«Ez dira inoiz gu apurtzeko gai izango»

Palestinak eta Mendebaldeko Saharak urteetan bizi izan dituzten giza eskubideen urraketez mintzatu dira herri horietako bi aktibista Kulturarako, Komunikaziorako eta Garapenerako Nazioarteko Topaketetan, Bilboko Bizkaia aretoan.

Ruiz, Djimi eta Abusalama, Mendebaldeko Saharako eta Palestinako herri erresistentziari buruz Bilboko Bizkaia aretoan atzo egin zuten mahai inguruan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mendebaldeko Saharako eta Palestinako herri erresistentziari buruz Bilboko Bizkaia aretoan egin duten mahai ingurua. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
June Montero
Bilbo
2026ko ekainaren 2a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pantaila gurutzatu du Xahd Abusalama aktibista eta artista palestinarraren minak. «Palestinarrak harrapatuta daude, eta indarkeria hedatu baino ez da egiten. Genozidio isil bat gertatzen ari da Jerusalemen eta Zisjordanian». Bideo dei bidez parte hartu du Kulturarako, Komunikaziorako eta Garapenerako Nazioarteko Topaketen lehen egunean. Bizkaia aretoko eszenatokiaren gainean egon da hizketaldiko beste parte hartzailea: Elghalia Djimi Mendebaldeko Saharako giza eskubideen defendatzailea eta ISACOM Marokoren Okupazioaren Kontrako Saharako Instantzia gobernuz kanpoko erakundeko zuzendaritza batzordeko kidea.

Palestinak eta Mendebaldeko Saharak historian zehar bizi izan duten jazarpenaz aritu dira lehendabizi bi hizlariak. Barbara Ruiz UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak Euskadiko erantzuleak egin ditu dinamizatzaile lanak, eta Abusalamari eman dio hitza lehenik. Hark XIX. mendean kokatu du palestinar herriaren gaur egungo oinazearen jatorria. Haren esanetan, garai hartako «kristautasun ebanjelikoaren gorakadak» eragin baitzuen juduak Palestinan berrezartzearen ideia hedatzea. Azaldu duenez, sionistek garai hartako Europako kolonialismoaren «izaera espantsionista» bereganatu zuten, baita herrialde kolonial horien «balio supremazistak eta orientalistak» ere. 

Baina, Abusalamak gogora ekarri duenez, Israel ez da Palestina okupatu duen indar kolonial bakarra: XX. mendearen erdialdera arte, Britainia Handiaren esku zegoen lurraldea. Azaldu duenez, britainiarrek eman zuten modua 1948. urtean sionistek boterea hartu eta lurrak bereganatzeko. «1958ko garbiketa etnikoa hasi aurretik, botere kolonial sionistak lau hamarkada zeramatzan, gutxienez, indarra hartzen. Palestinarren bi heren kanporatu zituzten, eta 531 herri hustu. Herri horien artean zegoen nire familiarena», argitu du. 

«1958ko garbiketa etnikoa hasi aurretik, botere kolonial sionistak lau hamarkada zeramatzan, gutxienez, indarra hartzen. Palestinarren bi heren kanporatu zituzten, eta 531 herri hustu»

XAHD ABUSALAMA Aktibista eta artista palestinarra

NBE Nazio Batuen Erakundea ere erantzule dela argudiatu du Abusalamak. Palestinan gertatzen zenaren jakitun izan arren «atzamar bat ere mugitu ez izana» egotzi dio. Haren esanetan, NBE bera zen «antisemita», eta «juduez libratu nahi» zuten. 

Iragan bortitza eguneroko errealitate dute oraindik palestinarrek, Abusalamak azaldu duenez. «Boterearen gehiegikeriak zuritzeko hierarkia arrazistak birmoldatuz joan dira, eta sistema basati bat ezarri dute, gizartea segregatzen duena». Gainera, giza eskubideen alde borrokatzeak aktibistak «israeldarren jopuntuan» jartzen dituela nabarmendu du. Hala ere, erantsi du ez dutela amore emateko asmorik: «Ez dira inoiz gu apurtzeko gai izango».

Abusalamak Palestinaren inguruan egin duen atzera begirako errepasoa egin du Djimik ere Mendebaldeko Saharari buruz: «Mendebaldeko Saharako giza eskubideen urraketez aritzean, ezin dugu gaur egungo egoeraz soilik hitz egin. Marokok Mendebaldeko Sahara inbaditzen hasi zenetik bertatik abiatu zituen gizateriaren aurkako krimenak». Indarkeria hori aurrez aurre bizi izan du aktibista sahararrak. Ama bahitu zioten 1984an, eta, ondoren, Djimi bera ere harrapatu zuten. Hiru urte eta zazpi hilabete igaro zituen marokoarren eskuetan. Begiak estalita igaro zuen denbora gehiena.

1991. urtean askatu zutela azaldu du, eta berarekin batera bahituta zeuden beste 324 pertsona libre utzi zituztela. Bere ama, ordea, ez du berriro ikusi. «Hilda dagoela esan digute, baina non dago bere gorpua?». 

Gau eta egun zelatatu

Jazarpena ez da bahiketetara eta hilketetara mugatzen, Djimiren hitzetan. Sahararrek «muturreko pobrezia» ere jasaten dutela salatu du, ezin baitute lan egin Mendebaldeko Sahara marokoarrena dela onartu gabe. Ondorioz, gazteek Espainiara eta Frantziara ihes egin behar dutela azaldu du, lan bila. Gainera, Djimiren arabera, giza eskubideen eta independentziaren aldeko aktibistak gau eta egun zelatatzen dituzte. «Manifestazioetan aktibisten argazkiak ateratzen ditu Poliziak, kaleko jantzita, eta, ondoren, protestari bakoitzaren fitxa bat osatzen dute: nor den, zein den haren familia, lan egiten duen ala ez, non bizi den… Kontrolpean gaude». 

Azken galdera egin die bi aktibistei mahai inguruaren dinamizatzaileak: «Nola osatu ditzakegu benetako elkartasun sareak eraginkorrak izan daitezen?». Abusalamak argi erantzun du ez dela «herritarren erantzukizuna», eta indarkeria kondenatzea «NBEren eta estatuen esku» dagoela. Haiek baitira «neurri serioak hartzeko gai» direnak, aktibistaren aburuz. Hala ere, «zuzeneko ekintzek» duten balioa goraipatu du; besteak beste, armen ekoizpen katearen kontra egiteak.

Hezkuntzaren garrantzian jarri du arreta hurrena. «Mendebaldean, ikasle gehienentzat, historia garaikidea holokaustoarekin bukatzen da, ondoren besterik gertatu ez balitz bezala». 

«Manifestazioetan aktibisten argazkiak ateratzen ditu Poliziak, kaleko jantzita, eta, ondoren, protestari bakoitzaren fitxa bat osatzen dute: nor den, zein den haren familia, lan egiten duen ala ez, non bizi den…»

EL GHALIA DJIMI Mendebaldeko Saharako giza eskubideen defendatzailea

Djimik bat egin du palestinar aktibistak esandakoarekin, eta erantzukizuna nazioarteko erakundeena dela nabarmendu du. «NBEri dagokio ahotsa goratu, aski dela esan eta bidegabekeriak amaiaraztea. Herriok burujabetza eskubidea dugu». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA