Gutxigatik bada ere, Suediako zentro-ezkerrak irabazi ditu hauteskunde orokorrak. Botoen %98 zenbatuta, bloke horrek botoen %49,5 ditu bilduak, eta eskuinekoak, %49,1. Eskuin muturrak lehen aldiz atzera egin du legebiltzarrerako bozetan —2010ean aurkeztu zen lehen aldiz—, eta bigarren indarra izateari utzi dio, zenbatutako botoen %17,6 eskuratu baititu. Parte hartzea %80,4koa izan da; duela lau urtekoa baino lau puntu txikiagoa.
Azken boto paperak eta atzerrikoak zenbatzea falta da —200.000 boto inguru— baina emaitza horiek berresten badira, Magdalena Andersson sozialdemokrata berriro lehen ministro izateko moduan da —2021eko azarotik 2022ko urrira karguan egon zen—, zentro-ezkerreko alderdien babesarekin. Alderdi Sozialdemokratak botoen %28,1 bildu ditu —1928tik izandako emaitzarik txarrena—, baina, bere hiru aliatuen gorakadari esker, Anderssonek nahikoa babes biltzeko aukera du. Ezkerra laugarren indarra izan da, botoen %8,2 eskuratuta. Zentroko Alderdiak eta Berdeek ere gora egin dute. 176 eserlekutan dago Parlamentuko gehiengo osoa, eta, hain zuzen, kopuru hori batu dute lau indar horien artean.
Ulf Kristersson azken lau urteotako lehen ministroa buru duen indarrak, Alderdi Moderatuak —kontserbadorea—, botoen %19,9 jaso ditu —bigarren indar bozkatuena—, eta SD Suediako Demokratak eskuin muturreko alderdiari aurrea hartu dio eskuineko blokean. Asteazkenean edo ostegunean dira boto kontaketa amaitzekoak.
«Nire mezua argia da: sozialdemokratak beti egongo gara ardurak hartzeko prest. Emaitza estua da, baina orain aurretik goaz, eta horri eusten badiogu, Suediak beste gobernu bat izango du», adierazi du Anderssonek gaur goizaldean, emaitzak eskuan bere jarraitzaileen aurrean hitz egin duenean.
Kristersson, zentrokoei begira
Lanak izango ditu, hori bai, zentro-ezkerreko blokeko bazkideak gobernua osatzeko konbentzitzeko. Zentroko Alderdiak esana dauka Ezkerreko kiderik ez duela nahi gobernuan, eta, gainera, demokristauak ere nahiko lituzkeela balizko gobernu batean; demokristauek adierazi dute, halere, ez dutela sozialdemokratak buru dituen gobernurik babestuko—. Ezkerra kanpo babesa ematearekin konformatu izan da orain arte, baina oraingo gobernuan sartu nahi du.
Kristersson ere gehiengo bat osatzen ahaleginduko da. Hori adierazi du hauteskunde gauean. Badaki negoziazioak «zailak» izango direla, eta «irekiera eraikitzaile baten» alde lan egitera deitu du. «Ikusi nahi dut ea gehiengo oso ez-sozialista bat lor daitekeen, ea suediarrek nahi duten politika ekonomikoa babesten dutenak bil ditzakeen formularik ba ote dagoen». Ezkerrak zergak handitu nahi dizkie errenta altuak dituztenei eta bankuei; zentrokoek, aldiz, ez dute halakorik nahi. Horregatik, lider kontserbadorearen hitzak Zentroko Alderdiari egindako keinutzat har daitezke. Azken lau urteotan agintean egon den blokeak 173 aulki lortu ditu —ultrak ez dira gobernuan egon; kanpotik babestu dute—.
Gastu publikoa handitzea agindu du Anderssonek. Hori bai, gai jakin batzuetan, migrazio politikan eta segurtasun arloan, bere proposamenak ez dira asko aldentzen eskuinek planteatutakoetatik.