Ez dute argitu nor askatuko duten; nork jarraituko duen preso, bai

Venezuelako Parlamentuak Amnistia Legea onartu du, baina ez du denentzat balio; esaterako, ez diete aplikatuko 2019an «matxinada militarragatik» zigortutakoei.

Amnistia Legearen dokumentua, Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidentearen eskuetan. RONALD PENA / EFE
Amnistia Legearen dokumentua, Delcy Rodriguez Venezuelako jarduneko presidentearen eskuetan. RONALD PENA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko otsailaren 20a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lausoa da Venezuelako Parlamentuak onartutako Amnistia Legea. Hamasei artikuluk osatzen dute, baina ez du argitzen, zehazki, zer delitu egin dituztenei aplikatuko dieten; bai, ostera, nori ez dioten aplikatuko. Gainera, testuaren arabera, arrazoi politikoengatik ezarritako inhabilitazioak ez dira bertan behera geratuko, eta ez dizkiete zigorrak kenduko hedabideei.

Nori emango diote amnistia?

1999. urtetik aurtengo urtarrilaren 30era arte «delitu politikoak eta gisakoak» egin dituztenei aplikatu ahal izango diete Amnistia Legea.

Onartutako testuak zenbait gertakari jakin aipatzen ditu: batetik, 2002an Hugo Chavez presidente ohiaren aurka (1999-2013) egindako estatu-kolpe saiakerarekin lotutako «ekintza biolentoetan» parte hartutakoek jaso ahal izango dute amnistia; bestetik, gobernuaren aurkako protesten harira edota hauteskundeen testuinguruan atxilotutakoei ere aplikatuko diete. Legearen arabera, urte hauetan gertatu ziren ekintza horiek: 2004, 2007, 2009, 2013, 2014, 2017, 2019, 2023, 2024 eta 2025.

Zer delitu hartzen ditu kontuan?

Legean ez dute zehazten zer delitu hartuko dituzten kontuan. Reuters Erresuma Batuko berri agentziak kaleratu duenez, ordea, legea onartu aurreko zirriborroetan hainbat delitu aipatzen zituzten: agintariei buru egitea, legez kanpoko ekintzak bultzatzea, matxinatzea eta traizioa egitea, besteak beste.

Nori ez diote aplikatuko?

Legeak ez du zehazten zer delitu hartuko dituzten kontuan, baina argi uzten du nori ez dioten aplikatuko.

Amnistiak ez ditu aintzat hartuko giza eskubideen urraketak, gerra krimenak, hilketak, narkotrafikoa, ezta ustelkeria ere. Eta ez dituzte amnistiatuko atzerriko herrialdeen laguntzarekin Venezuelaren aurkako «ekintza armatuak» egin eta babestu dituztenak. Gobernuak oposizioari egotzi izan dio CIA AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentralarekin elkarlanean aritzea.

Gainera, atzo onartutako testuak jasotzen duenez, ez dituzte amnistiatuko 2019an «matxinada militarragatik» zigortutakoak.

Zer gertatu zen 2019an?

2019ko urtarrilean Juan Guaido oposizioko buruak behin-behineko presidente izendatu zuen bere burua, Nicolas Maduro presidenteari 2018ko bozetan iruzurra egitea leporatu ostean. Apirilean estatu kolpea ematen ahalegindu zen militar gutxi batzuekin batera. Gobernuaren indarrek bertan behera utzi zuten saiakera.

Herrialdetik kanpo daudenei aplikatuko diete?

Venezuelatik kanpo daudenek abokatu baten bitartez eskatu ahal izango dute amnistia, eta auzitegiek hamabost eguneko epea edukiko dute erantzuteko. Hori bai, legea aplikatzeko, eskatzaileek Venezuelara itzuli beharko dute. Behin amnistia onartuta, bertan behera utziko dituzte nazioarteko atxilotze aginduak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.