Aurreikusitakoa baino egun bat beranduago, Espainiako Kongresuak onartu egin du Israeli arma enbargoa ezartzeko dekretua. Gaur arratsaldean egin dute bozketa, eta Podemos alderdiaren lau legebiltzarkideek horren alde egitea erabaki dute azkenean; izan ere, azken egunotan zeresana eman du alderdi horren jarrerak, kritiko agertu baita neurriarekin. Hala jakinarazi du Ione Belarra Podemosen idazkari nagusiak, sare sozialetan argitaratutako bideo batean: «Dekretua onartuko dugu hain zuzen modurik onena delako agerian uzteko Espainiak baduela oraindik harreman militarra Israelekin». Dekretuak 178 boto izan ditu alde, 169 kontra, eta legebiltzarkide bat abstenitu egin da.
Pedro Sanchez presidenteak duela hilabete eman zuen dekretu horren berri, eta, Ministroen Kontseiluaren oniritzia jasota, Kongresuaren eskuetan zegoen hori onartzea. Atzo ziren bozketa egitekoak, baina azkenean egun bat atzeratu zuten, argudiatuta atzo bi urte bete zirela Hamasek erasoari ekin zionetik eta Israelek Gazaren kontrako sarraskia hasi zuenetik. Legebiltzarkideek dekretuaz eztabaidatzeko parada izan zuten, eta kritiko mintzatu zen Belarra. Gaur kaleratutako bideoan ere jarrera kritikoa berretsi du, eta dekretua «faltsutzat» eta «engainutzat» jo: «Ez ditu amaituko Espainiak Palestinako genozidioari egiten dizkion ekarpenak: batetik, armen salerosketa, eta bestetik, Israelerantz doazen armen zirkulazioa».
Horiek horrela, gobernuak bozketa egitera «behartu» duela salatu du Belarrak, eta, dekretua onartu arren, ziurtatu du enbargo «integrala eta erreala» exijituko diola Espainiako Gobernuari. Aintzat hartzekoa da enbargoaz gain beste neurri batzuk ere iragarri zituela Sanchez gobernuburuak. Neurri horien helburua hau izango da: Israelgo armadari laguntza eraman behar dioten ontziei eta hegazkinei Espainian porturatzea eta lur hartzea eragoztea.