Estaltzeko debekuak zer tapatzen duen

Gaur sartu da indarrean Portugalen aurpegia ezkutatzen duten jantziak debekatzeko legea. Raquel Varela debekuaren kontra dagoen plataforma bateko kidea da, eta uste du emakumeen zapalkuntza areagotuko duela horrek.

Hainbat emakume, Raquel Varelak deitutako manifestazioan, urrian, Lisboan. LAIA MATAIX GOMEZ / EFE
Hainbat emakume, Raquel Varelak deitutako manifestazioan, urrian, Lisboan. LAIA MATAIX GOMEZ / EFE
Iraia Leon Pego
2026ko irailaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako hainbat herrialdek egin bezala, Portugalek ere leku publikoetan aurpegia estaltzea debekatu du. Gaurtik aurrera indarrean dago komunikabideek Burka legea izenez ezagutarazi duten araua, eta aurpegia estaltzeko jantziak erabiltzen dituzten pertsonei 150 eta 3.000 euro arteko isunak jarri ahal izango dizkiete. Gobernuaren esanetan, segurtasun publikoaren eta emakumeen duintasunaren mesedetan hartu dute neurria. Raquel Varela historialariaren ustez, ordea, debekua emakumeak babestearekin lotzea «hipokrisia hutsa» da.

Varelaren ustez, gobernuak hartutako neurria ez dator bat emakumeen eguneroko arazoekin. Historialariak nabarmendu du osasungintzaren prekaritatea, sexu indarkeria eta eskubide sozialen falta direla haien «benetako kezkak», eta, adierazi duenez, «emakumeak babeste aldera» aurpegia estaltzeko jantziak debekatzea «lekuz kanpoko» erabakia da. 

Horiek horrela, 2025eko urrian, lehen proposamena aurkeztu zutenean, Nao nos atirem burcas para os olhos (Ez bota burkarik begietara) manifestaziora deitu zuen Lisboan. Hala, debekuaren kontrako ahotsik ezagunenetako bat bilakatu da Varelarena.

Legea gaur sartu da indarrean, Portugalgo Parlamentuak uztailaren 17an bi herenen babesarekin onartu eta Antonio Jose Seguro presidenteak iragan hilabetean promulgatu ostean. Testuan jaso dutenez, debekatuta dago leku publikoetan «aurpegia ezkutatzeko edo estaltzeko diseinatutako jantziak erabiltzea», nahiz eta «osasun, lan edo segurtasun arrazoiengatik» salbuespen batzuk aurreikusi dituzten. Gainera, legearen arabera, bi urte arteko espetxe zigorra ezarriko zaie pertsona bat aurpegia estaltzera behartzen duenari, «indarkeria, mehatxua edo botere abusua» erabiliz gero.

Legeak ez ditu zuzenean aipatzen burkak edo nikabak, baina eztabaida politiko guztia jantzi horien inguruan eraiki da. Horiek horrela, giza eskubideen aldeko erakundeen ustez, emakume musulmanak eta migratzaileak ditu jomugan debekuak. 

Chega alderdi ultraeskuindarrak urrian aurkeztu zuen aurpegia estaltzea debekatzeko lehen proposamena, eta, bertan, espresuki lotzen zen neurria erlijioarekin. Are, zuzenean aipatzen ziren burka eta nikab jantziak testu horretan. Emakume musulman batzuek erabiltzen dituzten jantziak dira horiek: burkak guztiz estaltzen ditu gorputza eta aurpegia; nikabak, berriz, begiak uzten ditu ikusgai.

Hala ere, gaur indarrean sartu den neurrian ez da jantzi horien erreferentziarik agertzen. Legegileek kendu egin zituzten, eta segurtasun publikoaren argudioa lehenetsi dute. Izan ere, zortzi hilabete baino gehiagoko negoziazioak behar izan zituen Chegak legea onartzeko beharrezko babesa lortzeko. PSD Alderdi Sozialdemokratak  —gutxiengoan gobernatzen du iazko ekainetik—  gutxitu egin nahi zituen erlijio aipamenak legean, eta horiek ezabatzeari esker lortu zuten eskuin muturrekoek PSDren eta eskuineko beste alderdi batzuen babesa.

Babesa ala jazarpena?

Bozketa amaitu zenean, Chegako diputatuak txalo artean altxatu ziren eserlekuetatik, eta Andre Venturak, alderdiko buruzagiak, «garaipena» ospatu zuen X sare sozialean. Ultraeskuindarrak zera idatzi zuen mezuan: «Gure kultura gorrotatzen duena bere herrialdera itzul dadila».

Onartutako testuan dio estatu batek «herritarren segurtasuna» bermatu behar duela, baita «emakumeen duintasuna eta errespetua» ere. Dena den, legearen aurkako mugimenduek argudiatu dute neurriak diskriminatzaileak direla eta aurpegia estaltzeko erabakia hartzen duten emakumeen oinarrizko eskubideak urratzen dituztela.

Varelak argi utzi du ez dela burkaren defendatzailea, eta «errepresio tresna» iruditzen zaiola. Baina are larriagotzat jotzen du estatuak erabakitzea emakumeek zer jantzi dezaketen eta zer ez.

«Hori beste inposaketa bat da», azaldu du telefonoz. Historialariak adierazi duenez, «burka erabiltzen duten emakumeek bi aldetatik jasango dute zapalkuntza hemendik aurrera». Alde batetik, komunitate edo ingurune jakin batzuetan jasan dezaketena, eta bestetik, estatuaren debekua bera.

«Burka erabiltzen duten emakumeek bi aldetatik jasango dute zapalkuntza hemendik aurrera»

RAQUEL VARELA Historialaria

Varelak uste du gobernuak benetan emakumeen alde egin nahi izango balu bestelako politikak sustatuko lituzkeela, «beren eguneroko arazoak konpontzen ahalegintzen direnak». «Emakumeak askatu nahi baditugu, erlijiotik askatzen dituen ekonomia bat eraiki behar da; gobernuak ezin du erabaki zer jantzi behar duten», adierazi du.

Bestalde, historialariak uste du beste ondorio bat ere izango duela legeak: protesten aurkako kontrol handiagoa. Haren esanetan, aurpegia estaltzeko debekuak manifestariak errazago identifikatzeko aukera emango die agintariei. «Ezkerreko sektoreek edo mugimendu sozialek ezin izango dute aurpegia estalita manifestatu; Poliziak, ordea, askotan identifikatu gabe jarduten du», salatu du.

Migranteen aurkako olatua

Varelaren ustez, legea ezin da ulertu Portugalen azken urteetan indartu den migrazioaren aurkako giro politikotik kanpo. Haren arabera, Europako hainbat herrialdetan bezala, migratzaileen aurkako diskurtsoek gero eta indar handiagoa dute, eta horrelako legeak joera horren emaitza dira. «Arazoa ez dira migratzaile aberatsak edo inbertitzaileak. Langile migratzaileen aurka egiten da, bereziki», azaldu du.

Portugal Europako debekuaren olatura batu da, beraz. Frantzian, Belgikan, Danimarkan, Austrian, Bulgarian, Herbehereetan eta beste hainbat herrialdetan ere indarrean daude aurpegia osorik estaltzen duten jantzien aurkako debekuak. Eta herrialde guztietan eztabaida handia piztu da legeen harira: segurtasunaren eta emakumeen eskubideen izenean aurkeztutako neurriak emakume musulmanak eta migratzaileak estigmatizatzeko beste tresna bat ote diren. Hain zuzen, auzi hori oraindik zabalik da Europan eta Portugalen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA