Europak ez du nahi Schroeder Errusiarekin bitartekari lanetan aritzea

EBk Vladimir Putin Errusiako presidenteak egindako eskaerari erantzun dio, eta adierazi du Alemaniako kantziler ohia ez dela Ukrainaz aritzeko egokia, ez duelako erakutsi «bitartekari zintzoa» izan daitekeenik.

Alemaniako kantziler ohi Gerhard Schroeder, artxiboko irudi batean, 2024ko urrian. MAX SLOVENCIK / EFE
Alemaniako kantziler ohi Gerhard Schroeder, artxiboko irudi batean, 2024ko urrian. MAX SLOVENCIK / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko maiatzaren 11
15:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Vladimir Putin Errusiako presidenteak asteburuan eskatu du Gerhard Schroeder Alemaniako kantziler ohiak (1997-2005) egin dezala EB Europako Batasunaren eta Errusiaren arteko bitartekari lana Ukrainako gerraren amaiera negoziatzeko izan ditzaketen elkarrizketetan. EBk, ordea, ez du begi onez ikusi, Schroederrek Putinekin daukan harremana dela eta. Bestalde, Ukrainak eta Errusiak hiru eguneko su etena adostu zuten ostiralean, eta gaur da amaitzekoa epemuga hori.

Europako Batasuneko Atzerri ministroek batzar bat egin dute gaur Bruselan, munduan gaur egun pil-pilean dauden hainbat gatazka jorratzeko eta haien inguruan eztabaidatzeko. Bertan zeuden kazetariek Putinen eskaeraren inguruan galdetu diote EBko diplomaziaburu Kaja Kallasi, eta argi esan du ez litzatekeela egokia izango Schroeder kargu horretarako aukeratzea, Errusiako enpresen «interesak» defendatu izan dituelako: «Gerhard Schroeder goi mailako lobbysta izan da Errusiako enpresa nazionaletan». Horrez gain, adierazi du ez litzatekeela erabaki «zentzuduna» izango EBrekin negoziatzeko pertsona bat izendatzeko «eskubidea» Errusiari ematea.

Bide beretik jo du Gunther Krichbaum Europako Batasunerako Alemaniako ministroak ere. Bere hitzetan, iraganean Schroederrek «ez du erakutsi» bitartekari «zintzo» gisa jardun zezakeenik. Eta, gaineratu du Putinek «eragin handia» izan duela harengan: «Hurbileko lagunen arteko harremana zilegi izan daiteke munduko leku guztietan, baina zaila da bitartekari zintzoa izango dela pentsatzea».

Schroeder Nord Stream gasbideak kudeatzen dituen enpresaren administrazio kontseiluko kide izendatu zuten Alemaniako kantziler postua utzi eta berehala, eta Rosneft petrolio konpainiako administrazio kontseiluko presidente ere izan zen. Azken urteetan asko hitz egin da haren inguruan, ez baitu inoiz Ukrainako inbasioa jendaurrean gaitzetsi, eta aurka egin dio haren alderdi SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak ere.

16

Zenbat lagun zigortu dituen EBk Ukrainako adingabeak deserriratzeagatik. EB Europako Batasunak hamasei lagun eta zazpi erakunde zigortu ditu, Ukrainako adingabeak legez kontra eta sistematikoki deserriratzeagatik. Talde komunitarioak adierazi duenez, uste dute Errusiak ia 20.500 adingabe lekualdatu dituela indarrez, inbasioa hasi zuenetik. Zigortuen artean daude, esaterako, Errusiak Ukrainan okupatu dituen zenbait lurraldetako funtzionarioak eta politikariak

.

Hala ere, proposamena gorabehera, Bruselan bildu diren hainbat liderrek zalantzan jarri dute Putinek EBrekin negoziatu nahi izana; baita ostiralean ezarri zuen hiru eguneko su etena ere. Izan ere, Kallasek adierazi du hiru eguneko su etena Putinen «mugimendu zinikoa» izan dela, Errusiak Moskuko Plaza Gorrian eta inguruko kaleetan ospatu ohi duen Garaipenaren Eguneko desfile militarra babesteko —urtero ospatzen dute maiatzaren 9an Sobietar Batasuneko armadak naziak garaitu zituela, eta aurtengo aldia iragan asteburuan egin zuten—.

Suediako Atzerri ministro Maria Stenergardek, esaterako, adierazi du Putini ez zaiola interesatzen «benetako bake bat» negoziatzea. Bere homologo lituaniar Kestuis Budrysek, berriz, esan du Errusiak «barre» egin diola «beste behin» Ukrainan «su etena eta bakea» lortzeko egindako edozein proposameni. Horregatik, biek ala biek adierazi dute «are presio handiagoa» egin behar zaiola Errusiari, «estrategia aldatu dezan».

Ukrainako Atzerri ministro Andri Sibigak —gonbidatu moduan hartu du parte—, aldiz, EBri eskatu dio «zeregin berri bat» izan dezala hemendik aurrera Errusiarekin izan ditzakeen elkarrizketetan. «Edozein aukera aprobetxatu nahi dugu bakea ahalik eta gertuen izan dezagun. Europak beste zeregin bat izan dezake, eta horren inguruan hitz egingo dut nire homologoekin».

Sibigak, gainera, esan du elkarrizketa horietan «beharrezkoa» dela AEB Ameriketako Estatu Batuen lidergoa. «Ez naiz orain arteko elkarrizketak ordezkatzeaz ari, horien osagarri izateaz baizik», gaineratu du.

VARSOVIAK ZIOBRO JUSTIZIA MINISTRO OHIA ESTRADITATZEKO ESKATU DU

Poloniako Gobernuak gaur jakinarazi du herrialdeko Justizia ministro ohi Zbigniew Ziobroren estradizioa eskatuko duela. Ziobrori 26 delitu leporatu zizkioten; esaterako, erakunde «kriminal» bat zuzentzea edota funts publikoak erabiltzea Pegasus softwarea lortzeko. Iaz Hungariara egin zuen ihes, eta Viktor Orbanen gobernuak babesa eskaini zion. Peter Magyar Hungariako estatuburu izendatu zuten larunbatean, eta AEBetara ihes egitea erabaki duela esan du Poloniako politikariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA