Europako Batasuneko kideek adierazi dute Ukrainak bake negoziazioetan parte hartu behar duela

Kieven subiranotasuna eta independentzia errespetatu behar direla azpimarratu dute EBko Atzerri ministroek. Hungariak ez du sinatu adierazpen bateratua.

Zaporizhiako autobus geltokia, Errusiako armadaren erasoen ondoren, igandean. OLEG MOVCHANIUK / EFE
Zaporizhiako autobus geltokia, Errusiako armadaren erasoen ondoren, igandean. OLEG MOVCHANIUK / EFE
2025eko abuztuaren 12a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ukrainako gerrako negoziazioetan Kievek parte hartu behar duela azpimarratu dute EB Europako Batasuneko 26 herrialdek —denek, Hungariak izan ezik—. Atzo bildu ziren EBko Atzerri ministroak, eta gaur goizean kaleratutako oharrean adierazi dute hori: «Ukrainak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du. Bakea ezartzeko prozesua nolakoa izango den ezin da erabaki Ukraina gabe».

Errusiako presidente Vladimir Putinek eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek ostiralean Alaskan egingo duten bileraren harira bildu ziren atzo EBko Atzerri ministroak, bideo dei baten bidez. Mosku eta Washington bake negoziazioen inguruan eztabaidatzen ibili dira azken egunetan, eta Ukrainako presidente Volodimir Zelenski, hori ikusita, kezkatuta agertu da negoziazio horietatik kanpo geratzeko arriskuaren inguruan. Hala, Zelenski Europako Batasunaren babesa biltzen saiatu da iragan astetik; besteak beste, EBko estatuburu eta gobernuburu gehienekin bildu da aurrez aurre. 

Horiek horrela, EBko herrialdeetako ordezkariak atzo elkartu ziren Ukrainako egoeraren inguruan hitz egiteko, eta gaur goizaldean kaleratu dute bertan eztabaidatutakoa azaltzen duen oharra. Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka «amaitzeko» Trump egiten ari den lana eskertu dute EBkoek. Baina, era berean, «egonkortasuna eta segurtasuna» ziurtatzeko bake «justu eta iraunkorrak» nazioarteko zuzenbidea errespetatu behar duela adierazi dute, eta Ukrainak independentziaren, subiranotasunaren eta lurralde integritatearen printzipioei eutsi behar diela, baita nazioarteko mugak «indarrez» ez aldatzeari ere. 

Funtsean, gatazka amaitzeko eztabaidetan Ukrainak eta EBk esku hartzea galdegin dute ministroek. Oharrean adierazi dute Ukrainako gerrak ondorioak dituela Europako segurtasunean ere eta, beraz, irtenbide diplomatikoak «Ukrainaren eta Europaren segurtasun interesak» babestu behar dituela. 

EBko kideek Ukraina babesteko konpromisoa berretsi dute oharrean. Kievi laguntza politikoa, ekonomikoa, humanitarioa, militarra eta diplomatikoa ematen jarraituko dutela nabarmendu dute, «Ukraina bere burua defendatzeko berezko eskubidea erabiltzen ari baita». Bestalde, Errusiari zigor ekonomikoak ezartzen jarraituko dutela iragarri dute. 

Zelenskik EBren jarrera eskertu du bere sare sozialetan. «Diplomaziaren erabilera horrek zentzuzko amaiera bat emango dio gerrari», esan du Ukrainako presidenteak.

Hala ere, EBko herrialdeek ez dute lortu guztiz ados jartzea. Izan ere, Hungariak ez du sinatu argitaratutako oharra. Beste 26 herrialdeek adostutako oharra argitaratu eta gutxira, Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek mezu bat kaleratu du sare sozialetan: «Koru liberalak Putinen txotxongiloa naizela esaten hasi aurretik, erabaki dut azaltzea zergatik ezin dudan [EBren] adierazpena babestu Hungariaren izenean». Orbanek agerian utzi du EB ez dagoela gonbidatuta Washingtonen eta Moskuren arteko bilerara eta, beraz, ezin duela bertan baldintzarik jarri. Bestalde, Hungariako lehen ministroak EBri gomendatu dio AEBen bideari jarraitu eta Errusiarekin zuzenean biltzeko, egin dezakeen ekintzarik «eraginkorrena» izango litzakeela argudiatuta. 

Bi hildako Ukrainan

Ukrainako agintariek kaleratu dutenez, Errusiak bi pertsona hil ditu eraso batean, eta zazpi zauritu. Bart gauean egin zuen erasoa, misil bitartez, eta etxebizitza bat jo zuen, Bilozerske hirian, Ukraina ekialdean. 

Ukrainako armadak guztira 36 drone eraitsi ditu bart gauean, baina hamabi dronek eta hiru misilek zazpi eremu jotzea lortu dute. Hala jakinarazi du Ukrainako armadak Telegramen.  

Indiak ez dio utziko Errusiako petrolioa erosteari

Trumpek Indiari muga zerga gogorrak agindu arren, New Delhik ez dio utziko Errusiako petrolioa erosteari. AEBek India estutu nahi dute Errusiaren petrolioa eros ez dezan. Hori dela eta, abuztuaren 7an, Washingtonek muga zerga handiak ezarri zizkion New Delhiri, eta ordutik presioa areagotzen ahalegindu da. Hala ere, Indiak ez die men egingo saiakera horiei, eta, muga zergak gorabehera, Indiak ez ditu bertan behera utziko AEBekin defentsa akordioaren inguruan dituen negoziazioak. Hala azaldu du gaur Indiako Atzerri idazkari Vikram Misriek herrialdeko parlamentuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.