Kataluniako Generalitateko presidenteordea eta ERC-ren parlamentarigaia

Laura Vilagra: «Esquerra Republicana da aliantzak egiteko ondoen posizionatuta dagoena»

Katalunian gobernua osatzeko, aliantza bat beharko da. Vilagrak ez du aterik ixten, nahiz eta nabarmendu duen ERCren «konpromiso independentistak» bere hartan dirauela. «Proiektua sendoa bada, askotan erakutsi dugu gure aliantzak argi daudela».

Laura Vilagra Kataluniako Generalitateko presidenteordea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Laura Vilagra Kataluniako Generalitateko presidenteordea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Igor Susaeta.
Bilbo
2024ko apirilaren 13a
05:05
Entzun

Kataluniako Gobernuak esparru sozialean eta «esparru nazionalean» sakondu dezan aurrerantzean ere, Laura Vilagrak (Santpedor, Katalunia, 1976) uste du beharrezkoa dela Esquerra Republicanak Generalitatean jarraitzea maiatzaren 12ko parlamenturako hauteskundeen ondoren. Kosta ahala kosta ez, ordea: esaterako, ERCk baztertu egiten du Aliança Catalana eskuin muturreko alderdiaren botoak onartzea presidentetzari eusteko. Carles Puigdemont JxC Junts Per Catalunyaren hautagaiak, aldiz, ez du argitu zer jarrera hartuko duen auzi horretan.

EH Bilduk Sestaon (Bizkaia) egindako ekitaldi batean parte hartu zuen Vilagrak asteazkenean. Ibilbide luzea du politikagintzan. 2003tik 2015era bere jaioterriko alkatea izan zen, parlamentaria ere bai 2006tik 2011ra, eta 2021etik dago Generalitatean: aurrena Presidentetza kontseilari aritu zen, eta aurtengo urtarriletik presidenteorde da.

Kataluniako herritar batek zergatik eman beharko lioke botoa ERC Esquerra Republicanari datozen hauteskundeetan?

Orain arte bi esparrutan lortu dugunagatik. Esparru sozialean, batetik, eraitsita topatu genituen zerbitzu publikoak, eta guk horiek denak indartu ditugu; hezkuntzan eta osasungintzan, adibidez. Bestetik, esparru nazionalean, errepublikaz geroztik izandako errepresio politiko handiena pairatu ondoren, ekinbide politikoa berreskuratu behar genuen. Hori lortu dugu. Duela lau urte, Esquerra Republicanak bakarrik defendatzen zuen amnistia legea, eta laster egia bihurtuko da.

Azken asteetan kaleratutako inkesten batezbestekoaren arabera, Puigdemontek boto gehiago lortuko ditu ERCren hautagai eta Generalitateko presidente Pere Aragonesek baino.

Guk errealitateekin lan egiten dugu, eta, gaur-gaurkoz, Generalitateko gobernuaren lidergoa dugu. Ekonomia ondo doa, eta zerbitzu publikoak indartu ditugu. Gainera, ikuspegi politiko argia dugu, badakigu norantz joan nahi dugun. Orain arte, Puigdemontek ez du proposamen politikorik egin ez esparru ekonomikoan, ez sozialean, ez lehortearenean, ez ezertan.

ERCren proposamena da independentzia erreferendum bat adostea eta gauzatzea, Espainiako Konstituzioa baliatuz. JxC Junts Per Catalunyak ere gauza bera du asmo, PSOErekin iazko azaroan sinatu zuen akordioaren arabera. Hori horrela izanda ere, helburu hori lortzeko ahaleginean ba al da alderik bi alderdien artean?

Guk aukera juridiko guztiak aztertu ditugu, eta Autogobernu Ikerketen Institutuko doktore Joan Ridaok proposamen bat egin du; hartan ez da esaten bakarrik artikulua [Konstituzioaren 92.a] aplikatuko dugula, baizik eta nola egingo dugun ere bai. Bide orria oso zehatza da. Nahi dugu Junts Per Catalunyak bat egitea Esquerra Republicanak negoziazioan izan duen sendotasunarekin. Emaitzak eman ditu errepresioa amaitzean: indultuak, sedizio delitua indargabetzea, eta ezinezkoa zirudien gauza bat: diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua moldatzea. Autodeterminazioaren karpeta ireki behar dugu orain. Junts Per Catalunyak prozesu honekin bat egiten badu, primeran; zeren, zenbat eta indar handiagoa eduki, orduan eta gehiago behartuko dugu egoera, eta azkarrago lortuko ditugu akordioak.  Esan dugu jada: PSOErekin dugun mahaian, zeina nazioarteko fundazio batek gainbegiratzen baitu, hasiak gara hitz egiten erreferendum hau egiteko beharraz eta moduaz. Marta Rovirak azaldu du. Gogorarazi nahiko nuke Esquerra Republicanaren idazkari nagusia dela eta Genevan erbesteratuta [Suitza] dagoela, terrorismoa leporatzen baitiote, Puigdemonti eta beste pertsona batzuei bezala. Zentzugabekeria hutsa da.

ERCk iazko urtarrilean onartutako txosten politikoan jaso zuen erreferendum baten emaitzak indarrean sartzeko beharrezkoa izango litzatekeela parte hartzea %50ekoa izatea gutxienez, eta baiezkoak botoen %55 biltzea gutxienez. Montenegrok 2006an egindakoan, adibidez, %50ekoa zen gutxienekoa bi kasuetan. Orain, baina, «Eskoziako bidea» proposatu du Aragonesek; hau da, parte hartzean eta baiezko botoan gutxienekorik ez ezartzea. Zergatik?

Txosten politikoek marko bat ezartzen dute, eta ordu hartan pentsatu genuen ona zela ildotzat hartzea duela gutxi erreferendum baten ondoren sortutako estatu bat [Montenegro]. Edozein modutan, gero [Kataluniako] gobernuak zehaztu egin du nola egin behar den, eta txosten juridikoan ez da proposatzen gutxieneko portzentajerik. Halere, antzeko ildo bati jarraitzen dio: Eskoziako bidea da; hau da, baldintzak estatuarekin adostea. Uste dugu hori dela bidea. Areago: Eskozian, konstituzioak berak ez zuen aurreikusten erreferendumik, eta egin zuten. Quebecen antzeko zerbait gertatu zen. Borondate politikoa badago, topatuko dira egiteko bideak.

«Kataluniako eta Espainiako azken urteetako politikei erreparatzen badiegu, ikusten da inondik ere espero ez ziren gauzak gertatu direla»

ERCk generalitatean jarraitzen badu eta Espainiako Gobernuak ez baditu ematen erreferendum bat egiteko pausoak, ERCk uko egingo dio PSOEren politika sozialak babesteari?

Espainiako legegintzaldian zalantza asko daude. Dena den, orain arte inoiz egin ez duen zerbait egin du PSOEk: mahai batean eseri, eta gatazka politiko bat duela onartu. Gero, noski, lege sozialak ere badaude. Horiek adostu eta hauspotu ditugu, zeren, oraingoz Espainiako Estatuan egonik, hara joan behar dugu gutxieneko soldataz eta beste gai batzuez aritzera. Edonola ere, guretzat funtsezkoa da Kataluniako agenda. Batetik, guk ongizatearen karpeta deitzen dioguna: Rodalies [aldiriko trenak] eta finantzaketa eredu propioa. Eta, bestetik, gatazka politikoaren karpeta: amnistia ezartzea eta autodeterminazioaren karpeta irekitzea.

Eta Kataluniaren agendan aurrerapausorik ematen ez bada?

Saiatzen gara esparru guztietan aurrerapausoak ematen, baina argi dago legegintzaldi hau gatazka politikoa gainditzeari dagokiola. Zeren Katalunian bulkada independentistak ez du behera egin, eta bulkada hori dutenak gehiengoa dira.

Otsailean, ERCren abstentzioarekin, Kataluniako Parlamentuko Mahaiak tramiterako onartu zuen independentzia aldarrikatzeko eskatzen duen herri ekinaldi legegile bat. Baina, asteon, Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du prozedura hori, Espainiako Gobernuaren helegite bat onartuta. Moncloak ohartarazi nahi du 2017ko bideari segituz gero ondorioak ordukoen antzekoak izango direla?

Generalitatearen lege askoren aurka ere helegiteak jarri izan ditu [Espainiako Gobernuak], eta, horregatik, ez gaitu harritzen; ezta Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak ere. Gure asmoa da erreferendumerako baldintzak adostea, eta argi dago estatuak aurrerapauso bat eman beharra daukala, bulkada independentistari errepresioz erantzun baitio orain arte. Proposamen demokratikoago bat, irekiago bat egin beharra dauka gatazka politikoa konponbidean jartzeko.

(ID_13775261) (Aritz Loiola/@FOKU) 2024-04-10, Bilbo. Laura Villagra, Generalitateko presidenteordea, Artxandan
Laura Vilagra Generalitateko presidenteordea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Aldebakarreko bidea baztertzen du ERCk?

Gu gara Kataluniaren independentzia prozesuan bidea ireki dugun xerpak, eta prozesu horren lidergoa izan dugu azken urteetan. Orain beste etapa bat dator: esparru juridiko baten barruan erreferendum bat egitea. Eta esango didazu: 'Oso zaila da Espainiako Gobernu batek baldintza horiek onartzea'. Baina Kataluniako eta Espainiako azken urteetako politikei erreparatzen badiegu, ikusten da inondik ere espero ez ziren gauzak gertatu direla. Orduan, uste dugu posible dela erreferendum adostuaren markoa irekitzea.

Espainiako Gorteetako legegintzaldi honetan ireki beharko da?

Legegintzaldi honetan daukagu adostuta gatazka honi heltzeko negoziazio marko bat. Kataluniako independentismo guztia batuz, badugu indarra estatuko gobernua bide horretara joatera behartzeko.

Kataluniako hauteskundeetara itzulita: Puigdemont presidente izateko moduan bada, ERCk bere botoak emango dizkio?

Orain, azaltzen ari gara aliantzak egiteko orduan proiektuak eta proposamenak hartuko direla aintzat. Esplikatu dugu guretzat inportantea dela finantzaketa, erreferenduma, katalana, industriari lotutako ekonomia produktiboa, zerbitzu publikoak indartzea... Azken hilabeteetan Junts Per Catalunyari entzun diogun proposamen bakarra da oinordetza zerga kentzea; hau da, proposamen oso liberal bat. Ikus dezagun zer proposamen politiko egiten duen hauteskunde hauetan. Gu egunero ari gara proposamenak egiten.

JxCk zuk aipatutako proposamen liberal horri eustea marra gorri bat da ERCrentzat gobernu akordio bat egiteko?

Ikusi behar dugu zeintzuk diren proposamenak; oraingoz, ez dugu ezer aditu. Puigdemonten proiektua Puigdemont bera da, oso pertsonalista da, eta Kataluniako agenda politikoko gai garrantzitsuei loturiko proposamenik ez du egin. Nolanahi ere, gure konpromiso independentistak bere hartan dirau, eta askotan erakutsi dugu gure aliantzak argi daudela proiektua sendoa bada.

2003tik 2010era gobernuan egon zenaren moduko ezkerreko hiruko itun bat izan daiteke Katalunian?

Gauza bera erantzungo nizuke. Oso argi dugu datozen lau urteetarako zer planteamendu politiko dugun Kataluniarentzat, eta, oraingoz, Illa hautagaiak [Salvador, PSCkoa] gure proposamen guztiak baztertu ditu: autodeterminazio erreferendum bat eta finantzaketa eredu propioa, besteak beste. Illa hautagaia Kataluniako Ez doktorea da; amnistiari eta Rodalies-en [aldirietako trenak] eskumenen transferentziari ere ezetz esan zien bere garaian. Denari esaten dio ezetz. Horrela oso zaila da aliantzak egitea.

Inkesten arabera, baliteke independentismoak gehiengoa galtzea parlamentuan. Zer ikuspegi du ERCk horren harira?

Ziurrenik, hemen izan ezik —Euskadin—, toki guztietako hauteskunde testuinguruetan botoa askoz gehiago sakabanatzen da. Alderdi gehiago agertzen dira, zailagoa da gobernua osatzea... Hori ikusten da Herbehereetan, eta Portugalen: duela lau egun, Mirari portugaldarra deitzen geniona zegoen han, eta, orain, eskuinak eta eskuin muturrak gora egin dute. Hau da, panorama politikoa oso konplexua da, askoz ere atomizatuago dago, eta Katalunian, ziurrenik, aldi politiko horretan gaude.

Halere, gehiengo independentistari eustea espero dugu. Sendoa da. Gehiengo independentistarik ezin bada lortu, ziurrenik ez da posible izango gehiengo alternatiborik osatzea.

Non kokatuko litzateke ERC independentismoak gehiengoa galduko balu?

Konbentzituta gaude gehiengo independentistari eutsi ahal zaiola, eta Esquerra Republicanak hauteskunde hauek irabaz ditzakeela. Gainera, hauteskundeak azken astean irabazten dira, proposamen zehatzak mahai gainean jarriz. Gogora dezagun zer gertatu zen Espainiako azken hauteskundeetan: ematen zuen Feijook [Alberto Nuñez, PPren presidentea] dena eramango zuela, eta presidentetza oso erraz lortuko zuela, baina ez zen hala izan. Orain, askok ez dakite nori emango dioten botoa; eta joera hori, botoa azken orduan erabakitzearena, gero eta ohikoagoa da.

Kontuan hartuta zer zailtasun egon daitezkeen aliantzak osatzeko, ezin da baztertu bozak berriz egin behar izatea, ez?

Kataluniako azken bi hauteskundeetan, baita Espainiakoetan ere, nahiz eta ez modu hain nabarian, asko kostatu zen gehiengo bat osatzea presidentea izendatzeko. Orduan, baliteke [hauteskundeak berriz egitea]. Eta posible da aulki gehien lortzen duena azkenean presidente ez izatea. Itunak, aliantzak egiteko gaitasun handiena duena izango da presidente. Esquerra Republicana da aliantzak egiteko ondoen posizionatuta dagoena. Hori erakutsi dugu azken hauteskundeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.