Espainiako Gobernuak gaur jakinarazi dio Francisco Franco fundazioari erakunde hori deuseztatzeko prozesua abiatu duela. Fundazioaren jarduerari urtebetez begiratu diote, eta ondorioztatu dute frankismoaren apologia egiten duela, biktimak umiliatzen dituela eta interes orokorreko helbururik ez duela.Â
Pedro Sanchezen gobernuak 2024ko ekainean abiatu zuen prozedura; Kultura Ministerioaren bitartez egin zuen hori, Fundazioen Estatuko Protektoratua ministerio horren menpe baitago. Izan ere, gobernuaren ustez, Francisco Franco fundazioak —1976ko urriaren 8an sortu zen— ez ditu betetzen ez Fundazioen Legea ez Memoria Demokratikoaren Legea. Kultura Ministerioak, beraz, mandatuari ekin zion, eta txosten bana eskatu zien fundazioen erregistroari eta Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzari.
Txosten horien ondorioak ikusita, Kultura Ministerioak jakinarazi dio diktadorearen omenezko fundazioari bide judiziala abiatuko duela hura desegitea eskatzeko. Ebazpen baten bidez egin du hori, eta bertan zehazten ditu eskaera hori egiteko argudioak. Franco fundazioak hamar eguneko epea du alegazioak aurkezteko.
Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzak zenbait iturri baliatuta bildu ditu informazioa eta argudioak: Estatuaren abokatuaren txosten bat eta Zuzenbide Konstituzionaleko katedradun baten beste bat, eta frankismoaren biktimen testigantzak. Horretaz gain, fundazioak hedabideetan duen presentziaren eta fundazioaren beraren webgunearen edukia ere aztertu ditu.
Legediarekin bateraezina
Material horretan guztian oinarrituta, Kultura Ministerioak zera ondorioztatu du: interes orokorreko helbururik ez duela, frankismoaren ikuspegi positiboa modu agerian» egiten duela eta, finean, fundazioaren jarduerak «bateraezinak direla» indarrean dagoen legediarekin.
Hori ez ezik, Kultura Ministerioak ohartarazi duenez, Memoriaren Legea urratzen dituen beste irizpide batzuk ere betetzen ditu fundazioak: frankismoaren apologia egitea, biktimak gutxiestea eta umiliatzea, eta gorrotoa eta indarkeria bultzatzea. Franco fundazioak argitaratutako artikulu batzuk jarri ditu horren erakusle: La mentira de los niños robados del franquismo (Frankismo garaian lapurtutako umeen inguruko gezurra). Ministerioaren arabera, artikulu horiek diktadurak zabaldu zuen «errepresioaren garrantzia gutxitu edo ukatzen» dute. Gernikako bonbardaketa eta suntsiketa ere zalantzan ipini ditu fundazioak.Â
Kautelazko neurriak
«Behar adina proba esanguratsu» jaso ostean, Espainiako Gobernuaren iritziz, epaileak ez du entitate frankista desegitea beste aukerarik.
Prozedura judizialak bederatzi hilabeteko epea aurreikusten du ebazpena emateko, baina gobernuak jakinarazi du kautelazko neurriak eskatuko dituela prozedura ebatzi bitartean fundazioaren jarduera mugatzeko edo eteteko.
Franco fundazioak argudiatu izan du legez kanpo uztea konstituzioaren kontrakoa izango litzatekeela, adierazpen askatasuna urratuko lukeelakoan. Espainiako Gobernuak, ostera, zehaztu du fundazio batek onura fiskaletarako eskubidea duela, eta entitate horrek ez luke hori izan beharko.
 
     
    