«Ameriketako Estatu Batuek irizten diote gehiegi konprometitu direla Europarekin», zioen Europako Batzordeak martxoan aurkeztutako berrarmatze planean. Washington iragartzen ari den honetan babes militarra apalduko duela, Bruselak erabaki du bere gaitasun militarra areagotzeko finantzaketa azkartzea. Europa Berriz Armatu planaren arabera, AEBek «segurtasun bermatzaile» izateari utzi nahi diote, eta, beraz, EB Europako Batasuneko 27 estatu kideek «noranzko jakin baterantz begira jarri beharko dute».
Halere, hori ez da «gaurko kontua», Tica Font Kataluniako Delas zentroko ikerlariaren hitzetan: «Uste izan arren hau guztia Ukrainako gerrak eragin duela, ez da hala». Batetik, gogoratu du aurrez, 2014an Errusiak Krimea anexionatu ostean, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko estatu kideek ontzat jo zutela gastu militarra norbere barne produktu gordinaren (BGP) %2ra igotzea —«orduan sortu zen Europak defentsa estrategia propioa behar duen ideia»—, eta, bestetik, Ukrainaren inbasioak beste behin hizpidera ekarri duela gastuaren eztabaida: «Abagunea sortu du Errusia etsaitzat jotzeko, haren kontra egin behar dela esateko, eta baita defentsan egin behar diren inbertsioen aldeko iritzi publikoko kanpaina bat egiteko ere».
Europako Batzordearen arabera, azken hamar urteotan «nabarmen» igo da estatu kideen batez besteko gastu militarra, %2ra heltzeraino, eta berrarmatze planean aurreikusi dute beste %1,5 igotzea lau urteren buruan; denera 650.000 milioi euro. Delas zentroa bakeari eta armagabetzeari buruzko ikerketak egiten dituen elkarte bat da, eta hartako kideak esan du estatuak «konprometitu» egin direla, eta «sinesgarria» dela plana beteko dutela, nahiz eta berez ez den loteslea: «Egingo dute? Ez dute egingo? Zenbateraino beteko dute konpromiso hori? Zenbateraino bete ahalko dute?». Bide batez, joan den astean Alemaniako Defentsa ministroak adierazi zuen prest zegoela AEBen eskaera onartu eta gastu militarra %5era igotzeko.
«Europaren berrarmatzeari ekiteko abagune bat dago orain, eta estatu kideen borondatearen menpe dago hori»
Marta MucznikICG Nazioarteko Krisi Taldeko analista
Horren harira, inbertsioei bide emateko asmoz, Bruselak arindu egin ditu zerga arauak, eta tresna batzuk sortu: estatuek beren BPGaren %3ko defizit muga ezarria dute, eta Bruselak zehapenak ezartzen dizkie hori gainditzen dutenei; orain, ordea, aurrekontuak handitu ahalko dituzte berrarmatzea finantzatzeko, eta zigor mekanismoek ez dute aintzat hartuko gastu hori.
Marta Mucznik ICG Nazioarteko Krisi Taldea gobernuz kanpoko erakundeko analistak azaldu duenez, Ukrainako gerrak «presazkoago» bihurtu du Europa militarki «autonomoagoa» bihurtzeko beharra: «Prozesu horri ekiteko abagune bat dago orain, eta estatu kideen borondatearen menpe dago hori». Muczniken iritziz, eztabaida horiek guztiak «ez dira teknikoak, politikoak baizik», eta «adostasuna» behar dute berrarmatzerako eta horrek dakartzanetarako: «Europaren arazoa ez da gaitasun edo diru falta, koordinazio falta baizik».
Zertan datzan
Dena den, analistak nabarmendu du berrarmatze planak «aitorpen gero eta handiagoa» duela. Hainbat estatuk erantzun diote jada Bruselaren deiari: gaur-gaurkoz, hamabik eskatu dute aplikatzeko gastu militarra areagotzeko klausula —Alemaniak, Belgikak, Danimarkak, Eslovakiak, Esloveniak, Estoniak, Finlandiak, Greziak, Hungariak, Letoniak, Poloniak eta Portugalek—.
Aurrekontuetan bildutako 650.000 milioi euroez gain, Europako Batasunak 150.000 milioi euroren maileguak emango ditu, estatu kideek —eta, besteak beste, Ukrainak eta Erresuma Batuak— ekipamendu militarra eros dezaten: aireko defentsa, artilleriako tresneria, misilak, munizioa, droneak eta droneen kontrako sistemak, azpiegitura kritikoak babestekoak, ibilgailuak, gailu elektronikoak... Herrialdeek bi baldintza bete beharko dituzte maileguak eskatzeko: batetik, bi estaturen arteko prozedura bateratuen bidez egin behar dituzte salerosketok; bestetik, ekipamenduen osagaien %65ek gutxienez aurreikusitako estatuetan eginak behar dute izan.
«Erosi, agudo erosten da; produzitu, berriz, oso mantso», adierazi du Fontek. Horregatik entzun die hainbat adituri esaten berrarmatze plana Donald Trump AEBetako presidentea «asebetetzeko» egin dela: «Erosketaren kronograma eta produkzioarena desberdinak dira; beraz, aditu horien arabera, AEBak kontentatuko genituzke bien bitartean». Izan ere, nahiz eta planaren xedeetako bat den Europako armagintza industria sustatzea, Washingtonekiko dependentzia sakondu egin da azken urteotan: SIPRI Bakearen Nazioarteko Ikerketa Zentroak emandako datuen arabera, azken bost urteetan (2020-2024) Europako estatuek AEBei erosi diete arma gehien —inportazioen %53; aurreko bost urteetan, berriz, %41—, baita Alemaniari (%6,8) eta Frantziari ere (%5,3), besteak beste.
«Ezein estatuk ez dio uko egin nahi nazio estatuaren ideiari, ezta norbere defentsa subiranotasunari ere»
Tica FontCentre Delas-eko ikerlaria
Europako Defentsa Industriarako Estrategia diseinatu zuen Europako Batasunak iaz, eta hartan zehaztu zuen 2022ko otsailean Ukrainako inbasioa hasi zenetik 2023ko ekainera bitartean jasotako armen %78 klubetik kanpoko estatuei erosi zizkietela. Estrategia horren asmoa zera da: 2030erako, erositako armen osagaien %40 gutxienez estatu kideen lankidetzaren bitartez erostea, ekipamendu militarraren arloan erosketen erdiak behintzat talde komunitarioan egitea, eta estatu bakoitzak ekoitzitakoaren %35 bederen EBko beste kideei saltzea.
Helburu horiek, halere, epe luzekoak dira; Europako industria militarra ez dute «goizetik gauera» aldatuko, Muczniken ahotan: «AEBen laguntza ezin da egun batetik bestera ordezkatu. Baina beharra ere badago Ukrainako gerrari erantzuteko eta Ukrainari militarki laguntzeko ahalik eta azkarren. Gerra garaiko beharrak dira horiek, epe laburrekoak. Horixe da Europak eta Europako Batasunak esku artean duten dilema». Izan ere, bai berrarmatze planak, bai gastu militarraren igoerak eta bai EBren maileguek oraingo beharrei erantzuten diete, Mucznikek erantsi duenez.
Errusiarekin negoziatzen
Orain arte, beraz, EBko 27etako bakoitzak «bere kabuz erabaki du zer erosi eta nori erosi, irizpide propioak kontuan hartuta», Fontek salatu duenez: «Horrek esan nahi du Errusiako armadaren kontra borrokatzeko preparatzen ari garela, baina estatu bakoitza bere kontura armatu dela. Ez da efizientea, ez da eraginkorra, ez dauka ez hankarik ez bururik». SIPRIren arabera, Errusiak 133.000 milioi euro gastatu zituen arlo militarrean iaz; Europak, berriz, 326.000 milioi. Datu horiei erreparatuta, zera esan du Fontek: «Hain gaizki gastatzen dugu dirua? Zer armada klase dugu ia Errusiak halako hiru gastatuta ere ez bagara gai haren aurka egiteko? Dirua xahutzen ari gara».
«‘Eraso egitea okurritu zaizu? Eraso egiten badidazu, begira zer jasoko duzun bueltan’. Oso maskulinoa da hori»
Tica FontCentre Delas-eko ikerlaria
Berrarmatze planean bildutako txostenean azpimarratzen da EBk «erantzun estrategiko bat» eman behar diola Errusiaren «mehatxuari». Pentsamolde hori gaitzetsi du Fontek, argudiatuta Bruselak mehatxu hori «aitzakia» gisa erabili duela are gehiago armatzeko: «Plantea al daiteke bebarru bereko bizilagun batekin disuasio politikak erabiltzea? Zentzugabea da mehatxuka aritzea». Bake negoziazioen alde egin du ikerlariak, modua emango dutelakoan «elkarri eraso ez egiteko politikak» adosteko: «Bestela, hau izango da jarrera: ‘Eraso egitea okurritu zaizu? Eraso egiten badidazu, begira zer jasoko duzun bueltan’. Oso maskulinoa da hori».
Elkarrizketei dagokienez, Mucznikek azaldu du EBk ez duela AEBek bezainbesteko gaitasuna Mosku mahai baten bueltan eserarazteko: «Hainbat herrialde dira, beste hainbeste ahots, eta adostasuna falta da. Horrek kalte egiten dio bisean biseko bilera bat egiteko behar den sinesgarritasunari». Baina gehitu du Washingtonek ezin duela «bere kabuz» erabaki gerra nola amaitu, Europak bere esku baitu «palanka ekonomikoa»: «Estatubatuarrek eta europarrek, biek ala biek dute elkarrekin bake akordioa lortzeko ahala».
Bada, duela bi aste, Kieven bilera egin zuten Ukrainaren Europako aliatu zenbaitek —Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak eta Poloniak—, eta Emmanuel Macron Frantziako presidentearen hitzetan, Vladimir Putin Errusiako presidenteari mehatxu egin zioten «egundoko zigor ekonomikoak» ezarriko zizkiotela hilabeteko su etena onartu ezean. Kievek eta Moskuk hiru urte pasa zeramatzaten aurrez aurre hitz egin gabe, eta, azkenean, joan zen astean egin zuten saiakera bake elkarrizketei ekiteko, Istanbulen; prest agertu ziren zuzeneko elkarrizketa gehiago izateko. Trumpek Volodimir Zelenskirekin eta Putinekin hitz egin zuen telefonoz, eta adierazi zuen bi aldeak «berehala» hasiko direla negoziatzen.
«Estatubatuarrek eta europarrek, biek ala biek dute elkarrekin bake akordioa lortzeko ahala»
Marta MucznikICG Nazioarteko Krisi Taldeko analista
Ukrainaren aliatuen «kezka» ez da elkarrizketetan laguntzea bakarrik: argitu nahi dute su etena edo bake akordioa adostuz gero nola eman «segurtasun bermeak» Ukrainari, Mucznikek adierazi duenez. Gogora ekarri du estatu kideetako armadak «koordinatzea» ere badela berrarmatze planaren helburua, eta «zatiketa» gainditu beharko dutela halakorik nahi izanez gero.
Nor bere aldetik
Armen logistika bateratu arren, Fontek esan du estatu bakoitzak bereari eutsi nahi izango diola: «Inork ez dio uko egin nahi nazio estatuaren ideiari, ezta norbere defentsa subiranotasunari ere. Nahi dugunean, batzen gara, baina, zenbait kontutan, norbere zilborrari begira». Gastu militarra handitzea adostu dute estatu kideek, «besterik ez», ikerlariak zehaztu duenez, eta nekeza deritzo noizbait Europa osoko indar bat sortzeari: «Tira, armadarik gabeko gizarte batean bizi nahi dudala esatea bezain utopikoa da oraingoz».
Izan ere, Fontek azpimarratu du balizko gerra batekin «justifikatu» nahi duela EBk gastu militarra areagotzea, eta hedabideek ere zeresana dutela horretan: «Tertuliakideak arduratzen dira Errusiaren inbasioaz ohartarazteaz». Horren kontra ere mintzatu da: «Kosta egiten da diskurtso antimilitarista herritarrenganaino heltzea, baina ogia erosteko ilaran egin beharko dugu, kafetegietan, lagunekin ditugun tertulietan, ez baitago beste modurik. Egin, egin behar dugu».