Feijoo eta Abascal pozarren, «aldaketa» dakartelako

PPk eta Voxek gehiengo osoa eskuratu dute Espainiako Diputatuen Kongresuan, eta elkarrekin gobernatuko dute. Feijook «Espainiako herritar guztien alde» jardungo duela hitzeman du; Abascalek, berriz, «misioa bete» dutela azpimarratu du.

Alberto Nuñez Feijoo, gaur, Genovako egoitzaren kanpoaldean, Madrilen. CHEMA MOYA / EFE
Alberto Nuñez Feijoo, gaur, Genovako egoitzaren kanpoaldean, Madrilen. CHEMA MOYA / EFE
maddi iztueta olano
2026ko azaroaren 30a
00:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zortzi urte eta bi legegintzaldi oposizioan eman ondoren, Alderdi Popularrak lortu du Espainiako Gobernuko agintea berreskuratzea, Vox alderdi ultraeskuindarrarekin indarrak batuta. PPk 132 eserleku bildu ditu denera, eta Voxek laugarren saiakeran eskuratu du Espainiako Gobernurako giltza: 52 eserleku lortuta; hala, gehiengo osoa era dezakete. PPko lider Alberto Nuñez Feijoo pozarren agertu da bere jarraitzaileen aurrean: «Espainiak hitz egin du gaur, eta aldaketa bat eskatu du, erabateko aldaketa bat».  

Bandera gorri-horiz blaitutako olatu urdin batek egin dio ongietorria Feijoori, alderdiak Madrilgo Genova kalean duen egoitza nagusiaren kanpoaldean. Heldu eta gazte, milaka jarraitzaile elkartu dira han, «Feijoo presidente» eta Pedro Sanchez PSOEko liderraren aurkako irainak oihuka. Feijoo ez da bakarrik taularatu: harekin izan dira, besteak beste, Isabel Diaz Ayuso Madrilgo autonomia erkidegoko burua eta PPko bozeramaile Esther Muñoz. Eta oholtza gainean egon ez diren arren, alderdiaren «batasuna» goraipatu, eta eskerrak eman dizkie PPko lider eta Espainiako presidente ohi Jose Maria Aznar (1996-2004) eta Mariano Rajoyri (2011-2018). 

Bertaratutako jende oldeak «Abascal, Abascal, Abascal» oihuka bultzatuta, Feijook zorionak eman dizkio Voxeko lider Santiago Abascali, eskuratutako boto eta eserleku kopuruagatik. Hain justu, elkarrekin helduko diote Espainiako Gobernuko aginteari, eta irmo esan du: «Beldurrik gabe gobernatuko dugu, aitzakiarik gabe, irmotasuna eta erabakimena behar baitira agintzeko». Azkenik, gazteei mintzatu zaie: «Asko akordatu naiz zuekin urteotan, eta gauza bat esango dizuet: kanpaina honi buruz telesail bat egingo dute, Anotop At izango du izena».

Voxen euforia

Espainiako banderaz josi da Voxen egoitza nagusiko ataria ere, eta Abascalek pozik hitz egin du jarraitzaileen aurrean: «Bete dugu misioa». Sanchezen aurkako irainekin eta hura espetxeratzeko eskaerekin tartekatu da Abascalen hitzaldia, azken gobernu taldearen jardunaren kritikek sostengatu baitute, hein batean, Voxen hauteskunde kanpaina. «Badoa, badoa, badoa; badoa, guk guztiok kanporatu dugulako. Espainarekiko maitasunak, aberriarekiko maitasunak gaina hartu dio gezurrari», gehitu du. 

Laugarrenez aurkeztu da aurten Vox Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara, eta 2019ko azaroko bozetako emaitza errepikatu du. Hala, lortu du 2023ko hauteskundeetako beherakadari aurre egitea, 33 eserleku lortu baitzituen. Horren harira, hiru urteotan Voxek bildutako babesa nabarmendu du Abascalek: «Espainiako herritarrek argi izan dezatela: Voxen gorakadari esker izan da posible misio hau betetzea; Espainiak aldaketaren alde bozkatu du».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA