Ezkerrera egin zuen Kolonbiak duela lau urte, eta bide horretan finkatzeko moduan dago. Lehen aldiz, ezkerreko presidente bat eduki du herrialde horrek: Gustavo Petro. Orain, haren agintaldia amaitzean, Ivan Cepeda (Itun Historikoa) Petroren alderdikidea da kargu horretarako hautagai nagusia. Gaur egingo dituzte presidentetzarako hauteskundeak. «Petrorena izan da ezkerreko lehen gobernua, eta horrek ezkerrerantz desplazatu du Kolonbiako espektro politikoa. XX. mendean eta mende honen hasieran, hauteskundeak eskuinaren eta zentro-eskuinaren artean erabakitzen ziren, eta ezkerrak ez du inoiz horrenbesteko babesa eduki bozetan», azaldu du Sandra Borda politologoak.
Baina ezkerra gobernuan egon ostean eskuinean ere oposizioa «gogortu» egin dela zehaztu du telefono bidez: «Munduko beste hainbat tokitan bezala, eskuin populista berri hori agertu da». Abelardo de la Espriellaz (Aberriaren Defendatzaileak) ari da.
Ia inkesta guztien arabera, Cepeda nagusituko da. Gustavo Petro egungo presidentearen alderdikideak botoen %35-45 lortuko dituela aurreikusi dute. Inork ez baditu botoen erdiak baino gehiago lortzen, ekainaren 21ean bigarren itzulia egin beharko dute. Eskuinek, berriz, ez dute lortu hautagai bakar baten alde egitea, eta horrek mesede egin dio Cepedari. Ikusteko dago, bigarren itzulirik balego, ezkerreko hautagaiak nor izango duen aurrean: De la Espriella ultraeskuindarra edo Paloma Valencia (Zentro Demokratikoa) Alvaro Uribe presidente ohiaren (2002-2010) jarraitzailea.


«Lehen aldiz, eskuina ez da gai izan beren arteko desberdintasunak konpontzeko», jakinarazi du Juan Gabriel Gomez Albarello abokatu eta Kolonbiako Unibertsitate Nazionaleko irakasle ondokoak. Gomezek bideo dei bidez azaldutakoen arabera, De la Espriella nazioartean zabaltzen ari den eskuin muturreko olde populistaren jarraitzaileetako bat da: «Donald Trumpek eta Jair Bolsonarok erabilitako karta berberak erabiltzen ari da. Establishment politikoaren parte ez dela esaten du, bere finantzaketa bide propioak dituela, eta axola dion gauza bakarra herritarren ongizatea dela».
Ultraeskuineko hautagaiak jarraitzaile «nitxo» bat duela azaldu du irakasleak, eta horiek ez dutela iritziz aldatuko: «Boto emaileen herena inguru dira, baina ez dut uste areagotzea lortuko duenik. Abelardok sabaia du, eta horrek ez dio utziko bozak irabazten». Gomezek aurreikusten du De la Espriella igaroko dela bigarren itzulira, halakorik bada, baina Cepedak irabaziko duela: «Zentroko herritarrei ez zaie Cepeda gustatzen —komunista delako edo komunista ohia, hobeto esanda—, baina Cepedaren eta De la Espriellaren artean, Cepeda hautatuko dute».
«Zentroko herritarrei ez zaie gustatzen Cepeda, baina, Cepedaren eta De la Espriellaren artean, Cepeda hautatuko dute»
JUAN GABRIEL GOMEZ ALBARELLO Kolonbiako Unibertsitate Nazionaleko irakasle ondokoa
«De la Espriella bigarren itzulira igarotzen bada, litekeena da Cepedak garaipen oso sendoa lortzea», gaineratu du Bordak. Erakunde kriminalen aurka gogor egingo duela zin egin du, eta horrek herritarrak erakartzen dituela uste du Bordak. Baina sektore publikoan esperientziarik ez edukitzeak kalte egingo diolakoan dago, eta beste kontu bat ere nabarmendu du politologoak: «De la Espriella abokatua da, eta krimen antolatuaren inguruko kasu askotan lan egin du, zenbaitetan Kolonbian ondo ikusia ez dagoen jendea babesten. Eta herrialde honek asko sufritu du narkotrafikoarekin eta krimen antolatuarekin; hortaz, jende askok ezin du onartu horiek babestu dituen pertsona bat presidentetzarako hautagai izatea».
Horregatik, Bordak eta Gomezek uste dute Valenciak aukera gehiago edukiko lituzkeela bigarren itzulira igaroz gero. Zentro Demokratikoa eskuineko alderdia da, baina azkenaldian zentrora gerturatzeko ahaleginetan aritu da; horretarako keinu moduan, Juan Daniel Oviedo hautatu dute presidenteorde izateko hautagai —eskuinaren eta zentro-eskuinaren primarioetan bigarren lekuan geratu zen, Valenciaren atzetik—. Uribismoaren barruan kritikak sortu ditu erabaki horrek, eta kanpainan Valenciak are eta eskuinerago egin duela azaldu du Gomezek: «De la Espriellari botoak kentzen saiatu da. Horrela, zentrokoak erakartzeko aukera galdu du».
2006
Bozak lehen itzulian erabaki ziren azken urtea. Alvaro Uribek 2002an eta 2006an irabazi zituen Kolonbiako presidentetzarako bozak, bietan lehen itzulian: botoen %50 baino gehiago eskuratu zituen. Hortaz, ez zuten bigarren itzulirik egin. Ordutik egindako hauteskunde guztiak bigarren itzulian argitu dira.
Hortaz, ezkerra leku onean dago Kolonbian beste legegintzaldi batez agintean jarraitzeko. Alde batetik, eskuina zatituta dagoelako, baina Petroren gobernuak esperantza piztu duelako ere bai —Petro ezin da berriz aurkeztu, 2015etik debekatuta baitago presidente batek bi agintaldi segidan egitea—. Kolonbiako ezkerreko lehen presidenteak kanpainan egindako promes ugari bete gabe utzi baditu ere, oraindik ere «bazterrekoen» babesa duela uste du Bordak: «Ekonomikoki baztertutakoak, gutxiengoak, indigenak... inoiz ordezkatuak sentitu ez direnek babesten dute ezkerra, baita klase ertain intelektualak ere». Zergatik ere argitu du: «Komunitate horiei espazio politikoa ireki diete. Gobernu hau da kontuan hartzen dituen bakarra».
Petroren gobernuak martxan jartzea lortu duen aldaketa garrantzitsuena gutxieneko soldataren igoera «sinesgaitza» izan da, Gomezentzat: «Inoiz ez da egon horrelako igoerarik. Aldebakarrez ezarri zuen gobernuak». Aurten sartu da indarrean %23ko soldata igoera. Orain arte, gutxieneko soldata 1.423.500 peso izan da —331 euro—; orain, 1.750.905 peso da —408 euro—. «Egia da herritar asko kanpoan geratu direla, merkatu informalean jende askok jarduten baitu. Halere, termino sinbolikoetan mezua oso indartsua da: langile klasearekin lerratuta dagoen gobernu bat dela erakutsi nahi izan du».
Azken bozetako bigarren itzuliko emaitzak:
- 2022. Gustavo Petro (Ezkerra) %50,44 - Rodolfo Hernandez (Eskuina) %47,31
- 2018. Ivan Duque (Eskuina) %54,03 - Gustavo Petro (Ezkerra) %41,77
- 2014. Juan Manuel Santos (Eskuina) %50,99 - Oscar Ivan Zuluaga (Eskuina) %45
- 2010. Juan Manuel Santos (Eskuina) %69,56 - Antanas Mockus (Berdeak) %27,44
Soldata igoera dekretu bidez ezarri du gobernuak, «aldebakarrez». Baina beste erreforma askok ez dute aurrera egin, ez baitute lortu Kongresuko gehiengoaren babesa. Huts egindako erreforma horiek gogorarazten aritu da oposizioa hauteskunde kanpainan. «Gobernuak ez du asmatu negoziatzen. Erantzukizunaren parte bat Kongresuarena da, baina bestea, gobernuarena», argitu du Bordak. Osasun erreforma izan da Petroren administrazioaren porrot handienetako bat. «Kolonbiako osasun sistema AEBetakoaren antzekoa da; ospitale pribatu asko daude, eta, horietan artatua izateko, aseguru bat edukitzea beharrezkoa da. Subsidio sistema bat ere badago, baina ez dituzte berdin tratatzen», azaldu du Gomezek.
Sistema hori aldatzen ahalegindu da gobernua, baina Kongresuak ez dio proposatutako erreforma egiteko aukerarik eman. Horregatik, Bordak uste du Petroren administrazioak nahita ahuldu duela osasun sistema: «Gobernuak osasun sistema ia guztiz desegin du; hutsetik eraikitzen hasi nahi dute, eta alor publikoari garrantzi handiagoa eman pribatuari baino. Baina osasun sistema erabat suntsituta dago, eta berria, sortzetik urrun». Halere, politologoak nabarmendu du oposizioaren jarrera ere ez dela egokia izan: «Lehen sistema ondo zegoela esatera mugatu dira, baina sistema horrek erreforma batzuk behar zituela ere egia da».
Segurtasun krisia
Kritika ugari sortu ditu Petroren gobernuaren beste neurri batek ere: Bake Osoa deitu diotenak. Gomezek uste du gobernuak «akats asko» egin dituela arlo horretan: «Gobernuak mundu guztiarekin egin nahi izan du bakea: oraindik borroka armatua utzi ez duten ezkerreko taldeekin, baina baita paramilitarren oinordekoekin ere —Golkoko Klana eta halakoak—. Negoziatzeko nahiko baldintza onak eskaini dizkiete, eta negoziatzea erabaki dute haien kontrako ekintza militarrak atzeratzeko». Egoerak ez du hobera egin. Kolonbiak Gobernuaren eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen arteko Bake Akordioek hamar urte beteko dituzte aurten, baina segurtasun adierazleek ez dute hobera egin: iaz, homizidio tasa duela hamar urtekoa baino zertxobait handiagoa izan zen —2016an ehun mila biztanleko 25,7 homizidio zenbatu zituzten; iaz, 25,9—, eta bahiketen tasa hirukoiztu egin da —2016an ehun mila biztanleko 0,4 bahiketa zenbatu zituzten; iaz, 1,2—.
Gainera, talde armatuen jarduteko modua ere aldatu egin dela jakinarazi du irakasleak: «Talde asko daude, eta horietako zenbaitek, gainera, zabaldu egin dute beren portfolio kriminala: narkotrafikoan ez ezik, legez kanpoko meatzaritzan, pertsonen salerosketan eta abarretan jarduten dute. Gerrillariek ez; talde paramilitarren oinordekoez ari naiz». Bordak ere horren berri eman du: «Talde armatu askok ez dute agenda politikorik; soilik legez kanpoko negozioak egiten dituzte».
«Bazterrean dauden komunitateek badakite Bake Osoak ez duela funtzionatu, baina gobernu hau da gizarte erreformez eta desberdintasunak murrizteaz hitz egin duen lehen gobernua»
SANDRA BORDA Politologoa
Bake Osoaren bultzatzaileetako bat izan da Ivan Cepeda, eta plan horrekin jarraitzeko asmoa du. Hori da, politologoaren arabera, ezkerreko hautagaiaren kanpainari kalterik handiena egiten ari zaiona; halere, nabarmendu du Cepeda «koherentea» dela: «Azken agintaldian, bera negoziazio horien parte izan da, eta bide beretik jarraitzea proposatzen ari da». Gainera, uste du herritar ugarik beste kontu batzuei garrantzi handiagoa ematen dietela: «Bazterrean dauden komunitateetako kideek eta gutxiengoek badakite Bake Osoak ez duela funtzionatu, baina gobernu hau da gizarte erreformez eta desberdintasunak murrizteaz hitz egin duen lehen gobernua. Eta horri garrantzi handiagoa ematen diote».
Segurtasun gabezia testuinguru aproposa da eskuin populistaren diskurtsoentzat. Eta horretaz baliatu nahian ari dira De la Espriella eta Valencia. Eskuin muturreko hautagaiak esana da Nayib Bukele bere aldean «eskaut» bat dela. El Salvadorko presidentearen ereduari jarraituz, Kolonbiako eskuineko bi hautagaiek adierazi dute ekintza militarrak ugaritzea dela talde armatuen jarduna apaltzeko modu bakarra.
Cepedaren mugak
De la Espriellak aitortu du bere erreferenteen artean dagoela Bukele, baina baita Donald Trump AEBetako presidentea eta Javier Milei Argentinakoa ere. Gainera, AEBekiko eta Israelekiko aliantza militarrak indartuko dituela zin egin du. Petrok Israelekiko harremanak hautsi zituen 2024an; eta, Trumpen politikak gaitzetsi izan baditu ere, Etxe Zuriko maizterrarekin bildu zenean «makurtu» izana deitoratu du Gomezek: «Trumpek narkotrafikatzailea zela esan eta mehatxu egin zionean, bere burua salbatzearren, umiliatu egin zen, opariak eraman zizkion, eta Trumpen bisera jantzi zuen. Lotsagarria izan zen».
Ez du uste Cepedak horrelakorik egingo lukeenik: «Petro baino gogorragoa izango da. Agenda antikoloniala du, eta AEBetatik gehiago bereizi nahi du». Halere, irakasleak badu kezka bat: «Latinoamerikako ezkerrek arazo bat dute: askok begiak itxita Txina besarkatu dute. Txina herrialde totalitario bat da, giza eskubideak urratzen dituena, eta estatu asko bere mendeko egiten ditu zorra erabilita».
Kongresurako bozak egin dituzte martxoan, eta, ezkerrak gora egin badu ere, Cepedaren eta Petroren alderdiak ez du gehiengoa. Hortaz, bozak irabazita ere, gainerako alderdi politikoekin negoziatu beharko dute erreformak gauzatu nahi badituzte. Halere, Bordaren iritziz, Cepedak Petrok baino aukera gehiago edukiko lituzke erreformak abian jartzeko: «Negoziatzerako orduan guztiz bestelakoa da Cepeda. Petrok gehiegi hitz egiten du, adierazpen esajeratu asko erabiltzen ditu; kaos hutsa da». Cepedak Kongresua ondo ezagutzen duela nabarmendu du politologoak —2010etik da kongresuko kide—, eta Petroren aldean erreformak aurrera eramateko abilezia handiagoa izan dezakeela. «Hori bai, oposizio berberari egin beharko dio aurre».