Europako herritartasuna «ez dago salgai»

Maltako urrezko pasaportea debekatu du Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak. Hori lortzeko ezinbesteko baldintza zen herrialde horretan 669.000 euroko inbertsio bat egitea.

EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren areto baterako sarrera, artxiboko argazki batean. MOHAMMED BADRA / EFE
EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren areto baterako sarrera, artxiboko argazki batean. MOHAMMED BADRA / EFE
urko iridoy alzelai
2025eko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Maltako urrezko pasaportea ilegala dela ebatzi du EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak. Europan gelditzen zen azken urrezko pasaporte erabilgarria zen Maltakoa, 2020an Ziprek berea baliogabetu zuenetik eta 2022an Bulgariak. Europatik kanpoko inbertitzaileek erabili ohi zuten pasaporte hori, diruaren truke nazionalitatea lortzen baitzuten, eta horretarako baldintza gutxi batzuk baino ez zituzten bete behar. Maltako nazionalitatea ez ezik, Europakoa ere lortzen zuen pasaportea bereganatzen zuenak, eta, horrela, Schengen eremuan askatasun osoarekin bidaiatzeko aukera zuten. «Europako herritartasuna ez dago salgai, ezin dugu horrelakorik onartu», adierazi zuen apirilean Europako Batzordeko bozeramaile Markus Lammertek. Auzitegiak apirilaren 29an eman zuen ebazpena.

Manuel Delia Maltako kazetari eta aktibistak urteak daramatza urrezko pasaportearen aurkako jardunean, eta esan du «aparteko berria» izan dela Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak hartutako erabakia. «Ez genuen hau espero, uste genuen beste behin Maltako Gobernuaren alde jarriko zela auzitegia, baina behingoz erabaki egokia hartu dute. Urte asko daramatzagu hau itxaroten», azaldu du Deliak. 2020an, Europako Batzordeak urrezko pasaporteak baliogabetzeko abisua eman zien horiek zituzten herrialdeei, baina justizia auzitegiak hainbat luzapen onartu zizkion Maltari; azkenekoa, 2024ko urrian.

Maltako urrezko pasaportea lortzeko, herrialdean gutxienez 669.000 euroko inbertsio bat egitea zen beharrezkoa. Horrez gain, herrialdean hiru urte eman behar zituen eskatzaileak, urte bat inbertsioa 750.000 eurotik gorakoa bazen. Inbertsioak ez ezik, herrialdeko gobernuz kanpoko erakundeei egindako donazioak ere kontuan hartzen ziren pasaportea ematerakoan. Maltako Gobernuak esan izan du pasaporteari esker milioika euro bildu dituela herrialdeak, eta horrek hango ekonomia mantentzen laguntzen duela. «Narkotrafikatzaileek ere askotan donazio filantropikoak egiten zituzten, baina narkotrafikatzaileak ziren hala ere», esan du Deliak, posta elektroniko bidez. Maltako urrezko pasaporteen harira izandako hainbat ustelkeria kasu argitaratu izan ditu Deliak.

Ustelkeria kasu asko salatu zituen Murder on the Malta Express liburuan, zeina John Sweeneyrekin eta Carlo Boninirekin batera idatzi baitzuen. Liburu horren oinarria Daphne Caruana Galizia kazetariaren hilketa da. 2017an hil zuten Caruana Galizia, autoan itsatsitako lehergailu batekin. Momentu hartan, Maltako hainbat ustelkeria kasu ikertzen zebilen, eta haien artean bazeuden urrezko pasaportearekin harremana zituztenak. Ustelkeria kasuen zerrendan Deliak Pavel Menlikov errusiarra, Mustafa Abdel Wadood egiptoarra eta Liu Zhongtian txinatarra aipatzen ditu, besteak beste. Aipatutako pertsona horiei diru zuriketa egotzi diete, batzuei Europan, hala nola Finlandian eta Alemanian, eta beste batzuei AEBetan. 

«Pasaporteen kontu guztia iruzur handi bat izan da, eta badirudi gobernua pozik dagoela horren parte izanik»

MANUEL DELIAKazetaria eta aktibista

Deliak argi dauka pasaporteak etekin ekonomiko handiak eman dizkiola Maltari, baina, era berean, uste du ez dela etikoa. «Gure herritartasunari balioa kentzea lortu dute, eta argi dago Maltaren izena zikindu dutela. Kanpotik begiratzean, badirudi gutaz aprobetxatzen diren pirataz beteriko uharte bat dela hau». Deliak uste du gobernuak «zintzotasuna» eskatzen diela Maltako herritar guztiei, baina ondoren jende aberatsarekin salbuespenak egiten dituela. «Pasaporteen kontu guztia iruzur handi bat izan da, eta badirudi gobernua pozik dagoela horren parte izanik».

Urrezko bisak

Europan urrezko pasaporterik ez den arren, badira urrezko bisak eskaintzen dituzten herrialdeak. Urrezko bisekin ez da herritartasuna lortzen, baina han bizitzeko eta Schengen eremuan mugitzeko baimena jasotzen du hori bera eskuratzen duenak. Europako Batasunaren barnean, gaur egun, Portugalen, Grezian, Maltan, Italian eta Zipren lortu daiteke urrezko bisa. Bisa lortzeko prozesua pasaportearenaren antzekoa da, hau da, bisa eskatzen den herrialdean dirua inbertitu behar du eskatzaileak. Herrialde bakoitzak bere baldintzak eta kopuruak ezartzen ditu. 

Oraindik bisa batzuk indarrean dauden arren, hainbat herrialdek beraienak baliogabetzeko erabakia hartu dute azken urteetan. Espainia izan da azkenekoa; apirilaren 3an amaitu zen urrezko bisak eskatzeko aukera bertan. «Urrezko bisa kenduko dugu, etxebizitza eskubide bat izan dadin, ez soilik negozio bat», adierazi zuen Espainiako presidente Pedro Sanchezek iazko urrian.

Maltako pasaportea debekatu egin du justizia auzitegiak, baina Myriam Spiteri presidentearen gobernuak apirilean adierazi zuen ez zutela amore emango. «Zehazki ez dakigu gobernuak zer egin nahi duen. Haien ustez, debekua oposizioak bultzatutako erabaki bat da, eta tinko eusten diote beren ideiari, hau da, urrezko pasaportea gauza ona dela Maltarentzat». Gaur egun, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren debekua indarrean dagoen bitartean, hainbat herrialdek urrezko bisa herritartasun bilakatzeko aukera ematen dute. Portugalen, adibidez, urrezko bisarekin bost urte egiten dituenak bertako nazionalitatea lortzen du, eta bost urte horietan soilik 35 egunez bizi behar du eskatzaileak bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.