Maputxeak. Hector Llaitul. Wallmapuko CAM Arauco-Malleco Koordinakundeko buruzagia

«Ez dugu inolako aldaketarik espero Boricen gobernuarekin»

Wallmapuko CAM Arauco-Malleco Koordinakundeko buruzagiak ez du itxaropenik Txilen izan den gobernu aldaketan. Biltzar Konstituziogilea ere ez du aintzat hartzen, eta esan du konstituzio berria onartzen bada ere ez dela maputxeena izango.

JON ARTANO IZETA.
Jon Artano Izeta.
Temuco
2022ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Hector Llaitul (Osorno, 1967)CAMeko (Arauco-Malleco Koordinakundea) buruzagia da. Txilen garai berria hasi denetik, ez du elkarrizketarik egin, etaBERRIA aukeratu du hitz egiteko. Llaitul ziur dago Gabriel Boricen gobernuak ez duela sakoneko aldaketarik egingo maputxe herriaren eskaerak aintzat hartuta. Uste du «Maputxe nazioaren berreraikuntza» ezin dela uztartu Txileko ezkerrak egin duen proposamen plurinazionalarekin: «Guk ez genuke sekula onartuko estatuaren parte izatea, estatuaren apendize izateko». Buruzagi maputxearentzat, «askapen nazionala lortzeko ezinbestekoa da erabat haustea estatu egiturekin, izan kapitalistak, izan sozialdemokratak edo izan sozialistak».

Nola eragingo dio Wallmapuri Txilen gobernua aldatu izanak?

Funtsezko alderdietan ez da aldaketarik txikiena ere izango. [Augusto] Pinochet joan zenean ere ez zen izan, askok esperantza zuten arren. Sasigobernu demokratikoek 30 urte daramatzate agintean, eta ez da izan lurralde itzulketarik. Boric parafernalia betean ari da, baina politika estraktibistak ez dira gelditu, ezta galgatu ere. Gobernukoek ez dute indarrik, eta ez dute izango, Wallmapu menpean duen aginte sistemari aurre egiteko. Hemengo ekonomiaren %90 basogintza industriak kontrolatzen du, eta industria horren lurrak ia osoki maputxe nazioari lapurtutakoak dira. Hemengoa egiturazko arazoa da, eta gobernu iraultzaile bat behar litzateke aldatzen hasteko. Eta oraingo hau ez da gobernu iraultzaile bat, ezta hurrik eman ere.

Gobernuak elkarrizketarako eskaintzarik egin al dizue?

Maputxe nazioaren lurraldeaz eta autonomiaz hitz egiteko eskaera ofiziala egingo baligute, ez nuke arazorik izango haiekin batzartzeko. Baina hori egin nahi ez dutenez, zertaz hitz egin behar dugu? Nahiago dut indar metatzen jarraitu.

Zertaz ari zara indarrak metatzea aipatzean?

Hasi ginenean, oso gutxi ginen, pare bat peñi [burkide] eta ni neu. Gaur egun, milaka weychafe [borrokalari] armatu gara. CAMek ditu weychafe-ak, baita beste erresistentzia taldeek ere: LNM, WAM, RML... baita erresistentzian dauden lof-ak [komunitateak] ere... Gai estrategikoa da, borroka politiko-militarrari lotu gatzaizkio, eta hori ona da borroka iraultzailean ari garen maputxe guztiontzat.

Zergatik zabaldu da estrategia hori?

Lehen zeuden bide politikoek eskaintzen ez zizkiguten egiazko aurrerapenak eman dizkigulako borroka molde horrek. Maputxe herriaren indar politiko-militarrak lurraldeak berreskuratu ditu, autonomia eta duintasuna. Berreskuratutako lur eremu osoaren %10-20 izan da estatuak emandakoa, kapital handiei azken oparia eginez, salerosketa agirien bidez; gainontzekoa, %80-90, geuk berreskuratu dugu, antolatuz eta borrokatuz.

Jabetza agiriez galdetzen digute: ez dakigu non dauden paper horiek, eta ez zaigu batere axola! Geure kode propioak ditugulako, eta geure historia eta kulturari atxikitako arauak hartzen ditugulako aintzat.

Zer iritzi duzu Biltzar Konstituziogileaz?

Ez dugu hor parte hartu, eta gertu ere ez gaude. Biltzarrarekin ados egoteak estatua aintzat hartzea dakar: haren konstituzioa, legeak eta kultura. Edonolakoa dela ere hortik ateratzen den konstituzioa, ezin gara makurtu horretara, ez delako geurea izango. Geure jatorrizko kulturaren arabera antolatu ahal izateko borrokan ari gara.

Nola bizi izan zenuen hauteskundeak Boricek irabazi izana?

Berdin dit Boric ala [Jose Antonio] Kast, txanpon beraren bi aldeak baitira. Ez da deus ere aldatuko: estatu militarizatu bat pairatuko dugu aurrerantzean ere, kriminalizazioa eta jazarpena...

Bacheleten [Michelle, Txileko presidente ohia] garaian errepresioa antolatu zuten horiek berak jartzen ari dira segurtasun arloko ardura karguetan. Horrek argi iragartzen du nola jokatuko duten.

Ez al duzu uste distentsioa etor litekeenik?

Ez.

Nola uste duzu erreakzionatuko dutela inguru honetako oligarkiak eta basogintza konpainia handiek?

Botere historiko horiek edozer egingo dute beren interesak zurkaizteko. Talde paramilitarrak sortuko dituzte, Rolando Matus komandoaren gisako guardia zuri ultraeskuindarrak. Latifundistek eta basogintzako erraldoiek uste dute estatuak ez dituela defendatuko behar besteko tinkotasunez; horregatik sortuko dituzte beren indar armatuak, legez kanpo aritzeko.

Eta nola uste duzu erreakzionatuko duela gobernuak?

Ikusiko dugu Boricek zerbait egingo ote duen talde horiek geratzeko. Zalantza dut... Egin kontu diskurtsoa ere ez dutela aldatu. Bortxakeria salatzeaz mintzo dira «datorren aldetik datorrela». Nola konpara dezakete estatu bortxakeria gurearekin? Nola esan diezagukete hori historikoki estatu bortxakeria jasan dugunoi? Ezin dut konprenitu...

Ustez, gobernukoek ezkerreko heziketa ideologikoa dute, baina zapaltzailearen bortxa eta zapalduarena parekatzen dituzte. Maputxeak bezala zapalduta bizi diren taldeen bortxa iraultzailea erabat zilegi da, duintasun hutsa da. Gizon publikoa naiz ni, talde baten ordezkari eta bozeramailea; aurpegia eman ohi dut, argi hitz egin. Ez dudalako lotsarik, eta ez dut atzera egingo, ez hitza jango: beharrezkoa den bortxa politikoa darabilgu. Gure lurralde historikoa harrapatu eta suntsitzen segitzen duten bitartean, bortxa politikoa erabiliko dugu. Sabotajeak egiten ditugu, eta geure gain hartzen ditugu, baina ez diegu eraso egiten nekazariei, jende txiroei, agureei, haurrei, familiei... Geure jardunagatik albo kalterik jasan ez dezaten bermatzen dugu. Beti.

24 urte daramatzagu kapitalari eraso egiten, eta, aurrez aurreko borroka izanagatik, ez dugu sekula inor hil. Gutako asko hil dituzten arren. Batzuk exekutatu ere egin izan dituzte, Toño Marchant burkidearekin egin zuten moduan… horregatik, ez dugu traturik egingo etsaiarekin.

Gobernuak zer estrategia erabiliko du mugimendu maputxearekin?

Dirua eskainiko du, sari gisara, proiektutan-eta, arrastoan sartzen direnentzat. Betiko pozoia, baina poto maputxean. Mugimendu maputxearen barruan burgesia txiki bat sortzen saiatuko da. Baina uste dugu borroka garai oparoa etorriko dela. Ez gara beren sirena kantengatik jausiko, ideologikoki prest gaudelako. Oker daude multikulturalismoa eskainiz limurtuko gaituztela uste badute.

CAMek ia mende laurden darama borrokan; zer deritzozu?

Balantzea positiboa da, gure herria iratzarri egin delako. Lehen, guztiok apur bat beldurtuta geunden, geure buruarengan konfiantzarik gabe, ezjakinean... Geure mugimenduak, ordea, ekintzaz eta pentsamenduz, eskola sortu du. Egun, ikasten eta berrikasten ari gara oraindik: gizarteratu egiten dugu ikasitakoa, eztabaidatu...

Gero eta jende gehiagok ulertzen du zer-nolakoa den errealitatea eta nola alda daitekeen. Maputxe herria ez da, jadanik, herri menperatua, biktimizatua, pena ere ematen zuena… Gaur egun, herri borrokalaria da, duina. Eta gauza ederra da herri errebelde bat erresistentzian ikustea.

Zer moduz zaude militantzian hainbeste urte eman eta gero?

Uste dut sekula bururik makurtu ez zuen gizon baten moduan pasatu naitekeela historiara, hautsi ez zen gizon baten moduan, iparra galdu ez zuen gizon baten moduan. Ildo gogorrekoa naiz oraindik ere, baita aukeratu dudan bizimoduarekin ere. Goizero, flexioak egin, eta lasterka aritzen naiz. Ez dut sekula edan, ez erre, eta jatekoa zaintzen dut. Sasoiko nago, ahalegin handia eginez. Eta, horri esker, pronto nago gure taldeak behar nauenerako. Sabotajean behar banaute, han nago.

Familiak zer dio?

Familia nirekin dago. Gure semeak weychafe dira, eta oso harro nago.

CAMek negoziatuko al du noizbait?

Oraingoz zail ikusten dut, baina indarrak metatzen dihardugu oraindik ere. Eta indar nahikoa biltzen dugunean estatuarekin buruz buru jarduteko, agian negoziatuko dugu. Baina, izatekotan, lurraldeaz hitz egiteko izango da, eta ez beste ezertarako. Orain eztabaidatzeko garaia dela uste dugu, eta, horregatik, aurki gure pentsamendua eta estrategia biltzen dituen liburu bat kaleratuko dugu: Chem Ka Radikuam.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.