Ikasleak ez dira «apurrekin» kontentatuko, eta protesta egiten jarraituko dute. Frantziako Gobernuak hezkuntza sistemako arazoei adabakia jartzeko presazko hainbat neurri iragarri baditu ere, ikasleen elkarteek salatu dute neurri horiek «apurrak» baino ez direla. Hortaz, manifestazioekin jarraitzen dute, eta gaurko antolatu dute Bosgarren ekinaldia deritzotena. Gaur jada berrehun ikastetxe baino gehiago blokeatu dituztela jakinarazi du gobernuak. Sindikatuen datuen arabera, 480.000 manifestari izan dira lizeotarren mobilizazioei gaur batu zaizkienak; Poliziaren arabera, berriz, 161.500.
Frantziako ikasleen sindikatu nagusiaren arabera estatuko unibertsitateen %90 itxita edo blokeatuta daude. Frantziako hiri nagusietan egin dituzte protestak, baita Ipar Euskal Herrian ere. Marseillakoa, esaterako, amaitu da. Zenbait milaka pertsona elkartu dira bertan, eta ez da istilurik izan. Bai, aldiz, Lyonen. Han ere milaka herritar atera dira kaleetara, eta Polziak negar gasa erabili du une batzuetan. Nantesen ere negar gasekin geldiarazi du Poliziak ikasleen mobilizazioa.
Ez gaituzte entzuten; bila joango gara lelopean ari dira protesta egiten Parisen. Arratsaldeko ordubietan abiatu dute manifestazioa, eta Matignon jauregitik hurbil amaituko da —Frantziako Gobernuaren egoitza da Matignon—. Han da, besteak beste, Greta Thumberg ekintzailea. Goizean, Saint Denis auzoko ikastetxe bateko protestan hartu du parte.
Iraileko azken astean egin zuten ikasleen elkarteek lehen protesta deialdia, eta gaurkoa bosgarrena izango da. Halere, egunero-egunero dozenaka ikastetxe blokeatu dituzte azken asteetan Frantzian zehar. Gobernuaren arabera, ordea, protestak «indarra galtzen» ari dira. Edouard Geffray Hezkuntza ministroak France Inter irratian esan duenez, aurreko astearteko deialdian 256.000 ikasle aritu ziren protestan estatu osoan; ostegunekoan, aldiz, 71.500. Gobernuak emandako datuen arabera, blokeatutako eskola kopuruak ere behera egin du: 800 izan ziren aurreko asteartean, 224 ostegunean, eta 214 gaur.
Hezkuntza ministroak aurreko astean iragarri zuen ordezko 3.000 irakasle kontratatuko dituela irakasle falta handiena duten ikastetxeetako arazoa konpontzeko. Irakasle falta da ikasleek salatu dituzten arazoetako bat. Gainera, gobernuak esan du behin-behineko beste mila lanpostu sortzekoa dela.
Neurri horiek, baina, ez dituzte estaltzen hezkuntza sistemak dituen hutsuneak. Eta ikasleek protestan jarraituko dute; are, manifestazioei hauspoa eman nahi diete. Datorren larunbaterako, beste mobilizazio egun bat antolatu nahi dute; orduantxe hasiko dute udazkeneko oporraldia. Eta protesta deialdi horretara batu daitezke hezkuntzako langileak ere. Lehenik bigarren hezkuntzako ikasleak hasi ziren protestan; geroago egin zuten bat unibertsitatekoek; eta, orain, irakasleak eta hezkuntzako bestelako langileak ere batzeko deialdiak zabaltzen ari dira sare sozialetan.
Atzo, Emmanuel Macron presidenteak dei egin zuen manifestazioak «lasaiak eta ordenatuak» izan daitezen. Eta gaineratu zuen ikasleen eskaerei erantzuteko denbora behar dela.
Aurreko asteko protestetan, Polizia manifestariei oldartu zaie, eta agenteek erabilitako indarkeria salatu dute ikasleek, baina baita oposizioko alderdiek eta beste estatu batzuetako gobernuek ere. Parisek esan du ezker «erradikala» dagoela protesten atzean.