Espainiako Kontu Auzitegiaren galdera bati erantzunez, uztailean, EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen ezetz: Katalunian 2017an erreferendum bat egiteko gastuek eta horren alde atzerrian egindako sustapenak ez lieketela eragingo talde komunitarioaren gastuei. Eta hiru hilabete geroago, prozesu subiranistagatik auzipetutako Generalitateko 33 goi kargudun ohi absolbitu eta amnistiatu ditu Kontu Auzitegiak; tartean, Carles Puigdemont eta Artur Mas Generalitateko presidente ohiak.
Societat Civil Catalanaren salaketa bati erantzunez auzipetu zituzten, eta elkarte unionista horrek jakinarazi du helegitea jarriko duela; haien abokatu Juan Ramon Chapapriaren hitzak jaso ditu El País Espainiako egunkariak, eta, haren esanetan, ez da egin Generalitateak 2011 eta 2017 artean egindako gastuen «ikerketa eraginkorrik».
Auzitegi Konstituzionalak doktrina ezarri zuen lehengo astean Candido Conde-Pumpido presidentearen ponentzia baten bidez, Kataluniako prozesuan diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua amnistiatzeko eskatu baitzuen. Dena den, Kontu Auzitegiaren epaiak ez dio horri erreparatu. Hirurogei orrialdeko sententzia batean, amnistia legeak berak jasotakoa hartu du aintzat, eta nabarmendu epaitutako gertakariekin ezin izan dela «egiaztatu» talde komunitarioaren aurrekontuei eragin dienik. Amnistiaren testuak dio ez dietela legea aplikatuko EBren finantzei eragin dieten eta delitutzat jotako ekintzei.
Puigdemontez eta Masez gain, amnistiatuetakoen artean daude Oriol Junqueras Kataluniako Gobernuko presidenteorde ohia, eta, besteak bestek, Jordi Turull, Dolors Bassa, Raul Romeva, Clara Ponsati, Antoni Comin, Lluis Puig eta Neus Munte kontseilari ohiak. Kontu Auzitegiak kautelazko neurriak ere indargabetu ditu, eta bertan behera utzi ditu prozesu judizialean auzipetuek aurkeztutako bermeak; zortzi milioi euro baino gehiago.