Ezegonkortasunaren azpian, sostengu ahuleko meategiak

Kongoko Errepublika Demokratikoan daude munduko koltan eta kobalto erreserba nagusiak. Adituen arabera, baina, mineral horiek ustiatzeak kongoarrei eragindako kalteak gehiago dira ekarritako onurak baino. Azken asteetan ehunka lagun hil dira meategietan.

Rubayako koltan meategia, artxiboko irudi batean. SYLVAIN LIECHTI / MONUSCO
Rubayako koltan meategia, artxiboko irudi batean. SYLVAIN LIECHTI / MONUSCO
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko martxoaren 6a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezegonkorrak dira Kongoko Errepublika Demokratikoko meategiak. Asteartean luizi batek azpian harrapatu zituen gutxienez 200 meatzari, herrialdearen ekialdeko meategi batean; urtarrilaren 28an, eremu bereko beste meategi batean, laurehun pertsona baino gehiago hil ziren. Munduko kobalto eta koltan erreserbarik handienak Kongon daude, baina mineralen esportazioak ez die zuzenean mesederik egin meatzari eremuetako biztanleei: «Meategiak dauden eskualdeetako herritarrentzat ez dago onurarik: argindar eskasia dute, etxebizitzak eta errepideak ez daude ondo, hezkuntza sistema ere ez... Eta, bitartean, milaka milioi dolar irteten dira kamioietan eta trenetan». Maurice Carney Friends of the Congo erakundeko zuzendariak eman du horren berri. Mineralen ustiapenak, gainera, ezegonkortasuna areagotu du, eta herrialdearen ekialdeko gatazkaren eragileetako bat da.

Koltana eta kobaltoa funtsezkoak dira aparatu elektronikoak ekoizteko, baita armagintza industriarako ere. Esaterako, kobaltoa beharrezkoa da bateria kargagarrietarako. Hortaz, azken urteetan are eta garrantzi handiagoa hartu du, teknologia berriak eta ibilgailu elektrikoetarako trantsizioa direla medio. Teknologiak, baina, ez du garapen handirik izan mineral horiek erauzten diren meategietan. Estimatzen da Kongoko Errepublika Demokratikoan bi milioi pertsona inguruk jarduten dutela artisau meategietan; eta hamar milioi herritar baino gehiago bizi direla horien menpe, zeharka. 

«Meategi horietako batzuen sakonean egona naiz, eta erortzeko arrisku handia dute», ohartarazi du Carneyk Washingtondik, bideo dei bidez. Urtarrilaren 28ko istripua horren adibide. Rubayako meategietan gertatu zen, Ipar Kivu eskualdean, herrialdeko armadaren eta M23 Martxoak 23 Mugimendua matxino taldearen arteko gatazka abian den eremuetako batean. M23k kontrolatzen ditu Rubayako meategiak.

«Meategi horietako batzuen sakonean egona naiz, eta erortzeko arrisku handia dute»

MAURICE CARNEY Friends of the Congo erakundeko zuzendaria

Kongoko Gobernuak talde armatuari leporatu dio baldintza arriskutsuetan ustiatzea kontrolpean dituen eremuetako meategiak. Eta M23k salatu du gobernuak «istripu tragiko hori» politizatu nahi izan duela, eta jakinarazi du gobernuaren kontrolpeko guneetan ere gertatu direla antzerakoak. Hala da. Rubayako ezbeharra gertatu eta astebete baino gutxiagora, otsailaren 7an, beste meategi batek hondoa jo zuen, eta 11 pertsona hil ziren. Lualaba probintzian gertatu zen, herrialdearen hegoaldean —gobernuaren kontrolpean dago—.

Carneyk azaldu du artisau meatzaritzak berezkoa duela arriskua, baina sarri herritarrek ez dutela izaten beste biderik bizirik irauteko. Horren atzean zer dagoen argitu nahi izan du Carneyk: «Kontua da sistema kapitalista herrialdea ustiatzen ari dela. Bereziki meatzaritza industrialaren bidez erauzten dituzte mineralak. Baina herritarrek ez dituzte jasotzen industria horren onurak. Eta artisau meatzaritza dute, nolabait, diru sarrerak lortzeko aukera bakanetakoa».

Gainera, meatzaritzak eragin suntsigarria izan du ingurumenean, Carneyren esanetan: «Meatzaritza industrialak batez ere, baina Rubaya bezalako artisau meategiek ere bai. Lehen, eremu hori oihana zen, baina soildu egin dute». Ingurune horietako oreka ekologikoa ere aldarazi dute: «Meatzaritza industrialaren eraginez sortutako hautsak, esaterako, nekazariei kalte egiten die elikagaiak ekoizteko orduan, eta ibaietako ura kutsatu».

Carneyrentzat, Kongoko Gobernua bera da egoera horren erantzule nagusia: «Kanpoko enpresei ateak ireki, haiei legeak betearazi ez, eta herriari mesede egiten ez dioten akordioak sinatzen dituzte». Beste estatu batzuek hartutako neurriak jarri ditu praktika onen adibide gisa. Txile eta Indonesia aipatu ditu. «Txile munduko kobre ekoizle nagusia da, eta meatzaritza enpresa nazional bat du». Indonesia, bestalde, nikel ekoizle nagusietako bat da. Eta azken urteetan hainbat lege egin ditu mineral horren eta beste batzuen esportazioa debekatzeko. Halere, zenbait salbuespen gehitu dizkiote legeari, eta horrek bidea eman du, zenbaitetan, esportazioak egiteko.

«Ruandarentzat onuragarria da M23 taldeak Kongo ekialdea konkistatzea, lurralde horietan mineral ugari dago eta»

MAURICE CARNEY Friends of the Congo erakundeko zuzendaria

Kongoko mineralak mesedegarri zaizkio Ruandari ere. Carneyk jakinarazi du mugakidearen esportazioei erreparatzea nahikoa dela horretaz jabetzeko: «Urte luzez, munduko koltan ekoizle nagusietako bat izan da Ruanda, koltan erreserba handirik eduki gabe». Iradoki du Ruanda zukua ateratzen ari zaiola Kongon abian den gatazkari: «Ruandarentzat onuragarria da M23 taldeak Kongo ekialdea konkistatzea, lurralde horietan mineral ugari dago eta».

M23ko gerrillariak tutsiak dira nagusiki, eta talde horri laguntzea leporatzen dio NBE Nazio Batuen Erakundeak Ruandari. NBEk berak salatu du Ruanda Kongoko mineralekin «trafikatzen» ari dela; hau da, Kongon ekoitzitako mineralak Ruandara eraman, eta bertako ekoizpen moduan saltzen dituela.

Bakearen aitzakian, negozioa

Abenduaren 4an Kongoko Errepublika Demokratikoko presidente Felix Tshisekedik eta Ruandako haren homologo Paul Kagamek «bake akordio» bat sinatu zuten, Washingtonen. Hala deitu zion Trumpek; Carney ez dator bat izendapen horrekin: «Bakerik ez dago Kongon». Tshisekedik, Kagamek eta Trumpek Etxe Zurian argazkia atera eta egun gutxira, M23 taldeak Uvira hiria hartu zuen, Kongo ekialdean —Hego Kivuko hiririk handienetan bigarrena da, Bukavuren atzetik—: «Horren ondorioz 200.000 herritarrek ihes egin behar izan zuten Burundira eta Kongoko beste gune batzuetara».

Gerrak hor dirau, eta mineralek ihes egiten dute oraindik ere. Are gehiago, Etxe Zuriak, «bake akordio» horren truke, mineralen inguruko hitzarmen bat egin du Kongorekin. Hartara, Carneyren ustez, AEBek lortu dute mineral kritikoen hornidura katea «babestea», baita Txinari «eustea» ere, mineral horien kontrolagatik abian duten «batailan». Horregatik, uste du Kongoko meatzaritzaren kontura negozioa egiten duten multinazionalak eta herrialdeak ere badirela eremu horretako egoeraren erantzule: «Gobernu ahul eta ezgai bati esker etekina lortzen dute, Kongoko herritarren kalterako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.