Frantzian protestan ari dira beste zapatu batez

Ikasleek unibertsitateak eta lizeoak «blokeatzeko» deia egin dute etziko, eta manifestaziora deitu dute datorren ostegunerako; sindikatuek greba orokorrera deitua dute egun horretarako.

Parisen gaur egin duten mobilizazio bat. FIRAS ABDULLAH / EFE
Parisen gaur egin duten mobilizazio bat. FIRAS ABDULLAH / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko urriaren 31
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hirugarren zapatuz jarraian, protestara deitu dute Frantziako hiri nagusietan, bizitzaren garestitzea salatzeko, murrizketen kontra egiteko eta zerbitzu publikoak sendotu ditzatela exijitzeko. Guztira 150 manifestazio daude antolatuta gaurko, eta sindikatuek Parisen eguerdirako deitu dutena ez da erdigunetik igaro: Bagnoleteko Atetik atera da, eta ez Bastilla Plazatik; «segurtasun» arrazoiak argudiatuta, Frantziako Gobernuak eta Poliziak helegitea jarri dute bart, manifestazioaren ibilbidea aldatzeko, eta hala erabaki du gaur Estatu Kontseiluak.

Barne Ministerioak arratsaldean eman dituen datuen arabera, 320.000 lagun atera dira kalera estatu osoan, eta 70.000 Parisen, hiriburuko Poliziak jakinarazi duenez; manifestarien arabera, berriz, milioi erdi lagunek egin dute protesta estatu osoan, eta 200.000k Parisen.

Aurreko asteetan bezala, Jean-Luc Melenchon Frantzia Intsumisoa alderdi ezkertiarreko liderrak parte hartu du mobilizazioetan: «Modu baketsuan manifestatzeko eskubideak bizirik jarrai dezala nahi dugu, macronismoa autoritarismorantz baitoa, eta eskuin muturrak herrialdea atentatu mehatxupean jarri nahi baitu», adierazi du sare sozialetan. 

Ikasleen antolakundeek deia egin dute asteartean unibertsitateak eta lizeoak «blokeatzeko», eta protestara deitu datorren ostegunerako: «Manifestazioak eta martxa bakezaleak debekatu nahi badituzte astero-astero; erakutsiko diegu oker daudela, baita gure eskaerak legitimoak direla ere», esan du Sabrine Kharbach Frantziako Ikasleen Batasun Nazionaleko bozeramaileak, Le Monde egunkariak jaso duenez.

Bi asteko oporraldia izan dute hezkuntzan, eta ikasleak etzi itzultzekoak dira eskoletara; bada, Edouard Geffray Hezkuntza ministroak asteon adierazi du «erabateko lehentasuna» dela hori: ikasleak eskoletara itzul daitezela. Bart gutun bat igo zuen sare sozialetara, eta Eliseoak hartutako zenbait erabakiren berri eman: besteak beste, datorren ikasturtetik aurrera ikasgeletan 28 ikasle egongo direla gehienez lizeoen erdietan, eta hurrengo ikasturtetik aurrera, lizeo guztietan; eta baxoaren ondoko ikasketak bideratzeko erabiltzen duten Parcoursup sistema ordezkatuko dutela 2028an.

Neurri horiek ikusita, zera adierazi du Frantziako Ikasleen Batasun Nazionalaren buruak, Fabio Laportek: «Ez dugu papurrik nahi. Pastel osoa nahi dugu».

Ikasleek ostegunerako deitu duten protesta ez da ausazkoa; izan ere, Frantziako sindikatu nagusiek greba orokorrera deitua dute egun horretarako. Joan den astean hartu zuten erabaki hori, Matignonen Sebastien Lecornurekin bildu eta gero; bi ordu eta erdiko bileraren ostean, CGT Lanaren Konfederazio Orokorreko zuzendari nagusi Sophie Binetek esan zuen lehen ministroak ez zuela «inolako neurririk» iragarri bizitzaren garestitzeari-eta kontra egiteko: «Gure aldarrikapenak ez dituzte aintzat hartu».

«Desordena publikoa»

Aurreko asteetan bezala, protestak indarkeriarekin lotzen saiatu da gobernua: Laurent Nuñez Barne ministroak egunotan esan du «desordena publikoa gertatzeko arrisku handia» egongo dela, eta Halloween egunaren aitzakiaz «iraultza» hauspotzen duten deialdiak ikusi dituztela sare sozialetan. Beste behin, 70.000 agente mobilizatu dituzte gaurko protestetarako.

Halloween eguna denez gero, Poliziak ohartarazia du manifestariek ezin dutela aurpegia estalita egon; izan ere, Frantziako legediak debekatu egiten du hori, eta 1.500 eurora arteko isunak aurreikusten ditu. Dena den, egon da mozorrotuta atera den manifestaririk.

Bi manifestari maskara bana jantzita, gaur, Parisen. FIRAS ABDULLAH / EFE
Bi manifestari maskara bat jantzita, gaur, Parisen. FIRAS ABDULLAH / EFE

Parisen etxeratze agindua ezarriko dute 23:00etatik 06:00etara, bai gaur eta baita bihar ere; Errepublikaren Plazari eta Les Halles auzo inguruari eragingo dio agindu horrek. Gainera, 21:00etatik aurrera, tutoreren batekin ez dauden adingabeek ezingo dute Eliseoko Zelaietan egon.

Alemaniako gazteak ere protestan

Aldarriak heldu dira Alemaniara ere: Gen Z Regelt mugimenduak deituta, gaur manifestazioak egin dituzte herrialdearen luze-zabalean. Hezkuntza dute ardatz, baita zerbitzu militarrari uko egitea eta klima larrialdiari aurre egiteko neurriak exijitzea ere. Veronika Dinter bozeramaileak Deutschlandfunk irrati publikoan salatu du «biolentziaren narratiba» hauspotu dutela manifestarien kontra, zertarako eta gazteen eskakizunei «jaramonik ez egiteko».

Poliziak esan du baketsuak izan direla protestak. Eman dituen datuen arabera, 650 lagun bildu dira Berlingo Brandenburgoko Atean; Frankfurten 1.500 lagunek baino gehiagok egin dute protesta Europako Banku Zentraletik gertu; 2.500 inguru kalera atera dira Friburgon. Ehunka ere atera dira beste hiri batzuetan.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA