Europako Batasunaren aldeko proiektua sendotzeko aukera dute Polonian

Presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia egingo dute bihar. Trzaskowski europazalea nagusitu zen lehen bozketan; Tusk lehen ministroaren alderdi berekoa da. Hurbil izan zuen, ordea, Nawrocki hautagai ultrakontserbadore eta Bruselarekiko kritikoa.

Poloniako lehen ministro Donald Tusken alderdiko presidentegai Rafal Trzaskowski, atzo, hauteskunde kanpainako ekitaldi batean, Gdansken. ANDRZEJ JACKOWSKI / EFE
Poloniako lehen ministro Donald Tusken alderdiko presidentegai Rafal Trzaskowski, atzo, hauteskunde kanpainako ekitaldi batean, Gdansken. ANDRZEJ JACKOWSKI / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko maiatzaren 31
18:12
Entzun 00:00:0000:00:00

Alde txikiz, baina Rafal Trzaskowski Plataforma Zibila zentro-eskuineko koalizioko presidentegaia nagusitu zen duela bi aste egindako Poloniako presidentetzarako bozen lehen itzulian —botoen %31,3—. Donald Tusk Poloniako lehen ministroaren alderdikidea da Trzaskowski, gaur egun gobernuan dagoen koalizioaren hautagaia. Bihar egingo dute bigarren bozketa; Plataforma Zibilekoak aurrean izango du Karol Nawrocki hautagai nazionalista ultrakontserbadorea —botoen %29,5 lehen itzulian—. Bigarren itzulirako are eta lehia estuago espero da; azken bi asteetako inkestetan, pare-parean ageri dira bi hautagaiak.

Datozen bost urteetarako estatuburua hautatuko dute bihar poloniarrek, baina, aldi berean, lehen ministroaren proiektu europazalea sendotu ala ez erabakiko dute. Izan ere, Polonian presidenteak beto eskubidea du gobernuak onartutako edozein lege bertan behera uzteko. Horiek horrela, Tusken alderdikidea nagusituko balitz, Poloniako Gobernuak ateak zabalik izango lituzke egin nahi dituen aldaketak gauzatzeko. Kontrara, hurrengo presidentea Nawrocki bada, Tuskek oztopoak izango ditu agian bere politikak aurrera eramateko.

Maiatzaren 18an, lehen itzulian nagusitu zen hautagai europazalea. Ordutik, baina, bi hautagaien arteko aldea apalduz joan da inkestetan. Azken astean Ewibory.eu etxeak egindako galdeketaren arabera, botoen %50,3 eskuratuko lituzke Tusken alderdikideak, eta %49,7 hautagai ultrakontserbadoreak.

ARTUR RESZKO / EFE
Karol Nawrocki hautagai nazionalista ultrakontserbadoreak gaur egungo presidente Andrzej Dudaren babesa du. Irudian, Nawrocki atzo, kanpainako ekitaldi batean, Lapyn. ARTUR RESZKO / EFE

Trzaskowski Varsoviako alkate da 2018tik, eta Plataforma Zibileko presidentegaia izan zen 2020ko hauteskundeetan ere. Orduan, ez zuen garaitu PiS Legea eta Justizia alderdi ultrakontserbadorearen hautagai Andrzej Duda. Azken hori izan da Poloniako presidente bost urtez. PiSen eta Dudaren babesa du Nawrockik.

Dudaren alderdia nagusitu da legebiltzarrerako azken hiru hauteskundeetan: 2015ean, 2019an eta 2023an. Lehen bien ostean, gobernua osatzea lortu zuten; 2023an, aldiz, ez. Jarduneko gobernua osatu bazuten ere, ez zuten behar beste babes agintean jarraitzeko. Urte bereko abenduan gobernu koalizioa osatu, eta Tusk izendatu zuten lehen ministro. Ordutik, presidentearen eta agintean dagoen koalizioaren arteko talka nabarmena da.

PiSen zortzi urteko aroa amaituta, 2023an, beste jokaleku politiko batean sartu zen herrialdea; batez ere, EB Europako Batasunarekiko harremanari dagokionez. Tusk lehen ministro kargura iritsi eta hiru hilabete baino gutxiagora, EBk 137.000 milioi euroko funtsa desblokeatu zuen Poloniarentzat. Aurrez, 2020an, funtsak izoztu zizkioten, argudiatuta PiS alderdiak osatutako gobernuak ezarritako neurriak «demokraziaren aurkakoak» zirela. Alderdi nazionalista ultrakontserbadoreak 2015ean botere judizialean egindako aldaketak eragin zion ezinegona Bruselari.

EBn duen pisua

Behin Tusk gobernura itzuli ostean —lehen ministro izan zen 2007tik 2014ra ere—, talde komunitarioan gero eta pisu handiagoa eskuratu du Poloniak. Ekonomiari dagokionez, talde komunitarioko seigarren indarra da, BPG barne produktu gordinari erreparatuta. Eta Ukrainako inbasioaren harira Tusken gobernuak hartutako jarrerak indartu egin du herrialdeak EBn duen posizioa; bai geografikoki Ukrainatik gertu egoteagatik, bai Kieven aldeko jarrera irmoagatik. Gainera, Europako Batzordeak proposatutako «berrarmatzearen» babesle sutsuenetako bat da Tusk.

Trzaskowskik ere Ukrainarekiko ikuspegi bera du, eta Polonia EBn eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean integratzearen aldekoa da. Halere, Ukrainako errefuxiatuei dagokienez, hasieran Varsoviak besoak zabalik hartu bazituen ere, hautagai europazaleak iragarri du presidente kargura iritsiz gero murriztu egingo dituela errefuxiatu horiei ematen dizkieten gizarte laguntzak.

Presidentegai nazionalista eta ultrakontserbadorea, ostera, kritikoa da Bruselarekin. Zenbaitetan talde komunitarioko beste herrialde batzuen interesek Poloniarenekin talka egiten dutela uste du, eta beste aliantza batzuk sustatzearen alde agertu izan da kanpainan. Nawrockiri babesa eskaini diote, besteak beste, Donald Trump AEBetako presidenteak eta Viktor Orban Bulgariako lehen ministroak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.