ERRESUMA BATUA

Festen auzian jarrera «justifikaezina» edukitzea egotzi diote txostenean Johnsoni

Erresuma Batuko lehen ministroak barkamena eskatu du berriro, eta Downing Streeteko funtzionamendua hobetzeko neurriak agindu ditu

Boris Johnson, gaur, Downing Streeteko 10. zenbakitik ateratzen. NEIL HALL / EFE
Igor Susaeta.
2022ko urtarrilaren 31
16:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Boris Johnsonek pandemian Downing Streeten egindako festei buruzko txostena argitaratu du Sue Gray gobernuko idazkariordeak, eta, horren arabera, «justifikaezina» da Erresuma Batuko lehen ministroaren jarrera. Eta zehaztu du zergatik: festa horiek egin zituztelako gobernuak herritarrei «murrizketak errespetatzeko» eskatzen zienean. 20 hilabetez egindako festei buruzkoa da txostena, eta Grayk ikerketaren ondorioetan nabarmendu du festa horiek ez zutela baimenduak izan behar, edo ez zirela «izan ziren bezalakoak» izan behar, baina gobernuak ez zuela horiek eragozteko neurririk hartu. Funtzionarioak ez du Johnson bakarrik jarri jopuntuan. «Lidergo eta burubide hutsegiteak izan ziren [Downing Streeteko] 10. zenbakian eta Presidentetza Ministerioan». Iruditzen zaio «ikaste esanguratsu bat» atera behar dela gertatutakotik, eta gobernuak «berehala» heldu beharko liokeela horri. «Ez da Poliziaren ikerketaren zain egon behar». Txostenaren lagin bat da gaur kaleratutakoa.

Eta horrek gobernuaren egoitzan egindako festez aipatukoa gorabehera, Johnsonek ez dauka aparteko neurririk hartzeko asmorik. Dokumentua publiko egin eta ordubetera mintzatu du Komunen Ganberan, eta, joan den urtarrilaren 12an egin bezala, gaur ere barkamena eskatu du. Lehen ministroak gaineratu du gobernuak ez zituela gauzak ondo egin, ez dela nahikoa barkamena eskatzea, ulertzen duela herritarrak «haserre» egotea —«sakrifizio handiak» egiteko eskatu dietelako—, eta gertatutakoak, Grayk txostenean azpimarratu bezala,«ikasteko», eta «ispiluaren aurrean» jartzeko balio behar diela. «Ulertu dut, eta konponduko dut», adierazi du.

Horretarako, Downing Streeteko 10. zenbakiaren funtzionamendua hobetzeko neurriak hartuko dituela esan du. Esaterako, aldaketak egitekoa da 10. zenbakiaren eta Presidentetza Ministerioaren «egituretan». Oposizioko diputatuak oihuka hasi dira orduan, eta «konfiantza» eskatu die bai haiei, baita herritarrei ere. Adierazi du agindutakoa bete ohi duela, eta esan du, esaterako, brexit-a egingo zutela agindu zuela, eta egin dutela, eta Erresuma Batua pandemiatik onik aterako zela agindu zuela, eta hala gertatu dela.

[youtube]https://youtu.be/o_Ewd7bglrY[/youtube]

Polizia ere festa horiek eta festen ingurumariak ikertzen ari da, eta, lehengo astean jakinarazi zutenez, Grayk txostenean jasotako informazioek ez lukete oztopatu beharko Scotland Yarden ikerketa. Hori dela eta, gaur kaleratutako dokumentuak ez du sakontzen xehetasunetan, Poliziak hala eskatuta: «Zoritxarrez ,oso mugatuta nago esan dezakedan horretan, eta orain ez da posible txosten esanguratsu bat egitea, aztertuko duena gertakariei buruz lortu ahal izan dudan informazio guztia», zehaztu du Grayk. Poliziak gaur jakinarazi duenez, Partygate deitutakoaren 300 bat irudi eta festa horiekin loturiko dokumentuak biltzen dituzten 500 bat orrialde aztertzen ari dira, festa horietara joan zirenekin kontaktuan jartzeko eta haiei isun bat jartzeko.

Horrekin lotuta, ikusteko dago Grayren txosten osatua kaleratua izango ote den. Johnsoni horri buruz galdetu diote, gaur, Komunen Ganberako osoko bilkuran, baina ez du erantzun argirik eman. Downing Streetek plazaratutako ohar baten arabera, horretarako modua edukiko du Grayk, behin Poliziaren ikerketa bukatuta.

Keir Stamer (Alderdi Laborista) oposizioburuak dimititzeko eskatu dio Johnsoni. «Dimititzea litzateke ondratuena, baina ez du egingo, lotsarik gabeko gizon bat delako», leporatu dio Komunen Ganberan. Bide batez, diputatu tory-ei eskatu die Alderdi Kontserbadorearen barruan Johnsoni buruzko konfiantza mozio bat planteatu dezatela. 360 diputatu dauzkate tory-ek ganberan, eta bide hori hori aktibatzeko eta, horrenbestez, alderdi barruko bozketa egin ahal izateko, diputatuen %15en oniritzia beharko litzateke; kasu honetan, hortaz, 54 diputatuk egon beharko lukete ados. Orain bi aste egon ziren bide hori ibiltzen hasteko saiakerak.

Alkohola, «neurririk gabe»

Grayk Aurkikuntza orokorrak izeneko atalean nabarmendu duenez —hamabi orrialde dauzka txostenak guztira—, «bilera horietako batzuk» antolatzeko orduan «oso gutxi» pentsatu zen herrialde guztia pairatzen ari zen horretan, osasun publikoan eragin zezaketen arriskuan, baita eman zezaketen «itxura publikoan» ere. Kontuan hartuta festak lehen ministroaren egoitzan egin zirela, Grayk azpimarratu du, besteak beste, ez dela egokia lantokian «alkohola neurririk gabe» edatea.

Lehen ministroak berak eskatu zuen txostena egiteko, joan den abenduan, ikusita hedabideak festa horien berri ematen ari zirela. Johnson 2019ko uztailetik da lehen ministroa, eta hilabete batzuk geroago, abenduan, hauteskunde orokorretan, emaitza oso onak lortu zituen —botoen %43—, eta hamaika punturen aldea atera bigarrenari. Aurtengo maiatzaren 5ean tokiko hauteskundeak egitekoak dira Erresuma Batuan, eta boz horretako emaitzek Johnsonen beraren etorkizuna zehazteko balio dezakete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA