Eskuinak goraldian diren honetan, ezkerrak indarrak batu nahi ditu Espainian. Horretarako, espektro politikoan PSOE Espainiako Alderdi Sozialista baino ezkerrerago dauden taldeak, hau da, ezker konfederaleko alderdiak, elkarrekin aurkeztea aztertzen ari dira. Fronte Zabala osatu dute orain arte Sumar koalizioko kide zirenek, eta zerrenden osaera negoziatzen ari dira orain, baita alderdiaren buruzagitza nork hartuko duen ere. Gainera, ikusteko dago Podemos alderdia Fronte Zabalera batuko den ala bere kasa jarraituko duen.
Asteburuan Fronte Zabala aurkeztu zutenetik, hainbat izen agertu dira koalizioaren lidergorako. Hasieran, Monica Garcia Espainiako Osasun ministroarenak zirudien hautagaitzarik sendoena, Pablo Bustinduy Eskubide Sozialen, Kontsumoaren eta 2030erako Agendaren ministroak albo batera egin ostean. Halere, beste izen batek hartu du indarra orain: Ada Colauk. Bartzelonako alkate ohia (2015-2023) da, gaur-gaurkoz, Fronte Zabalaren liderra izateko hautagai nagusia.
Mas Madrid Garciaren alderdiak proposatu zuen atzo Colau izan dadila koalizioaren buru. Oraingoz, Mas Madridekin batera Comuns, IU Izquierda Unida eta Sumar Mugimendua dira Fronte Zabalaren parte. IUko buru Antonio Maillok ere ontzat jo du Colauren hautagaitza. Comuns —Colauren alderdia—, ordea, ez dago erabat ziur Mas Madridek proposatutakoaren letra xehea onartu ala ez.
Izan ere, Garciaren alderdiak Colauren hautagaitza onartu badu ere, exijitu du Bartzelonako alkate ohia Kataluniako hiriburuko zerrendetan aurkezteko. Eta Madrileko zerrendetako lehen lau postuetan Mas Madrideko hautagaiak egotea nahi du: Monica Garcia bera, Emilio Delgado, Eduardo Fernandez Rubiño eta Tesh Sidi. Kontuan hartuta inkestek diotela ezkerreko koalizioak lau eta sei ordezkari artean lortuko dituela Madrilgo erkidegoan, ia guztiak izango lirateke alderdi horretakoak. Kontrara, Comunsekoek nahiago dute Colau Madrileko zerrendetan aurkeztea eta Ernest Urtasun Kultura ministroa —hura ere Comunsekoa— izatea zerrendaburu Kataluniako hiriburuan.
Zerrenden osaera are eta gehiago konplikatuko litzake ekuazioan Podemos sartuko balitz. Hain justu, hori exijitu du Colauk bera koalizioko buru izateko. Gaur TVE Espainiako telebista katean egindako elkarrizketa batean jakinarazi du prest legokeela Fronte Zabaleko buru izateko; hori bai, horretarako baldintza bat jarri du: «Guztiok bagaude, ni ere egongo naiz». Besteak beste, ezkerreko koalizioan nahi ditu Podemos, Chunta Aragonesista, Compromis eta Mes alderdiak.
Podemosek baldintza bat jarri du koaliziora batzeko: boz primarioak egitea. Datorren astean dira egitekoak Podemoseko primarioak, urriaren 14an eta 15ean. Ione Belarra Podemoseko buruak atzo adierazi zuen boz horiek irekiak direla, eta iradoki zuen posible dela Fronte Zabalarekin adostutako zerrenda bateratuak aurkeztea primarioetara. Hortaz, Podemosek eta Fronte Zabaleko alderdiek zerrenda bateratuak adostea lortuko balute eta militantziak oniritzia emango balio, litekeena da Podemos koaliziora batzea. Urriaren 16ra arteko epemuga dute azaroaren 29ko bozetarako koalizioak aurkezteko.
Aurreikuspen txarrak
2023ko hauteskundeetan, Sumar koalizioaren barruan aurkeztu ziren alderdi horiek guztiak, eta 31 ordezkari lortu zituzten Diputatuen Kongresuan —laugarren indarra—. Eta Pedro Sanchezek gobernua osatu ahal izan zuen koalizio horren babesari esker. 2023ko abenduan, ordea, Podemos koaliziotik atera zen, eta Kongresuko talde mistora igaro ziren alderdi horretako lau diputatuak.
Inkestek, ordea, egoera zailagoa aurreikusten dute ezkerreko koalizioarentzat azaroaren 29rako. RTVE Espainiako irrati-telebistak egindako azken zundaketaren arabera, koalizioak hamar eserleku lortuko ditu, eta Podemosek, hiru. Hortaz, biak batuta ere ez lituzkete lortuko 2023an eskuratutako eserlekuen erdiak ere. Gainera, inkesta horren arabera —baita gainerako zundaketa gehienen arabera ere—, PP Alderdi Popularrak eta Vox ultraeskuindarrak gehiengo osoa lortuko dute behe ganberan.