Familien zorpetzea, Argentinako eredu ekonomikoaren parte

Nahiz eta Mileik erraten duen norbanakoen kontua dela, familien zorpetzea hain bihurtu da handia Argentinan, ezen oposizioko bloke batek baino gehiagok Kongresuan proiektuak aurkeztu dituzten egoera onbideratzeko asmoz.

Pertsona batzuk zabor artean janaria bilatzen Buenos Airesen, aurreko martxoan. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
Pertsona batzuk zabor artean janaria bilatzen Buenos Airesen, aurreko martxoan. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2026ko urriaren 28a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Familien zorpetzeari buruzko kezka funtsezko auzi bat bihurtu da Argentinako agenda publikoan. Kopuruak ikaragarriak dira: azken datuek diotenez, 20,9 milioi argentinar daude zorpetuak —Argentinak 46 milioi biztanle ditu denera—, eta horietatik 5,91 milioi zordun berankorrak dira. Gizarte zibila antolatzen eta konponbideak eskatzen hasia da, eta oposizioa zenbait proiektu lantzen ari da Kongresuan, gehiegizko zorpetzeari buru egiteko.

Bertze garai batzuetan ez bezala, orain Argentinako beheko eta erdiko klaseek ez dituzte etxe bat erosteko eskatzen kredituak, ezta oporretan gastatzeko eta atsegin hartzeko ere, baizik eta gastu arruntak ordaintzeko —hala nola gasa eta argindarra—, edo janaria eta botikak erosteko. Halaber, bertze mailegu batzuk pagatzeko ere eskatzen dituzte kredituak, eta, hala, sorgin gurpila ez da sekula gelditzen.

Argentinako Banku Zentralak Zordunen Zentrala deituriko datu base publiko bat du, eta, haren datuen arabera, aurtengo ekainean familien %12,8 ziren zordun berankorrak, hau da, 90 egun baino gehiagoko gibelamendua zuten zorra pagatzeko orduan. CEPA Argentinako Ekonomia Politikako Zentroaren txosten batean erakutsi dutenez, berandutzea laugarren hiruhilekoan hasi zen luzatzen, eta, hortik aitzinera, etengabe handitu da gaurdaino.

Javier Mileik presidente kargua hartu zuenetik ia urtebetera, 2024ko urrian, berandutzea %2,5ekoa zen. «Bilakaera historikoari begiratuta, familiek ez zuten hainbertzeko berandutzerik izana bankuekin 2001eko krisiaz geroztik; preseski, berandutze tasak 2003ko irailean jo zuen goia, eta %32,7raino ailegatu zen», CEPAren txostenean adierazi dutenez.

Egoera kontuan harturik, gisa anitzetako kolektiboak elkartzen, eztabaidatzen eta antolatzen ari dira konponbideak bilatzeko. Tartean da kutsu transfeministako egitasmo bat, Movida Ciudad, zeinak Autodefentsa Finantzarioko Eskuliburua kaleratu baitu berriki: gida bat da, tresnak ematen dituena abusuzko praktikak bereizi eta erantzun kolektiboak antolatzeko.

«Zorpetzearen arazoa larriago bihurtzen ari da Mileiren eredu ekonomikoaren ondorioz», erran du Sebastian Amaro soziologo eta Movida Ciudad taldeko kideak. «Lehenbiziko, jendeari entzuteko guneak sortzen saiatu ginen nazio osoan, gisa anitzetako errealitateei erreparatzeko, eta konprenitzeko, batetik, egoerak zer eragin duen herritarren osasunean oro har, eta, bertzetik, egunerokoan zer zailtasun ekartzen dizkieten gaur egungo finantza abusuek eta indarkeria ekonomikoak».

Gogorren, gazteei

Bada, zenbait ikerketak agerian utzi dute murrizketek eta langabezia erregistratuaren igoerak gazteak jo dituela gogorren, eta horietako anitzek diru zorro elektronikoak erabiltzen dituztela egoera nolabait arintzeko.

Kredituen zorrak ordaintzeko, kreditu txartelak, bankuen edo finantza erakundeen mailegu pertsonalak, eta diru zorro elektronikoak erabiltzen dituzte batez ere, edo senide edo lagunen bati laguntza eskatu. Bertzalde, kreditu gehien-gehienak jakiak erosteko baliatzen dituzte, hilabeteroko gastuak edo bertze zor batzuk pagatzeko, ondasun iraunkorrak erosteko, edo etxea edo errenta ordaintzeko.

«Jendeari entzuteko guneak sortzen saiatu ginen nazio osoan, gisa anitzetako errealitateei erreparatzeko»

SEBASTIAN AMARO Movida Ciudad taldeko kidea

Ariel Wilkis Goi Ikasketa Sozialen Diziplinarteko Eskolako dekanoa da, eta aspaldixkotik ari da auzi hori aztertzen. Una historia de cómo nos endeudamos liburuan (Zorpetzeko gure moduaren historia bat), kontatzen du zer itxura hartu duen familien zorrak 1983tik orain arte. Normalean bazterrean gelditu ohi den gai bati begiratzen dio soziologoak bere azalpenetan; izan ere, ikerketa gehien-gehienek estatuaren zorretan paratzen dute arreta, eta ez norbanakoenetan.

«Istorio honen hasierako eszena demokraziarako itzulerari dagokio, 1983. urteari. Kanpainan, Raul Alfonsin presidente ohiak hitzeman zuen, bertzeak bertze, konpondu eginen zuela diktaduran zorpetutakoen auzia, gizartearen parte handi bati eragiten baitzion», kontatu du Wilkisek. Garai hartan, zor gehienak hipotekei zegozkien, eta zordunek arrisku handia zuten etxegabetuak izateko.

Egungo maileguek ez bezala, «ordukoek zerikusia zuten gizartean goiti egiteko aukerarekin», ikertzailearen erranetan: «Lursail bat edo etxe bat erosi zuten familiek nolabaiteko esperantza zuten gizartean zuten lekutik mugituko zirela edo goiti eginen zutela». Orain, berriz, erdiko klaseetako kideek eskatzen dituzte maileguak, pobre bizi behar ez izateko. «Logika diferenteak dira», Wilkisen arabera: «Orain, ez jaisteko egiten dute sakrifizioa».

Hondarraldi honetan, oposizioko zenbait bloketako legebiltzarkideek proiektuak aurkeztu dituzte gehiegizko zorpetzeari buru egiteko. Egitasmo horien helburua da abusuzko jardunbideak debekatzea eta sektorerik kalteberenak babestea. «Kongresuan 40-50 lege proiektu daude egun», Wilkisek azaldu duenez. «Ofizialistak alde batera utzita, bertze alderdi ia guziek aurkeztu dute proposamenen bat, hala nola zorrak barkatzea eta finantzaketa planak ezartzea».

Bada, halaber, halako zorrei loturiko bertze korapilo bat ere: zirkuitu informalei dagozkie anitz, hau da, mailegu horietako franko senideek, lagunek edo lukurari klaseren batek eginak izaten dira, eta, beraz, zailagoa da horiek zehatz erregistratuak izatea.«Azken urteetako doitzeekin bat eginez, Argentinako Gobernuak kreditu formalak sustatu ditu, ekonomia bulkatzeko akuilu izan zitezen, baina iaz diru politikak aldatu eta interes tasak goititu izanak berankortasuna handitu du», azaldu du Wilkisek.

Nolanahi ere, egoera okertu den honetan, gizarte zibilak esku hartu du, gisa anitzetan antolatuz eta erantzunez. Egoerak kalte egin dietenetako anitzek, gainera, salatu dute jazarpena eta abusuak jasan dituztela: «Batzuei etxera bertara ailegatzen zaizkie mehatxuak, eta bertzeei, berriz, senideren edo lankideren baten bidez», kontatu du Amarok.

«Arrunt lotsagarria da dena», ekintzailearen erranetan: «Zabaldu dugun gidan, azaltzen dugu zer egiten ahal duten zorrak ordaintzeko orduan gibelatuak dabiltzanek, zer egiten ahal duten erakunde hartzekodunek, eta zer mito dauden horren guziaren inguruan; izan ere, argi utzi nahi dugun lehenbiziko gauza da auzi hau eredu ekonomiko baten parte dela, eta ez kontu indibidual bat».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA