Urte hasieran jakin zen 2025. urtea hirugarren urterik beroena izan zela erregistroak daudenetik, eta 2023tik 2025era arteko periodoan berotzea 1,5 gradutik gorakoa izan zela. Bada, gaurkoan, Munduko Meteorologia Erakundeak eta ECMWF Erdiko Eperako Aurreikuspen Meteorologikoetarako Europako Zentroak txosten zabalago bat aurkeztu dute, iaz Europan klima larrialdiarekin lotuta identifikatutako beste adierazle batzuk kontuan hartuta, eta nabarmendu dute tenperaturaren berotzea bereziki gogorra izaten ari dela kontinenteko zona hotzetan, eta hori, halaber, bestelako inpaktu batzuk sortzen ari dela.
Txostenean azaldu dutenez, 2025ean bero boladak erregistratu zituzten inguru guztietan, «Mediterraneo itsasotik Ozeano Artikora». Hori nahikoa ez, eta iazko uztailean 21 eguneko bero bolada bat erregistratu zuten Fennoskandia eskualdean —Eskandinaviar penintsula, Kola penintsula, Karelia eta Finlandia batzen dituen eskualde azpiartikoa da Fennoskandia—, eta 34,9 graduko tenperaturak erregistratu zituzten Norvegia erdian dagoen Frosta herrian. Zirkulu polar artikoan 30 gradu gainditu zituzten tenperaturek leku batzuetan; eskualdean inoiz erregistratu den bero boladarik luzeena eta gogorrena izan da.
1,17Zenbatekoa izan zen tenperatura anomalia Europan 2025ean, 1991tik 2020ra artekoarekin alderatuta, gradutan. 1991tik 2020ra arteko batezbestekoekin alderatuta, Europako tenperaturak 1,17 gradu beroagoak izan ziren iaz. Lurraren berotzea halako bi da Europarena.
Baina eskualde artikoen berotzea neguan ere nabaritzen ari da, muturreko hotza egin duen egunak gutxitu egin baitira. Europa osoa kontuan hartuta, «hotz estres handiko» egun kopurua batezbestekoa baino txikiagoa izan da kontinentearen %90ean. Bestalde, Europako lurraldearen %95ean urteko tenperaturak batez bestekoak baino beroagoak izan dira. Horrek berotzea orokorra dela pentsarazten du.
Leku batzuetan, gainera, inoizko urterik beroena izan da: mendebaldeko Mediterraneo itsasoan, Groenlandiaren ekialdean, Errusiako mendebaldean, Kantauri itsasoan, Ipar itsasoan, Eskozian eta Norvegiako eta Suediako zati batzuetan. Euskal Herriari dagokionez, 2025eko tenperatura batez bestekoa baino «askoz beroagoa» izan da lurralde osoan.
IZOTZAREN GALERA
Zona polarren ezohiko berotzea, prezipitazioen gutxitzearekin batera, izotz masak are gehiago urtzea eragiten ari da. Azaldu dutenez, Europa guztiko glaziarrek galdu dute izotz masa, eta hori bereziki deigarria izan da Islandian, izotz gehien galdu duen bigarren urtea izan baita. Groenlandian, berriz, 139 gigatona izotz galdu ziren iaz; Alpeetako glaziarretan gordeta dagoen izotzaren %150 da hori, gutxi gorabehera. Carlo Buontempok, klima aldaketa aztertzeko Europako Batzordearen Copernicus zerbitzuko zuzendariak, gaineratu du izotz masen galera areagotu egingo dela. Horrez gain, gogorarazi dute izotzak eta elurrak estalitako eremua murrizteak eragina duela tenperaturan, izotzak eta elurrak irradiazioa eta beroa kanporatzen baitituzte.
«Udan baldintzak inoiz ikusi gabekoak izan ziren, beroaren iraunkortasunagatik eta lurraren hezetasun defizitagatik»
CARLO BUONTEMPO Copernicus zerbitzuko zuzendaria
Europan, elurrak estalitako eremua ere asko gutxitu zen iaz: 2025eko martxoan 1,32 milioi kilometro koadro zeuden elurrez estalita, batezbestekoa baino %31 gutxiago. Elurrak urtero zer hedadura hartu duen neurtuta, 1983tik hona erregistratu diren elur hedadura txikienetan hirugarrena da iazkoa. Izotz eta elur galera horren ondorioz, halaber, itsasoaren maila igotzen ari dela gogorarazi dute.
Munduari begiratuz gero, 2025eko otsailean, Ipar eta Hego poloetako itsas izotzaren azalera inoizko txikiena izan zen 1970etik.
HEGOALDEKO SUTEAK
Izotz masen galeraz gain, iaz Europa hegoaldean izandako bero boladak eta suteak nabarmendu ditu Buontempok: «2025. urtea ondo laburbiltzen dute udan Europa hegoaldean izandako muturreko bero boladek eta suteek. Baldintzak inoiz ikusi gabekoak ziren, beroaren iraunkortasunagatik eta lurraren hezetasun defizitagatik».
2025eko udan Europaren historiako bigarren bero boladarik gogorrena izan zela ikusi dute, eta kontinentearen zati handienean «estres termiko handiko» bolada gehiago egon ziren batezbestekoarekin alderatuta. Baina, azaldu dutenez, hori are gogorragoa izan zen Espainiako hegoaldean eta ekialdean, batezbestekoarekin alderatuta 50 egun gehiagotan izan baitzuten 32 graduko edo gehiagoko sentsazio termikoa.

Ezohiko bero horrek «aurrekaririk gabeko baso suteak» eragin zituela esan dute: milioi bat hektarea baino gehiago erre ziren iaz; hau da, guztira Zipre baino handiagoa den eremu bat. Gainera, suteen ondoriozko karbono isuriak inoizko handienak izan dira erregistroak daudenetik. Espainiako suteak izan ziren gogorrenak, eta sute horiek sortu zituzten isurien erdiak baino gehiago, baina Alemanian, Erresuma Batuan, Herbehereetan eta Zipren izandako suteak ere nabarmendu dituzte, herrialde horietan ere inoiz baino isuri gehiago eragin baitzituzten baso suteek.
HIRU URTE OSO BERO
2024. urteak marka guztiak hautsi zituen, erregistroak daudenetik izan den urterik beroena izan baitzen, batez ere El Niño fenomeno beroa dela eta. 2025ean ez zen halako fenomenorik gertatu, baina hala ere oso urte beroa izan zen, nahiz eta ez 2024a bezainbeste. Dena den, urteak banaka aztertu beharrean, 2023tik 2025era arteko periodoari begiratu diote, tarte horretan Lurreko tenperatura 1,5 gradu beroagoa izan baita batez beste, 1850etik 1900era bitarteko garaiarekin alderatuta.
Bestalde, datuek berretsi dute Europa dela gehien berotzen ari den kontinentea. Izan ere, 1991tik 2020ra arteko batez besteko tenperaturekin alderatuta, Lurreko tenperatura 0,59 gradu beroagoa izan zen 2025ean, eta horrek esan nahi du anomalia termikoa 1,17 gradukoa izan zela Europan; hau da, bikoitza.
ITSASO BEROAK
Lurrean tenperaturak oso beroak izan dira, baina are beroagoak izan dira itsasoetan eta ozeanoetan. Izan ere, berotegi efektuko gasek gehiegizko beroa sortzen dute, eta bero horren %90 itsasoek xurgatzen dute. Hori dela eta, Europako ozeano eta itsasoetako gainazaleko tenperatura inoizko beroena izan zen iaz, eta itsasoko bero boladek Europako ur gaziko eremuaren %98ari eragin zioten. Bero bolada «oso gogorrak eta muturrekoak», berriz, itsas eremu osoaren %36n izan ziren, inoiz baino gehiago.
%98Europako itsas eremu guztiaren zer ehuneko jo duten bero boladek. Bero bolada handiak izan ziren iaz itsasoan ere, eta eragina izan zuten Europako ozeano eta itsas eremuaren %98an. Bero bolada oso gogorrek eta muturrekoek itsas eremuaren %36ari eragin zioten.
Adituen arabera, luzera begira, itsasoen berotzeak kalte egiten die «biodibertsitateari, espezieei eta habitatei». Horrez gain, askotan itsasoetako bero boladak eta lurrekoak batera gertatzen dira, eta, esplikatu dutenez, horrek tenperaturak igotzen ditu, eta hezetasuna murrizten, «baita gauez ere»; ondorioz, zailagoa da atseden hartzea eta behar bezala lo egitea. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, klimarekin zerikusia duten fenomenoen artean, estres termikoak eragiten du heriotza gehien.
ESTRES HIDRIKOA
Aurreko urteetan lehorte gogorragoak izan baziren ere, iaz gune batzuetako estres hidrikoa handia izan zen, txostenean zehaztu dutenez. Esaterako, 2025eko maiatzean, lehorteak izateko baldintzak antzeman zituzten Europako eremuaren %53an. Bestalde, ohi baino ur emari txikiagoa izan dute Europako ibaien %70ek 2025ean. Eta lurraren hezetasunari dagokionez, hirugarren urte lehorrena izan da 1992tik hona. Idortasun hori izan da, besteak beste, 2025eko udako baso sute handien arrazoietako bat.

KALTEAK BIODIBERTSITATEAN
Txostenean ohartarazi dute Europako ingurumenak arrisku handia duela gero eta kalte handiagoak jasateko, batez ere bero boladengatik, lehorteengatik eta suteengatik. Biodibertsitatearen galera «etengabea» dela esan dute, eta horrek gizartean eta ekosistemetan eragingo duela gehitu: «Biodibertsitatea funtsezkoa da etorkizun jasangarri bat lortzeko, eta klima larrialdia biodibertsitatearen degradazioaren zergati nagusienetako bat da».
«Egokitzapen politiken abiadura eta trantsizio energetikoarena berdindu behar ditugu»
SAMANTHA BURGESS ECMWFko klima estrategia arduraduna
Hala azaldu du Samantha Burgessek, Erdiko Eperako Aurreikuspen Meteorologikoetarako Europako Zentroko klima estrategia arduradunak: «Txostenak panorama atsekabegarria erakusten digu: klima aldaketaren erritmoak presazko neurriak eskatzen ditu. Biodibertsitatearen galeraren inpaktuari aurre egiteko, egokitzapen politiken abiadura eta trantsizio energetikoarena berdindu behar ditugu».
Habitatak gutxitzen eta lekualdatzen ari direla esplikatu dute, batez ere naturak «gero eta estres handiagoa» sufritzen duelako. Europako Batasunak biodibertsitatearen zaintzarako eta berreskurapenerako hartu dituen neurriak txalotu dituzte.