Trumpek irandarrei: «Har itzazue instituzioak. Laguntza bidean da»

AEBek elkarrizketak eten dituzte Iranekin. Araghtxi Irango Atzerri ministroak gaitzetsi egin du Mendebaldearen jarrera, eta biolentzia areagotzea leporatu die AEBei eta Israeli.

«Iran da gure aberria» esaldia horma batean pintatua, gaur, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
«Iran da gure aberria» esaldia horma batean pintatua, gaur, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko urtarrilaren 13a
16:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zalaparta areagotu du Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Iranen. Iragarri du elkarrizketa guztiak etengo dituela Iranekin, herrialdeko protestetan «herritarren hilketak eten arte», eta gehitu du «laguntza bidean» dela. «Jarraitu protestatzen! Har itzazue instituzioak! Gogoratu hiltzaileen izenak. Garesti ordainduko dute», adierazi die protestariei Truth Social bere sare sozialean.

Duela bi aste hasi ziren protestak Iranen, egoera ekonomikoarengatik. Ordutik gutxienez 648 pertsona hil dituztela jakinarazi zuen atzo iluntzean Iran Human Rights elkarteak, Norvegian egoitza duen GKE batek. Baina, gaur goizean, Irango funtzionario batek Reuters berri agentziari adierazi dio dagoeneko 2.000 pertsona inguru hil direla protestetan.

Zer ari da gertatzen Iranen? Maddi Iztueta Olano

Trumpek mezu hori idatzi aurretik, Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroa elkarrizketen alde agertu da, eta Al-Jazeera hedabideari adierazi dio Iran prest dagoela AEBekin nuklearren inguruan hitz egiteko, «betiere mehatxurik eta agindurik gabe». Era berean, esan du Washingtonek aukera militarrari ekin nahi badio horretarako ere prest daudela.

The Wall Street Journal AEBetako egunkariaren arabera, Donald Trump AEBetako presidentea gaur da bere aholkulariekin biltzekoa estrategia bat ontzeko. Momentuz, sare sozialean esandakoaz gain, presidenteak iragarri du %25eko muga zerga ezarriko diela Iranekin negozioak egiten dituzten herrialdeei.

Iragarpen horrek Txina haserretu du. Izan ere, 2024an Iranen petrolio esportazioen %77 erosi zituen. «Beti uste izan dugu ez dagoela irabazlerik muga zergen gerran, eta Txinak bere eskubide eta interes legitimoak babestuko ditu», erantzun du Mao Ning Atzerri ministerioko bozeramaileak, prentsaurreko batean. Bide beretik, Txinak AEBetan duen enbaxadako eledun Liu Pengyuk, X sare sozialean, gogorarazi du «bortxak eta presioak» ezin dituztela arazoak konpondu.

Mendebaldearen jarrera

Irango Gobernuak onartu du herrialdearen egoera ekonomikoa ez dela ona, eta aitortu du jendeak era baketsuan protestatzeko eskubidea duela, baina, aldi berean, ohartarazi du ez dituela istiluak onartuko. Gobernuak bi multzotan sailkatzen ditu protestak: «egoera ekonomikoaren aurkakoak eta politikoak». Araghtxik iragarri du atzerriko grabazioak identifikatu dituztela, eta manifestariei aginduak ematen dizkietela horien bidez. Mendebaldeak hartu duen jarrera gaitzetsi du Araghtxik, eta biolentzia areagotzea egotzi die AEBei eta Israeli.

Ursula von der Leyen Europako Parlamentuko presidenteak gaur iragarri du zigor gehiago jarriko dizkiola Irani, protestei emandako erantzunengatik. Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak ere Irango Gobernuaren aurka egin du, eta iragarri du gobernu hori «aurki» eroriko dela, «egun edo aste batzuen buruan». Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ere atzo kondenatu zuen «era itsuan herritarrei eraso egiten dien estatu biolentzia». Eta, era berean, Yvette Cooper Erresuma Batuko Atzerri ministroak zera idatzi zuen X sare sozialean: «Irango manifestari baketsuen aurkako hilketak eta errepresio bortitza izugarriak dira». Hiru herrialde horiek Irango programa nuklearra mugatzeko plana sinatu zuten Iranekin berarekin, 2015ean.

Irango Atzerri ministroak gaitzetsi egin du Europaren jarrera, batez ere Alemaniarena. Adierazi du Alemaniak «bi neurri desberdin» erabiltzen dituela giza eskubideak defendatzeko: «Iranek zibilak eta poliziak hiltzen dituzten terroristak garaitzen dituenean, Alemaniako kantzilerrak berehala adierazten du indarkeria ahulezia baizik ez dela. Zer du esateko, orduan, Gazako 70.000 palestinarren hilketari baldintzarik gabeko babesa ematearen inguruan?».

NetBlocks erakundearen arabera, Internet zerbitzuak etenda jarraitzen du Iranen, bosgarren egunez jarraian. Araghtxik atzo adierazi zuen laster berrezarriko zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.