzetan, Fronte Zabalaren zuzendaritza «akordioak blokeatzen» ari da hainbat lurraldetan —Araba, Bizkai eta Gipuzkoa, Extremadura, Galizia, Kantabria eta Murtzia zerrendatu dituzte oharrean—, eta negoziazio horiei «blokeoa kentzeko» eskatu diote. Halaber, gaineratu dute itunak egin daitezkeela Andaluzian, Asturiasen, Errioxan, Gaztela eta Leonen, Gaztela-Mantxan eta Nafarroan.
Zerrenda ugari
Behin aliantzak egiteko epemuga amaituta, ezkerreko zerrenda bat baino gehiago egongo da azaroaren 29an hauteskunde mahaietan. Madrilen, Montero izango da Podemosen zerrendaburua, eta Rufianen babesa izango du. Fronte Zabalaren zerrendaburua, berriz, Emilio Delgado izango da, Mas Madrid alderdikoa. Katalunian, berriz, Ada Colau izango da Fronte Zabalaren zerrendaburua, eta Podemos, berriz, ERCren zerrendan sartuko da.
Batasun horren alde mintzatu denetako batek, Gabriel Rufian Kongresuko ERCren liderrak, «porrot» egin dutela nabarmendu du goizean. «Ziurrenik, ez da halakorik izango. Gustatuko zitzaidakeen benetako fronte bateratu bat egotea, Esquerraren eta Comunsen arteko akordio bat, baina ematen du ezetz, ez dela halakorik izango», adierazi du elkarrizketa batean, RAC 1 irratian.
Azken asteetan esparru horretako buruzagiek egindako adierazpenek erakusten dute zerk baldintzatu dituen negoziazioak: zerrendak kontrolatzeko nahiak, eta liderren arteko harremanek. 2023an bat eginda aurkeztu ziren Podemos eta Sumar —Compromis, IU eta Comuns batu zituen—, azken orduan; hori bai, Podemosek onartu egin behar izan zuen Sumarrek Monterori, hau da, alderdiko liderretako bati jarritako betoa. Botorik gehien bildutako indarren artean laugarrena izan zen ezker konfederala: 33 aulki, botoen %12,3. Orain, inkestetako batezbestekoari erreparatuta, botoen %6,3 lortuko lituzke Sumarrek, eta %3,2 Podemosek; hau da, %10 ere ez.
Ikusi gehiago
Podemosek hauteskunde primario irekiak egitea planteatu zuen, eta Espainiako ezker konfederaleko alderdietako buruak horietan parte hartzera gonbidatu. Herenegun eta atzo egin zituzten, eta gaur jakinarazi dituzte emaitzak: Montero bakarrik aurkeztu da, ordea.
Fronte Zabalaren presidentegaia Ada Colau Bartzelonako alkate ohia izango da. Astelehenean jakinarazi zuten. Bi egun geroago adierazi zuen hautagaitzari uko egiteko prest zegoela baldin eta horrek modua ematen bazuen ados jartzeko; are, Fronte Zabalari izena aldatzeko prest ere agertu zen.
Bitartean, azken orduetan ezker konfederalak askotariko akordioak egin ditu zenbait erkidegotan: Aragoin —Chunta Aragonesistak eta Fronte Zabalak—, Balearretan —Sumarrek, Mesek eta Esquerra Unidak—, Kanarietan —Podemosek, Kanaria Berriak, Sumarrek eta IUk—, eta Valentzian —Podemosek, Compromisek, Valentziako ERCk eta Esquerra Unidak—.
Akordioa Senatuan
Ezkerra bat eginda aurkeztuko da goi ganberan. Hala jakinarazi dute gauerdian PSOEk eta Fronte Zabalak, nahiz eta azaldu duten ez dela hala izango barruti denetan —berrogei lurraldetan egingo dute aliantza hori—. Helburu argia daukate: ahalik eta barruti gehienetan lehen indarra izatea, eta PPk gehiengo osoa lor dezan eragoztea. Progresisten Senatua izenpean aurkeztuko dira PSOE, IU, Sumar Mugimendua, Compromis, Mas Madrid, Chunta Aragonesista eta Batzarre. Podemos, ordea, akordiotik kanpo gelditu da.
Kontuan hartu beharra dago azken legealdian PPk gehiengo osoa izan duela goi ganberan, eta hori erabili duela Espainiako Gobernuari aurre egiteko. Pentsatzekoa da aliantzaren bitartez ezkerreko alderdiek ordezkaritza zabalagoa izango dutela. Hori, gainera, PPren kalterako izango litzateke, Voxek ere eserlekuak irabaziko bailituzke, eta horrek eskuina zatituko bailuke.
Orain arte egin diren inkesta ia guztien arabera, PPk irabaziko ditu Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta aukera izango du Voxekin gobernua osatzeko —CISek bakarrik dio kontrakoa—. Baliteke, ordea, goi ganberarako egindako aliantzak arnasa ematea ezkerreko alderdiei.