Gaur jakingo da Marine Le Pen eskuin muturrekoak Frantziako presidentetzarako bozetan parte hartu ahal izango duen. Iazko martxoan, Parisko Zigor Auzitegiak Europako Parlamentuko funtsak desbideratzea leporatu zion Le Peni, eta, besteak beste, bost urteko inhabilitazioa eta lau urteko kartzela zigorra ezarri zizkion. RN Batasun Nazionaleko liderrak helegitea jarri zion, eta gaur emango dute azken epaia. Espero da 13:30 inguruan emango dutela erabakiaren berri.
2004tik 2016ra bitartean Europarlamentuko funtsak desbideratzeagatik kondenatu zuten Le Pen, baita RNko —lehen FN Fronte Nazionala— beste 24 alderdikide ere. Akusazioaren arabera, alderdiko langileei ordaindu zieten funts horiekin. Zigor Auzitegiak zehaztu zuen guztira 4,6 milioi desbideratu zituela; Europako Parlamentuak, berriz, salatu zuen 6,8 milioi desbideratu zituela. Fiskaltzak Le Pen erruduntzat jotzeko eskatu dio Frantziako azken instantziako epaitegiari. «Lehen auzialdiko erantzukizun penala erabat berresteko eskatuko dugu, eta, jakina, hautaezintasun zigorra ere eskatuko dugu», adierazi zuen Thierry Ramonatxo fiskalak otsailaren 3an.
Zundaketen arabera, RN alderdiko burua da hautagai nagusia datorren urteko apirilaren 18an egitekoak diren presidentetzako bozetara aurkezteko eta Emmanuel Macronen lekukoa hartzeko. Zigor Auzitegiak Le Penen aurka ebazten badu, ordea, eskuin muturreko presidentegaiak ezingo du parte hartu. Hala balitz, lehen aldiz Le Pen familiakoa ez den presidentegai bat edukiko luke RNk.Â
Jean-Marie Le Penek sortu zuen alderdia, Marine Le Penen aitak, 1972an. Le Pen aita sei aldiz aurkeztu zen presidentetzarako bozetara, eta alaba beste hirutan izan da RNko hautagai. Azken bietan, 2017an eta 2022an, Marine Le Pen bigarren itzulira igaro zen, baina bietan Macron nagusitu zitzaion.
Ordezkoa ere faborito
Gaur, auzitegiak RNkoaren inhabilitazioa berresten badu, Jordan Bardella izango da eskuin muturreko alderdiaren hautagaia datorren urteko bozetan. Bardella da alderdiko presidentea, eta, inkesten arabera, Le Penek berak baino emaitza hobeak lortu ditzake presidentetzarako bozetan. Halere, ez batak ez besteak ez lukete lortuko bozen erdia baino gehiago apirilaren 18an; hortaz, bigarren itzulia egin beharko lukete maiatzaren 2an. Orduan heldu daitezke arazoak RNrentzat. Izan ere, lehen itzulian bozkatuenak izanda ere, hainbat inkestaren arabera, bigarrenean posible da zentroko hautagairen bat nagusitzea.
Iazko martxoan, epaiaren berri eman zutenean, «erabaki politiko bat» izan zela salatu zuen Le Penek: «Lehen auzialdiko epaile batek boz presidentzialetarako hautagai nagusiaren alde bozkatzeko aukerarik gabe utzi ditu milioika frantziar». Atzo, azken instantziako epaitegiak erabakiaren berri eman bezperan, Bardellak sare sozialetan adierazi zuen ezerk ez duela justifikatzen Le Peni bozetan parte hartzea debekatzea, eta alderdiko buruak bere babes osoa duela.