Flotillak agerian utzi du estatu arabiarren ekinik eza

Beren herritarrek beste zerbait eskatu arren, Gazako setioa gaitzesteko adierazpenak egiten baino ez dira aritu estatu arabiarrak, eta ez dute ezer egin Israel benetan estutzeko.

Palestinaren aldeko mobilizazio bat Sidi Bou Saiden (Tunisia), igandean. MOHAMED MESSARA / EFE
Palestinaren aldeko mobilizazio bat Sidi Bou Saiden (Tunisia), igandean. MOHAMED MESSARA / EFE
Ricard Gonzalez.
Tunisia
2025eko irailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken egunetan, mundu arabiarretik etorritako dozenaka aktibista hogei bat itsasontzi atontzen ari dira Tunisian, eta Bartzelonan itsasoratu zen flotillari batuko zaizkio gaur, zerrendan jasaten ari diren setioa desegiteko helburuz, hirurehun pertsona baino gehiago hil baitira goseak jota horren eraginez. Erabat bestelakoa da estatu arabiarren jarrera; izan ere, egoera gaitzesteko adierazpenak egiten baino ez dira aritu, inolako eraginik gabeko adierazpenak, eta ez dute ezer egin Israel benetan estutzeko. Are, Libiak eta Egiptok errepresioz jardun dute uda hasieran Gazako setioa lurretik desegiten saiatu ziren aktibisten kontra.

«Oro har, erregimen arabiarrek ez dute neurri zehatzik hartu Gazan abian den genozidioari aurre egiteko. Horretarako arrazoi nagusia zera da, beren interes estrategiko eta ekonomikoak lehenesten dituztela, eta ez dutela hainbeste kontuan hartzen herritarrek berez palestinarrak babesten dituztela, ikusirik nolako izugarrikeriak jasaten ari diren. Ez da harritzekoa, aintzat hartuta autoritarismoan oinarrituta gobernatzen dutela eta joera hori areagotuz doala», esan du Al Shabaka Palestinako think tank-eko zuzendarikide Yara Hawarik. Are, azkenerako nork-eta Hegoafrikak salatu zuen Israel Hagako Auzitegian, genozidio bat egiteagatik.

«Arabiar kale» esaten zaion horren eta agintarien arteko desadostasunak agerian geratzen dira galdeketa bat egiten den bakoitzean. Inkestarik osoenetako bat Doha institutuak egindakoa da, eta, azterketa horrek erakutsi duenez, galdekatutakoen %92k uste dute Palestinako auzia arabiar guztiei dagokiela, eta ez bakarrik palestinarrei. Ia beste hainbeste herritar, %89, Israelekiko harremanak normalizatzearen aurka daude. Gehien-gehienentzat, %84rentzat, Gazako genozidioak «estres psikologiko handia» eragiten du.

«Erregimen arabiarrek beren interes estrategiko eta ekonomikoak lehenesten dituzte; ez dute hainbeste kontuan hartzen herritarrek palestinarrak babesten dituztela»

YARA HAWARI Al Shabaka 'think tank'-eko zuzendarikidea

«Demokratikoak izan ez arren, erregimen arabiarrek ezin diote ez ikusiarena egin iritzi publikoari, herritarrei ikaragarria iruditzen baitzaie Gazan gertatzen dena. Horregatik, oreka bilatu behar dute, eta zaila da. Kezkatuta daude Gazaren inguruan duten jarrerak sortutako ezinegonak ez ote duen bestelako ondoezik ekarriko —ez da motiborik falta— eta eztanda sozial bat sorraraziko», zehaztu du CEARC Arabiar Ikasketa Garaikideen Zentroko zuzendari exekutiboak, Haizam Amirah Fernandezek. Ondorioz, orain arte, beren adierazpenetan gaitzetsi egin dute Israelek zibilak hiltzea, eta laguntza humanitarioa bidali diete gazatarrei, Tel Avivek horretarako baimena eman duenean.

Arabiar Ligako 22 estatuetatik seik akordio bat sinatu dute Israelekin harreman diplomatikoak abiatzeko. Egipto izan zen lehena —1979an—, eta gero Jordania ere batu zitzaion —1994an—; 2020an, Trumpek Abrahamen Akordioak bultzatu zituen, eta Marokok, Arabiar Emirerri Batuek, Bahrainek eta Sudanek bat egin zuten haiekin. Gainera, beste estatu batzuek, bakoitzak bere neurrian, harreman ekonomikoak dituzte Israelekin, eta harekin lankidetzan aritzen dira segurtasun arloan; tartean da Saudi Arabia. Herrialde horien guztien artean batek ere ez ditu eten Israelekiko harreman diplomatikoak Gaza dela-eta, eta Jordaniak baino ez du bere enbaxadorea erretiratu.

Beste aldean, Israelen kontra dauden herrialde arabiarren artean, Aljeria, Tunisia eta Yemen daude. Yemen huthiek kontrolatzen dute, eta hura da Israeli presio militarra egin dion bakarra: zenbait misil jaurti dizkio, eta itsas trafikoari jazarri dio Suezko kanalean. Libano eta Irak, berriz, bereziak dira, oso zatituta baitaude politikoki: Iranen aldeko miliziak daude han, hala nola Hezbollah, eta talde horiek etsaitzat daukate Israel, baina klase politiko guztia ez dago ados horretan.

«Agintari horiek botereari eutsi ahal izatea ez dago herritarren esku, AEBen esku baizik, haiek kanpotik babesa ematea behar baitute» 

HAIZAM AMIRAH FERNANDEZArabiar Ikasketa Garaikideen Zentroko zuzendari exekutiboa

Zenbait arrazoi daude azaltzeko zergatik ari diren hainbeste estatu arabiar utzikeriaz jokatzen Gazari dagokionez. Batetik, zenbait agintarik, batez ere Persiar golkoko petromonarkietakoek, arriskutsuagotzat daukate Iran Israel baino. Eta, bestetik, «agintari horiek botereari eutsi ahal izatea ez dago herritarren esku, AEBen esku baizik, haiek kanpotik babesa ematea behar baitute; beraz, horrek baldintzatu egiten die Palestinaren inguruko jarrera», gehitu du Amirah Fernandezek.

Kalkulatutako erabakia

Mendebaldeari dioten begirunea alde batera utzita, arabiar estatuek hartutako jarrera realpolitik delakoa egiteko kalkulu latz bat da: Israelen gisako potentzia teknologiko eta militar batekin harremana edukitzeak onura handiagoak ekarriko dizkie Palestinako herri okupatuarekin erlazioa izateak baino. Gainera, agintarien belaunaldi berri bat iritsi da agintera berriki, Mohamed Bin Salman saudiarabiarra buru dela, eta, partez, horrek azaltzen du estatu arabiarren jarrera, oraingo agintariek ez baitute aurrekoek bezainbesteko loturarik palestinarren kausarekin eta ideologia panarabistarekin.

Horiek horrela, duela zenbait hamarkadatik, estatu arabiarrek kontu bakar batean egin dute bat Palestinako auziari dagokionez: adierazpen bateratuak sinatu dituzte «bi estaturen konponbidea» babesteko. Uztailaren bukaeran, NBEk babestutako goi bilera batean, «arabiarren kontsentsua» zabaldu egin zen ustekabean, estatu arabiar guztiek adierazpen bat sinatu baitzuten Hamasi eskatzeko armak utz zitzala eta Gazaren kontrola Palestinako Aginte Nazionalaren esku utz zezala. Hortaz, Gazako genozidioa hasi zenetik ia bi urte igaro diren honetan, egin duten ekintza ausart bakarra —aurrez ez baitute inoiz halakorik egin— Hamas estutzeko egin dute, eta ez Israel estutzeko. Gertakari ezin tristeagoa panarabisten elkartasunarentzat. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.