Estu geratu da zabalxeagoa izan zitekeen frontea

Espainiako ezker konfederala eskastuta bezain zatikatuta heldu da hauteskundeetara. Eztabaida etxebizitzara-eta bideratzen saiatuagatik, Podemosekin ados jarri ez izana leporatzen diote oraindik ere Fronte Zabalari.

Fronte Zabalak Madrilen antolatutako hitzaldi bat, azaroan. FERNANDO VILLAR / EFE
Fronte Zabalak Madrilen antolatutako hitzaldi bat, azaroan. FERNANDO VILLAR / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko azaroaren 25a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Deitura bata edo bestea izan, Espainiako ezker konfederala PSOE alderdia buru zuten gobernu koalizioen makuluetako bat izan da azken bi legegintzaldiotan. Baina agortu zen Unidas Podemos, agortu da Sumar, eta bestelako izen batekin aurkeztu da ezker konfederala Espainiako Gorteetarako bozetara. Azkenean osatu duten koalizioa, baina, izan zitekeen printzipioz den baino zabalxeagoa —alegia, PSOE baino ezkerreragoko alderdiek eduki zuten aukeraren bat berriro ere elkarrekin biltzeko estrategiari heltzeko—. Akordiorik lortu ez, ordea, eta herritarrek boto paper bat baino gehiagoren artean aukeratu beharko dute ezker konfederala babestu nahi badute azaroaren 29an. Aukera horien artean dago Fronte Zabala, zeina, aurreikuspen guztien arabera, estu samar geratuko den.

Aldeetara zabaldu ordez, ibilbide gorabeheratsua izan du koalizioak. Eta hori ez da, Emmanuel Rodriguez soziologo eta historialariaren arabera, Fronte Zabala osatzeko elkarrizketek porrot egin zutelako bakarrik: «Ez da zatiketa, legitimotasun falta baizik, ezkerraren ezkerrean dagoenaren sinesgabetasuna. Finean, horrek dakar zatiketa». Ez du uste ezker konfederalak bere burua berrasmatzeko gaitasunik daukanik, «masa kritikoa» falta baitzaio, eta irizten dio  posizio instituzionalari eutsiko dion oinarri sozialen bat behar dela: «Zeren, horrelakorik gabe, telebistako figurak baino ez dira, kargu instituzionalaren eta posizio mediatikoaren menpe daudenak».

Adierazi du, hain zuzen ere, «prestigio mediatikodun» zerrendaburu baten beharrean egongo zela Fronte Zabala, «ahalik eta karismatikoena» izan zedin behar zuela. Ada Colau Catalunya En Comukoari proposatu zioten hori. Badira hiru urte Bartzelonako alkate izandakoak politikagintza utzi zuela, eta lehen lerrora itzuli da orain, esan baitzioten «adostasun» zabaleneko hautagaia zela.

Izan ere, batik bat etxebizitzari lotutako ekintzailetzan aritu da urteetan. Ibilbidea aldi berean bi esparrutan egin izana aitortu dio Paloma Roman Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Zientzia Politikoetako doktoreak, Colau «bai kalean eta bai instituzioetan» aritu baita etxebizitza krisiari aurre egiten.

«M-15 mugimendua belaunaldi jakin bati dagokion esperientzia da; figura sorta batek baino ez du osatzen. Horixe da, zehazki, ezker horren desgrazia»

EMMANUEL RODRIGUEZ Soziologoa eta historialaria

Negoziazioak halaber izan dira mediatikoak: koalizioak aurkezteko epemuga amaitzear zela, eta Irene Montero Podemoseko europarlamentaria eta Gabriel Rufian Esquerra Republicana de Catalunyak Kongresuan duen bozeramailea elkarrekin kanpaina egiten hasiak zirela, Fronte Zabalak geroz eta gaitasun urriagoa zuen alderdi morea bere aldera erakartzeko. Oraindik ere zera leporatzen diote ezkerrari: ez zela ados jarri, eta hori bere kalterako izango dela.

Colauk esplikatu izan duenez, Monteroren alderdiak ez du hitzik ere egin nahi izan, eta Colauk berak behin baino gehiagotan proposatu zuen Espainiako Gobernurako presidentegaia beste bat izatea baldin eta berak baino «adostasun handiagoa» lortuko balu. Bada, azkenerako bereizita aurkeztu dira koalizioa eta Podemos, Valentzian eta Kanarietan izan ezik, bi erkidego horietan akordioa egin baitute.

Alderdi politikoak baino gehiago, fakzioak bereizi ditu Rodriguezek ezker konfederalean; buruzagi banaren bueltako fakzioak, hain zuzen ere. Mediatikoak dira «erabat», oinarrian «audientzien demokrazia bat» dutenez gero; fakzio horietako liderrek artikulatzen dute soziologoak «politika berria» deitu duena: «Logika horrek dakar jokoa: zein geratzen den barruan eta zein kanpoan».

Azaldu duenez, M-15 mugimenduaren ondoriozko politikagintza «belaunaldi jakin bati dagokion esperientzia» da: «Figura sorta batek baino ez du osatzen. Horixe da, zehazki, ezker horren desgrazia». Uste du herritarrentzat PSOE izango dela aukerarik «errealistena eta sinesgarriena», eta, hortaz, Fronte Zabalak «bizimodu txakal samarra» izango duela datorren legegintzaldian.

«Indar korrelazioan» ahul

Hori erakusten dute inkestek: Fronte Zabalak dozena bat eserleku inguru eskuratuko ditu —Sumar koalizioak 33 irabazi zituen duela hiru urteko hauteskundeetan—. Colauk ohartarazi du sozialistekin hitzartutako gobernua estutzeko balioko lukeela ezkerreko koalizioak, politikagintza «indar korrelazio bat» delakoan; hori bai, esana du joan den legegintzaldian nahi baino gauza gutxiago lortu direla, eta ikusi beharko da diputatu are gutxiagorekin ea zer-nola estutu ahal izango lukeen PSOE, betiere harekin gobernu koalizioa osatzea lortuz gero.

Romanen arabera, sozialistak baino ezkerrerago daudenen arteko aliantzak berresteko saiakera bat da koalizioarena, «gobernu progresista baten erreplikari eutsi ahal izateko». Halere, azaldu du argudio hori «indarrik gabe» geratzen dela ikusita bozetan boto paper batek baino gehiagok ordezkatuko dutela ezker konfederala. «Zirkunstantzia horiek dezepzio handia eragingo die ideologia horretako boto emaileei», adierazi du Konplutentseko irakasleak.

«Baliteke ezkerreko abstentzionistek botoa ematea, ez ezkerreko alderdien programetako promesen ondorioz, baizik eta ikusita nolako errealitatea helduko zaien eskuinek irabaziz gero»

PALOMA ROMAN Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Zientzia Politikoetako doktorea

Erantsi duenez, ezkerreko boto emaileek desmobilizatuta ekin zioten hauteskundeen aurreko garaiari, PSOEren eta Sumarren gobernu koalizioaren higadurak «desengainatuta»; dena den, kanpainaurreak eta kanpainak ezinbestean biziagotu dituzte, eta, doktorearen arabera, baliteke ezkerreko abstentzionistek ere botoa ematea azaroaren 29an: «Ez ezkerreko alderdien programetako promesen ondorioz, baizik eta ikusita nolako errealitatea helduko zaien eskuinek irabaziz gero».

Colauk esana du eskuina eta eskuin muturra direla hauteskunde hauetako etsaia. Rodriguezek azaldu du kanpaina «plano negatiboan» soilik oinarritzea agian ez dela estrategiarik aproposena: «Zertarako-eta besteek ez dezaten gobernatu. Hori horrela, jendearen atxikimendua ez da positiboa. Ez daukazu gaitasun handirik posizio, nola esan, propositiboa edukitzeko».

Horren harira, Romanek nabarmendu du alderdi handiek «moldatzeko» gaitasuna dutela, biparditismoaren gainbehera gorabehera alderdi berriek baino hobeto «irauten» baitute. Bat dator Rodriguez, esan baitu Fronte Zabalak baino gehiago Sanchezek atera diola «probetxua» etxebizitzaren krisiari —krisialdia arintzeko bi dekretuk porrot egin zutelako aurreratu zituzten hauteskundeak—: «Sanchezek gaitasuna du lehen existitzen ez zen PSOE bat asmatzeko».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA