«Azkenean». Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak hauteskundeak aurreratuko dituela jakinarazi ondoren egindako agerraldian, horixe esan du, hasteko, Alberto Nuñez Feijoo PPren presidenteak. Eta haren hitzetan, azaroaren 29an egitekoak diren hauteskundeetan, bozkatzaileek zirt edo zart egin beharko dute: «Ustelkeriaren eta garbitasunaren artean aukeratu beharko dute; dekadentziaren eta oparotasunaren artean».
Oposizioburua PPren egoitza nagusian mintzatu da, eta, nabarmendu duenez, «espainiarrek erabaki egingo dute azkenean», zer pentsatzen duten esango dute «azkenean». Finean, azpimarratu nahi izan du bazela garaia hauteskundeetara deitzeko, eta bozak plebiszitu bat direla. «Jokoan dago bizi izan duguna beste lau urtez bizitzea edo aldaketari aukera bat ematea».
PPk planteatutako errealitatea kontuan hartuz, Sanchezen azken legegintzaldian —2023ko azaroan hasitakoan— ezin izan da eztabaidatu. «Azkenean, zure familiaz, zure etxeaz, zure bizitzaz hitz egingo dugu. Gure etorkizuna eraikiko dugu, eta murruak bota». Hori idatzi du PPk X sareko bere kontuan, eta Feijook auzi sozialei ere heldu die: «Espainiarren zailtasunak pilatu egin dira azkeneko urteotan. Inoiz baino baliabide gehiago eduki ditu estatuak, eta, halere, etxebizitza eskuraezin dago, mediku gutxiegi daude, greba sobera, hezkuntza maila okerrera egiten ari da, eta immigrazioa kontroletik kanpo dago». PPko buruzagiaren esanetan, hauteskundeetara deitu izana zen Sanchezek gaur-gaurkoz eman zezakeen «albiste on bakarra».
Santiago Abascal Voxen burua ere mintzatu da Espainiako gobernuburuaren iragarpenaren ondoren, eta Ceutako krisian jarri du arreta. «Ceuta inbadituta dagoen honetan deitu gaituzte bozkatzera», esan du Antena3 telebista kateko programa batean egin dioten elkarrizketan. Eta ultraeskuineko liderra urrunago joan da: «Nik uste dut Sanchez Marokoren hautagaia dela».
Abascal pozik dago Sanchezek bozak aurreratu dituelako. «Bai gu, baina batez ere espainiarrak, aspalditik ari ginen hauteskundeak egiteko eskatzen». Inkestak alde dituzte, horietan aurreikusten baita Voxek 2023an lortutako diputatu kopurua halako bi lortuko duela —84 inguru izango dira, kalkuluen arabera—, eta PPk eta Voxek gehiengo osoa lortuko dutela. Abascalek esan du, ordea, ez dela fio inkestez, eta herritarrei eskatu die gauza bera egiteko. Bide batez, 2023an gertatutakoa gogoratu du. Izan ere, orduan ere iragarri zuten eskuineko taldeek gehiengoa lortuko zutela, baina, azkenean, Sanchezek modua egin zuen bozak PSOEk ez irabazi arren gehiengo osoa eskuratzeko.
Ayusoren mamuak
Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak (PP), bestalde, iruzurraren mamua haizatu du, eskuin muturraren estiloan. «Jende guztiari eskatzen diot ez dezala postaz bozkatu», esan du foro batean, Madrilen. Ohartarazi du PP adi egongo dela hauteskunde errolden «balizko faltsutzeari», zeren iruditzen zaio migratzaileen «erregularizazio masiboarekin», esaterako, PSOEk nahi zuela erabaki «nora zihoan hautesle bakoitza». Ez du, dena den, akusazio horiei eusteko frogarik erakutsi. Nabarmendu du, bide batez, «Sanchezen eta demokraziaren» artean aukeratzeko plebiszitu bat izango direla bozak.
Kataluniako alderdi independentista nagusiei dagokienez, ERC Esquerra Republicanak eta JxC Junts Per Catalunyak modu zeharo diferentean erreakzionatu dute. ERCko presidente Oriol Junquerasek mezu labur bat idatzi du Xko bere kontuan: «Prest gaude Katalunia defendatzeko eta jendearen bizimodua hobetzearren jo eta ke aritzeko». JxCren Espainiako Kongresuko bozeramaile Miriam Noguerasek, bestalde, egotzi dio Sanchezi bozak aurreratzea bere «interesei» begiratuz eta «ustelkeriak kasuak eta porrotak estaltzeko» intentzioarekin. Bideo batean katalanak bozkatzera ditu ditu, erabaki dezaten «zein herrialde, eta zein gizarte eredu» nahi duten. Alianza Catalana alderdi ultraeskuindarrak esan du ez dela aurkeztuko.